Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Hondarribia

Web edukia bistaratu
Habiaratutako portletak
Habiaratutako portletak
Eduki publikatzailea
Atzealdea

ANE GARCIA

2021·06·18
Nahiz eta bere lana sareetan ez duzun ikusiko, leku askotan aurkitu dezakezu gure hurrengo artistaren obra, ez galdu Ane Garciaren elkarrizketa:

  1. Zure burua aurkeztu Ane Garcia:

Ane Garcia Lopez naiz, 26 urteko hondarribiarra. Musika, literatura eta dantza gustatu izan zaizkit beti, eta hiru horien bueltan ibiltzen naiz. Musikari bezala, Lurra taldean ibili nintzen bere garaian. Nire poesiari dagokionez, hainbat testu argitaratu ditut Lekore aldizkarian, Izotzetan islatuak eta Liberoamericanas. 140 poetas contemporáneas antologietan. Literatur lanak nire amonen abizenekin (Lurdes Zubeldia eta Maxi Magriña) sinatzen ditut. Itzultzailea naiz ogibidez, eta June Jordan euskaratu nuen 2020an (Munduko Poesia Kaierak). Oraintxe bertan proiektu berriei forma ematen ari naiz, poliki eta disfrutatzeko helburuarekin.

  1. Zure burua Hondarribiko gazte artistatzat / ekintzailetzat duzu? / Zure ogibidea da (lana) zure sorkuntza lanaren emaitza?

Bai, Hondarribikotzat dut nire burua. Momentu honetan ez naiz Hondarribian bizi, baina oso presente daukat beti. Uste dut beti baldintzatzen gaituela gure jatorriak, ikuspuntu konkretu bat ematen digulako, eta ni Hondarribin jaio izanak utzi ditu hainbat arrasto nere lanetan, irudi aldetik, influentzia aldetik… Hala ere, beti begiratu izan dut kanpora, hemendik kanpoko musikari eta idazleak ezagutzeak asko lagundu izan dit, baita beste hizkuntza batzuetan irakurtzeak ere.

Nire ogibidea ez da nire sorkuntza lanaren emaitza, ez. Baina ez dakit nahiko nukeen ere. Gaur egun musikatik edo literaturatik bizitzea oso zaila da, eta hala egin ahal izateko zure burua gustatzen ez zaizkidan modu askotan saldu behar duzu (Instagramen oso presente egon, denbora guztian produktu berriak eskaini, irudia zaindu…). Ez dakit horretarako prest egongo naizen inoiz. Eta gainera, autobonboa egiten oso txarra naiz, ingurukoek beti esan izan didate.

 

  1. Hondarribia herri txiki-ertaina izanik artearekin harreman estua du. Nola baloratzen duzu hau?

Hondarribiak arteekin harremana du, bai, baina arte modu konkretu batzuekin. Ez zait iruditzen arte apurtzailea bereziki baloratzen duen herria denik, adibidez. Herri erosoa da, ederra eta lasaia, eta artearekiko duen harremanean ere nik uste hori gailentzen dela.

Hala ere, esan behar dut literatura sustatzen, adibidez, funtzio garrantzitsua bete duela Bordari eta Satarka sariketak. Ni hor hasi nintzen idazten. 2020ko ediziorik ez zen izan, eta udalak ez zuen horren inguruko azalpenik eman. Pena litzateke ez jarraitzea.

Era berean, Psilocybe bezalako espazio batek ere lekua ematen dio musikari eta musikariei. Hala ere, esango nuke orokorrean aniztasun pixka bat falta dela espazio horietan ere, genero aldetik batez ere.

 

  1.  Zure sormen lanak publiko jakin bat du edota zein publikori bideratzen diozu?

Orain arte egindako lanari ez diot behar zuen garrantzia eman, agian beldurragatik. Eta gero agian ikusi dut iritsi dela, jendeak esan didanean kanta edo poema bat asko gustatu zaiola. Eszenatokian beti egon naiz eroso, baina ez dut konfiantza haundirik izan nire ahalmenean, eta hemendik aurrera, publikoki zerbait egiten dudan egunean, gustatuko litzaidake espazioa behar bezala hartzea. Horretan asko lagundu dit beste emakume musikari batzuk ezagutzeak, eta konturatzeak askotan konfiantza falta hori inguru erabat maskulino batean egoteak dakarren zerbait dela.

Uste dut nire lanarekin gehiago konektatuko duela gauza txiki eta sakonak gustatzen zaizkion norbaitek, hitzei garrantzia ematen dien norbaitek. Ez dut uste gauza bereziki komertzialak egiteko gai naizenik, eta hori ez da nire helburua ere.

 

 

5. Zer esango zenioke Hondarribiari?

 

Desberdinari eta arautik ateratzen denari lekua egiten ez badio, oso atzean geratuko dela. Edertasunetik eta tradiziotik harago gauza asko daudela. Herriak duen potentziala soilik eremu konkretu batzuei lotuta esplotatzen da (turismoa, batez ere), bertako jendeak garatu litzakeen gaitasunen kaltetan. Herria deseroso sentiaraztea gustatuko litzaidake, uste dut ondo etorriko litzaiokeela irudi ideal hori pixka bat zikintzea.