Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Datorren azaroan Hondarribian egingo den Amua musika film laburren festibalaren laugarren edizioaren aurrerapen gisa, aurten lehen aldiz 16 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako musika bideoak grabatu eta editatzeko tailer bat antolatu da.
90 minutuko hiru klasetan banatutako formakuntza izango da, eta euskara hutsean burutuko da irailaren 14an eta 28an eta urriaren 12an, Hondarribiko Kultur Etxean.
Anuska Ariztimuño ikus-entzunezko errealizadore ezagunak eskainiko du tailerra. Audi, Movistar edo BMW bezalako marka ospetsuentzako pieza komertzialak zuzentzeagatik da ezagun Ariztimuño, baita egungo musika eszenako taldeentzako hainbat bideoklip egiteagatik ere.
Tailerrak izaera praktikoa izango du, eta mugikorraren erabilera izango du ardatz. Parte-hartzaileek mugikorren ikusizko aukerei etekina ateratzen eta horiek musika piezak grabatzeko erabiltzen ikasiko dute. Gainera, hirugarren klase praktikoan bideoak grabatu eta editatzeko aholkuak jasoko dituzte.
Gainera, tailerrean egingo diren grabazioen emaitza Amua Jaialdian ikusi ahal izango da azaroaren 16an, eta 500 euroko saria eskuratzeko aukera izango da.
Tailerrak bederatzi lagunentzako tokia du eta izena emateko epea zabalik egongo da irailaren 9ra arte. Izena emateko, mezu elektroniko bat bidali behar da mcarton@hondarribia.eus helbidera, gaiaren izenburuan ‘Bideosormen tailerra’ adierazita. Mezuan parte hartu nahi duen pertsonaren izena eta NANa adierazi behar dira. Gainera, adina egiaztatu behar da. Izena ematen duten lehenengo bederatzi pertsonak tailerrean onartutakoak izango dira, eta gainerako hautagaiak itxarote-zerrenda batean sartuko dira.