Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea AMUA jaialdiak nazioarteko musikaren eta bertako sortzaileen arteko zubiak eraikiko ditu seigarren edizioan

AMUA musika-film laburren jaialdiak seigarren aldiz zabalduko ditu ateak azaroaren 12tik 15era, Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean. Lehen aldiz, lau eguneko egitaraua izango du jaialdiak. Musika-film laburren proiekzioak, zuzeneko emanaldiak, zinema-saioak, artistekin solasaldiak eta bestelako jarduerak bilduko ditu, musikaren eta ikus-entzunezko sorkuntzaren arteko harremana ardatz hartuta.
AMUA Kultur Elkarteak antolatzen du jaialdia, Hondarribiko Udaleko Kultura Departamentuaren laguntzarekin. Radio 3, EITB, Keler eta El Diario Vasco dira aurtengo babesleak.
Ortzi Alonso kultura zinegotziak egitarauaren aniztasuna eta jaialdiaren izaera irekia azpimarratu ditu. “Herritik mundura eta mundutik herrira” begiratzen du AMUAk, haren esanetan. Tokiko sortzaileen ekarpena eta nazioarteko artisten presentzia uztartzen ditu jaialdiak: “Hondarribiko Musika Bandak eta Aiora Renteria musikariak hartuko dute parte, besteak beste, eta The Molotovs talde britainiarraren etorrerak nazioarteko oihartzuna emango dio aurtengo edizioari”. Alonsok, halaber, AMUA Kultur Elkartearen lana eskertu du, jaialdiari berezko nortasuna emateagatik eta urtez urte erakusten duen konpromisoagatik.
Hamaika film labur Sail Ofizialean
Musika-film laburren Sail Ofizialean hamaika lan lehiatuko dira. Antolakuntzak 37 proposamen jaso ditu, eta horien artean hautatu ditu jaialdian erakutsiko direnak. Bi saiotan ikusi ahal izango dira: azaroaren 12an, ostegunean, eta hilaren 13an, ostiralean, biak ala biak 19:00etan. Ostiraleko saioan, gainera, AMUA EITB Bideoklip Lehiaketa 2026ko sei lanak ere emango dituzte.
Ikusleek beren film labur gogokoena aukeratu ahal izango dute, Ikusleen Saria erabakitzeko. Epaimahaiak, berriz, film labur onenaren saria nori eman erabakiko du. Epaimahaikideak Elene Arandia kazetari kulturala, Aitor Arregi zinema-zuzendaria eta Lur Olaizola zinemagile eta programatzailea izango dira.
Film luzeen atalean, Baz Luhrmannek zuzendutako EPiC: Elvis Presley in Concert dokumentala ikusteko aukera izango da azaroaren 14an, larunbatean, 22:00etan. 2025ean egindako lan horrek Elvis Presleyren Las Vegaseko urteak ditu hizpide, artxiboko irudiak eta ordura arte argitaratu gabeko grabazioak oinarri hartuta.
The Molotovs, nazioarteko izar gonbidatua
Musikari dagokionez, askotariko doinuak izango dira aurten AMUAn. Rocka, Kubako musika tradizionala eta zinemako soinu-banda ezagunak entzuteko aukera izango dute jaialdira hurbiltzen direnek.
Azaroaren 12an emango diote hasiera jaialdiari, Radio 3ko El Sótano irratsaioaren zuzeneko grabazioarekin. Diego RJk aurkezten duen saioan, Javier Sun musikari donostiarra elkarrizketatuko dute lehenik. Gipuzkoako mod musikaren ordezkari ezagunenetako bat da Sun. Elkarrizketaren ostean, The Molotovs talde britainiarrak joko du.
Londresen sortutako talde gazteak sona handia hartu du nazioarteko musika-eszenan. The Libertines eta Iggy Pop artistekin partekatu du agertokia, eta Green Dayren zein Paul Wellerren babesa ere jaso du. Marshall Recordsen eskutik kaleratutako lehen diskoa Erresuma Batuko disko-zerrenda ofizialetako hirugarren postura iritsi zen. Europan barrena egiten ari den biraren barruan helduko da Hondarribira; beraz, taldearen bisitak nazioarteko oihartzuna emango dio AMUAren seigarren edizioari.
Hurrengo egunean, azaroaren 13an, ostiralean, El Combo Batanga igoko da agertokira, 22:00etan. Kubako musika tradizionalaren eraginpean sortutako bederatzi musikarik osatzen dute taldea. Boogalooaren eta soul latinoaren doinuak uztartzen dituzte, erritmo biziko eta dantzarako gonbita egiten duen musika eskaintzeko. Kontzerturako sarrerak hiru euro balioko du.
Larunbatean, hilaren 14an, Hondarribiko Hiria Musika Bandaren txanda izango da, 19:00etan. Zinemaren historiako soinu-banda ezagunenetako batzuk joko dituzte, Oscar sariak irabazitako filmen musikak tartean. Besteak beste, Otsoekin dantzan, Star Wars eta Eraztunen Jauna filmetako doinuak entzungo dira. Kontzertuaren amaieran, AMUAko film labur eta bideoklip onenak sarituko dituzte.
Zinema eta musika, publiko guztientzat
Kontzertu eta proiekzioez gain, adin eta interes desberdinetako ikusleei zuzendutako hainbat jarduera ere antolatu dituzte.
Azaroaren 13an, ostiralean, 10:00etan, Hondarribiko ikastetxeetako ikasleentzat bereziki prestatutako musika-film laburren emanaldia egingo dute. Ekimenaren bidez, gazteak musika eta zinema uztartzen dituen ikus-entzunezko adierazpide horretara hurbildu nahi dituzte.
Larunbatean, hilaren 14an, biniloen zaleek ere izango dute hitzordurik. AMUAren Binilo Azoka Itsas Etxearen sarreran egingo dute, 11:00etatik 20:00etara. Sarrera doakoa izango da, eta hiru dendak jarriko dituzte salgai biniloak, kaseteak eta CDak.
Igandean, azaroaren 15ean, amaituko da jaialdia, MUSIKEROA saioarekin. 18:00etan hasita, Joseina Etxeberriak Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslaria elkarrizketatuko du. Haren ibilbide musikala eta bizipen pertsonalak izango dituzte hizpide, abesti hautatuen bidez. Renteriak, gainera, hainbat kantu zuzenean joko ditu, eta bere disko berriko bideoklipa estreinatuko du. Saioak hiru euroko prezioa izango du.
Sarrerak eta gonbidapenak
Jaialdiko emanaldietarako sarrerak eta gonbidapenak azaroaren 2tik aurrera eskuratu ahal izango dira, Itsas Etxeko leihatilan, Arma Plaza Kultur eta Turismo Informazio gunean eta amua.eus webgunean.
Egitaraua
Azaroak 12, osteguna
- 19:00: Musika-film laburren Sail Ofizialeko lehen emanaldia.
- 20:00: Radio 3ko El Sótano saioaren zuzeneko grabazioa, Javier Sunekin elkarrizketa eta The Molotovs taldearen kontzertua.
Azaroak 13, ostirala
- 10:00: Hondarribiko ikastetxeetako ikasleentzako emanaldia.
- 19:00: Musika-film laburren Sail Ofizialeko bigarren emanaldia eta AMUA EITB Bideoklip Lehiaketako lanen proiekzioa.
- 22:00: El Combo Batangaren kontzertua (3 euro).
Azaroak 14, larunbata
- 11:00-20:00: AMUAren Binilo Azoka (sarrera doakoa).
- 19:00: Hondarribiko Hiria Musika Bandaren kontzertua eta sari-banaketa.
- 22:00: EPiC: Elvis Presley in Concert dokumentalaren emanaldia.
Azaroak 15, igandea
- 18:00: MUSIKEROA saioa, Aiora Renteriarekin eta Joseina Etxeberriarekin (3 euro).