Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Alderdi guztiek aho batez onartu dute HAPO berriari buruzko ebazpena

Atzoko Ezohiko Osoko Bilkurak, Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra baliogabetzearen ondorioei buruzko puntu bakarrarekin, aho batez eta EAJ, ABOTSANITZ, PSE-EE eta EH BILDUren aldeko botoekin erabaki zuen "Hiri Antolamenduko Plan Orokor Berriaren idazketak kontuan har ditzala egoera eta arau berriak, herritarren parte hartzea, gomendio teknikoak eta erabaki politikoak, eta irizpideak eta helburuak ezar ditzala ikuspegi holistiko eta etorkizunekoarekin. Arau berriak hirigintza-plangintza modernoa, jasangarria, adeitsua eta bidezkoa definitu beharko du".
Bilera ia ordu eta erdiz luzatu zen, eta ABOTSANITZ, PSE-EE eta EH BILDUk sustatu zuten, eta 2017ko ekainean Udalak onartutako HAPOren baliogabetzea eta haren eraginak izan zituen hizpide.
Txomin Sagarzazu Alkateak nabarmendu duenez, "atzoko saioaren helburu nagusia eskura dugun informazioa partekatzea zen, baina ez bakarrik Osoko Bilkura honetan, baizik eta baita batzorde edo bilkura monografikoetan ere, besteak beste. Argi utzi nahi dut Udalaren web orrian herritarrek eta interesa duen edonork beharrezko informazio guztia duela. Eskerrak eman nahi dizkiet alderdi guztiei bere jarreragatik eta espero dut elkarrekin lan egiten jarraitzea" dio Sagarzazuk.
ABOTSANITZek nabarmendu duenez, "oposiziotik mugitu behar izan gara Gobernu Taldea era berean mugitzen hasi dadin. HAPOren baliogabetzeak Montañenean izan ditzakeen eraginei eta promozio askori buruz galdetu dugu. Eskertzen dugu osoko bilkura hau egitea, herritarrei lehen eskutik erantzuten baitzaie, proiektu asko nola geratzen diren galdetu digute eta".
"Zaldunbordako outletaren egoera, zabortegiaren zigilatzea, eraikuntza lizentzien egoera, eta orain arte salaketarik egon den ala ez" galdetu zuen PSE-EEk. Azken honi ezezkoa erantzun zion Alkateak.
EH BILDUk gaineratu zuenez, "baztertuak sentitu gara. Oposizioko hiru alderdiek osoko bilkura bat eskatu behar izan dugu, eta, gainera, HAPO berriaren herritarren parte-hartze plana martxan dagoela jakin izan dugu prentsaren bidez".
Azkenik, EAJk esan zuen "etengabe exijitzen zaigu autokritika egitea, baina badirudi guk bakarrik egin behar dugula. Bitxia da gardentasunaz hitz egitea, gobernu-taldeak Osoko Bilkura hau egiteko eskaeraren berri erregistro elektronikoaren bidez izan zuenean, bozeramaileekin hainbat bileratan parte hartu dugunean eta eskaera zuzenean aipatzeko gai izan ez direnean. Gaurko saioa positiboa da guztiontzat eta lanean jarraituko dugu, HAPOren baliogabetzea oso albiste txarra dela jakinda".