Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Alde Zaharreko hainbat aparkaleku berrantolatu dira, segurtasuna eta espazioaren eraginkortasuna hobetzeko

Hondarribiko Udalak Alde Zaharreko aparkalekuetan hainbat aldaketa egin ditu, segurtasuna indartzeko, bizilagunen erosotasuna bermatzeko eta espazio publikoaren erabilera eraginkorragoa sustatzeko helburuarekin.
Aldaketa nagusietako bat Uria Harresia kaleko 14 eta 16 zenbakien parean zegoen motoentzako aparkalekua lekualdatzea izan da. Gune horretan autoentzako bost aparkaleku sortu dira, eta motoentzako eremu berria metro gutxi batzuetara kokatu da, San Nikolas harresiaren ondoko aparkalekuan (Jeneral Leiba kalea). Harresiaren ondoan zeuden autoentzako plaza batzuk motoentzako egokitu dira, espazioaren antolaketa orekatuagoa eta eraginkorragoa lortzeko. Fraxkueneko Murrua kalean ere, Egiluze Ikastetxearen atzealdean, motorrentzako aparkaleku berria egokitu da.
Iñaki Vielba Udaltzain buruak azaldu duenez, egindako aldaketekin ez da aparkaleku plazarik galdu, ez autoentzat ez motoentzat. “Aitzitik, motoentzako plaza kopurua handitu da, eta espazioaren banaketa modu orekatuagoan antolatu da”, nabarmendu du. Halaber, kokapen berriak irisgarritasuna eta erabiltzaileen erosotasuna hobetuko dituela azpimarratu du: “Orain arte, harresiari itsatsita aparkatzeko, askotan auto-gidariek maniobra ugari egin behar izaten zituzten; antolaketa berriarekin, egoera hori erraztuko da”.
Egokitzapen horiek segurtasun irizpideei erantzuten diete, Alde Zaharreko kale estuek “larrialdi-egoeretan irisgarritasun arazoak sor baititzakete, bereziki anbulantzien, suhiltzaileen eta bestelako larrialdi-zerbitzuen joan-etorriak oztopatuz”. Hori dela eta, Udaltzaingoak ohartarazi du aurrerantzean Alde Zaharreko kaleetan aparkatzen duten moto-gidariek horretarako baimendutako aparkalekuetan egin beharko dutela, segurtasuna eta ibilgailuen fluxua bermatzeko.
Era berean, egindako aldaketek bizilagunen ongizatea hobetzea dute xede. Izan ere, motoentzako zenbait aparkaleku etxebizitzen atarien parean kokatzen ziren, bereziki San Nikolas eta Juan Laborda kaleen inguruan, eta ibilgailu horiek sortzen duten zaratak eragin nabarmena zuen bertako bizilagunen atsedenean.

