Gaurkotasuna
AISIALDIKO EKINTZAK ELKARLANEAN ERAIKITZEN
2023·01·20
Saindua Gaztelekuko eta Prebentzio Komunitarioko hezitzaileen laguntzarekin burutu zen ekintza azaroaren 12an. Antolakuntzan parte hartutako Gorka Sanchez, Mattin Gojenola, Iñigo Maritxalar, Joar Laka, Eneko Elduayen, Hodei Enparan, Julen Zapian, Liher Hernandez, Adrian Gonzalez, Jon de Liras, Alejandro Marqueze, Aimar Arocena eta Eneko Lasalde bildu eta bizitako esperientzia kontatu digute:
- Zerk bultzatu zintuzten horrelako egun bat antolatzera?
Gehiengoari futbola gustatzen zaigu eta arratsalde batean txapelketa aurrera eramateko proposamena egin genuen. Beste batzuk zesta punta jokatzen dugunez, tailerra egitea ere aukera ona iruditu zitzaigun kirol hau zabaltzeko helburuz.
- Nola moldatu zarete antolakuntzan? Zer pausu eman zenituzten, zeintzuk izan ziren faseak?
Hasiera batean antolakuntza taldea osatu eta egin beharreko urratsak zeintzuk izango ziren zehaztu genituen bi bilera bitartez. Behin zer kirol egingo genituen finkatuta, lan taldeetan banatu ginen kirol bakoitzaren beharrez hausnartzeko.
Hainbat urrats egin genituen: kirol bakoitzeko fitxa teknikoa eraiki, ekintzaren diseinua egin, beharrezko materiala zerrendatu, kartela diseinatu, kirol espazioko erabilerarako udalari baimena eskatu, herrian zeharreko difusioa garatu, eta izen-ematearen kudeaketa egin eta gero, txapelketaren antolakuntza espezifikoa burutu.
Dena biltzeko momentuan, materialari dagokionez batez ere, Hondarribiko pilota eskolarekin jarri ginen harremanetan bertako zestak eta materiala erabili ahal izateko.
- Zeintzuk izan dira zuentzat zailtasun nagusienak?
Eskoletako difusioa pixka bat konplikatu zitzaigun, eskola guztietatik eta DBHko geletatik pasa behar ginelako. Gainera, antolakuntzako taldean pertsona dezente ginenez, denak elkartzeko data bat finkatzea kostatu zaigu. Behin, izen-emate epea zabalduta, jendea ekintzara apuntatzea kostatu zen eta guri ere gazteak hontara animatzea zaila egin zitzaigun.
- Jende asko elkartu zen txapelketa eta ikastaroko egunean?
Bai, txapelketako izen emateaz gain jende asko gerturatu zen ikustera, espero baina jende gehiago, txapelketak aurrera egin ahala publikoa bikoizten joan zen. Ikastaroaren kasuan, aldiz, jende gehiago hurbildu izana gustatuko litzaiguke. Hala ere, horrek ikastaroa hobeto garatzeko aukera eman zigun. Laburbilduz, etorri zen jende kopuruarekin gustura egon ginen.
- Egunean bertan ere zuek partaidetza edo paper berezia izan zenuten?
Bai, futbol txapelketan talde moduan parte hartzeaz gain, batzuk zesta puntako irakasle gisa ere aritu ginen. Beste batzuk, aldiz, futbol partiduetan epaile moduan aritu ginen.
- Zer ikasi duzue esperientzia honen bitartez?
Horrelako ekintzen atzean prozesu nahiko luzea dagoela, ezin dela egunean bertan dena antolatu eta aurreikuspenarekin antolatu beharra dagoela.
Erronka moduan, partidu batzuk ere egokitu behar izan ditugu, partaide guztiak kontutan hartu eta baldintza berean jokatu ahal izateko. Horrek buruhauste batzuk ekarri dizkigu baina ondo erantzun dugula uste dugu.
Bestalde, zerbaitekin lanean jartzen garenean, aurrera egin eta emaitza onak ateratzeko gai garela ikasi dugu.
- Aurrera begira eta antolatutako ekintza honen arrakasta ikusita, gazteentzako beste ekintzaren bat antolatuko zenukete? Eta zer hobetuko zenukete?
Dinamizatzaile moduan berriro ere parte hartuko genuke, nahiz eta lan estra egin beharra dagoen. Emaitza ikusita merezi duela uste dugu. Beste kirolen batekin antolatuko genuke horrelako egun bat: saskibaloia, paddle, hockey, volley, esku pilota…
Baita ere, gazteen artean galdetegi bat egin dezakegu zer beste ekintza antolatzea nahi duten jakiteko. Hobetzeko beste puntu bat, material egokitua behar dugun garaiz aurreikustea izango litzateke.
- Nola sentitu zarete esperientzia hau bizi ondoren?
Pozik, asetuta. Horrelako aktibitate bat egin ondoren, hezitzaileen laguntza askorekin, eta jende askok disfrutatu duela ikusirik, askoz hobe.
- Eskakizun bereziren bat duzue Hondarribiko bizilagunentzat?
Saindua Gaztelekua konpontzea, kartelak jartzeko espazio gehiago jartzea eta herrian zehar kirol gunea areagotzea ondo egongo litzateke.