Gaurkotasuna
Gaurkotasunaren xehetasuna
Agustiña Genuak eta Petra Labordak bere plazak izango dituzte larunbatetik
2022·06·16
Larunbatean, 11:00etan, ekitaldi berezi bat hasiko da Hirigune Historikoan. Horren ondoren, Agustiña Genua Saralegik eta Petra Laborda Zuzuarregik plazak izango dituzte Hirigune Historikoan, Denda kalean hain zuzen ere. Gotzone Larrarte Berdintasun zinegotziak eman du horren berri prentsaurrekoan.
“Aurrera jarraitzen dugu EMEKI Elkarteak aurkeztutako proiektuan. horren bidez, hiriko kale eta plazei emakume izenak jarri nahi dizkiegu. Proposamena bat dator gure Berdintasun Planaren bigarren puntuarekin, eta Gobernu Taldean ere kontutan daukagu, ekimen propio gisa.
Orain arte, hiru inauguratu dira: Sare Konpontzaileen plaza, Martxoak 8 plaza eta, Amuten, Anttoni Etxeberria Mendizabal plaza. Ez da kale edo plaza izenik aldatu, izenik gabeko lekuak izendatu dira, eta, beraz, Hondarribiko kale-izendegia aberasten ari gara. Eta larunbatean beste bi izango dira: Agustiña Genua Saralegi, Merkatu plaza gisa ezagutzen zena, eta Petra Laborda Zuzuarregui, Denda kalearen amaieran, Olazabal parkearen aurrean.
Larrartek nabarmendu zuen “baserrian jaiotako bi emakume zirela, baina bide desberdinak hartu zituztela. Agustiña Genua bere bizitzaren amaiera arte egon zen barazkiak saltzen. Hondarribiarrek asko maite zuten, eta hiriguneko bizilagunek merezitako omenaldia egin genion bizirik zegoelarik”.
Petra Labordari dagokionez, “Sukaldari ezaguna izan zen, 'La cocina práctica por Petra Laborda, cocinera de la antiguo condesa de Santiago' errezeta-liburua argitaratu zuen eta sukaldari gehiagoren prestakuntzan lagundu zuen”.
Larrarte zinegotziak aurreratu zuenez, “Bienvenida Emazabel Susperregi izena dugu, San Pedro eta Santiago kaleen artean dagoen plaza izendatzeko. Udal Batzordean hitz egin da, Emeki Elkartearekin, jai batzordearekin eta Santa Maria Magdalena bizilagunekin lan eginez. Datorren asteko Osoko Bilkuratik pasako da, eta dena ondo ateratzen bada, asmoa uztailean ekitaldi bat egitea da, seguraski auzoko jaietan.