Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Adin eta gustu guztietarako eskaintza, Hondarribiko Jai Nagusietan

Hondarribia jai-giroan murgilduko da datozen egunetan. Abuztuaren 28tik irailaren 14ra, ehun ekitalditik gora izango dira herriko kale eta plazetan, adin eta gustu guztietako herritarrei zuzendutako egitarau zabal eta anitzarekin.
Hondarribiko Udalak gaur aurkeztu du aurtengo Jai Nagusien egitaraua. Proposamenak haurrak, nerabeak, gazteak, helduak eta adinekoak hartu ditu kontuan, eta musika, kirola, tradizioa, kultura, aisialdia, prebentzioa eta parte-hartzea uztartzen ditu.
Ortzi Alonso Kultura zinegotziak nabarmendu du egitaraua ez dela Udalaren bakarkako lana izan. Hondarribiko eta eskualdeko 34 elkarte eta eragileren parte-hartzea funtsezkoa izan da, eta elkarlan horren emaitza da herritarren aniztasunari eta Hondarribiaren errealitateari egokitutako jai-egitaraua. “Jaiak herri baten izaeraren erakusgarri dira, baina, batez ere, elkarrekin ospatzeko unea. Horregatik, guretzat garrantzitsua da egitaraua ez izatea soilik Udalaren proposamena, baizik eta herriko elkarte, talde eta eragileek egindako ekarpenen emaitza izatea”, adierazi du Alonsok.
Festa-giroa, asteburu honetatik aurrera
Jai Nagusien atarikoak asteburu honetan hasiko dira. Abuztuaren 28an, ostiralean, bertso jaialdia egingo da Santiago kalean, Maialen Lujanbio, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal eta Xabat Illarregirekin. Hurrengo egunean, larunbatean, Gazte Eguna izango da protagonista, eta kirol jarduerek ere presentzia nabarmena izango dute, besteak beste hondartzako boley herri txapelketarekin, Amuteko 3x3 saskibaloi txapelketarekin eta Higer badiako XLV. Ama Guadalupekoa bela estropadarekin.
Irailaren 5ean, jaietako lehiaketetako sari-banaketa egingo da, eta, ondoren, Josu Zabala Erasunen omenezko ekitaldia egingo da San Pedro kalean. Aurten 50 urte betetzen dira Zabala Erasun hil zutenetik, eta haren oroimena berreskuratzeko eta belaunaldi berriei ezagutarazteko Udalak antolatutako ekitaldien barruan kokatzen da hitzordua.
Irailaren 6an abiatuko dira festak, etxeko txikienak protagonista direla. Pregoilari txikia izango da, eta herriko haurren poza eta alaitasuna izango dira, beste behin ere, jaiei hasiera ematen. Irailaren 7an, berriz, Arma Plazako eraikinetik jaurtiko da suziria, eta ondoren Ioseba Amunarriz Goikoetxeak Urrezko Intsignia jasoko du Udaleko Areto Nagusian.
Haur, gazte, heldu eta adinekoentzako proposamenak
Jaietako egitarauak herritar guztiak hartu nahi ditu kontuan. Haurrei zuzendutako jardueren artean izango dira, besteak beste, haurren danborrada, erraldoi eta buruhandiak, parke erraldoia, puzgarriak, tailerrak, txokolatada eta animazioa.
Nerabeei ere tarte berezia eskaini nahi izan zaie. Horretarako, Gazte Kanttua izeneko espazioa egokituko da Kasino Zaharreko lorategian, 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Bertan izango dira tailerrak, DJ saioak, erromeria, jokoak, gazte parkea eta Maleza kolektiboaren kontzertua. Gazte bazkaria, berriz, irailaren 10ean Bentan egingo da, Arrantzale Egunez.
Adineko herritarrek ere beren tokia izango dute egitarauan. Irailaren 10ean, adinekoei omenaldia egiteko bazkaria egingo da. Irailaren 11n, Baserritar Egunean, azienda, fruta eta barazki lehiaketa izango da Zumardian, eta beste hainbat jarduera ere antolatuko dira egunean zehar.
Musikak ere protagonismo handia izango du Jai Nagusietan. Kontzertuak Bentan, Arma Plazan eta Kasino Zaharreko espazioetan izango dira Skabidean, Amparanoia, Janus Lester, Etzakit, Me vale madre, Cuatro Pesos de Propina Neomak, Pantxoa eta Peio eta beste hainbat talderen eskutik. “Adin eta gustu ezberdinetako jendeak bere lekua aurki dezala bilatu dugu, eta Euskal Herriko, estatu mailako zein nazioarteko taldeekin”, azpimarratu du Alonsok.
Zerbitzu publikoak indartuz jai seguruagoak, irisgarriagoak eta inklusiboagoak
Jaiak bizitzeko moduan ere jarri du arreta Udalak. Herritar guztiek jaiez gozatzeko aukera bera izan dezaten, mugikortasun urriko pertsonentzako guneak (MUG) ezarri dira. Era berean, barraketan, ohi bezala, zaratarik gabeko tartea izango da arratsaldero, 17:00etatik 19:00etara. Josu Peña Gizarte Kohesioko zinegotziak jaiak herritar guztientzat irisgarriak eta inklusiboak izateko beharra azpimarratu du: “Jaiak guztionak dira, eta horregatik zaindu behar dugu inor ez dadila kanpoan geratu”.
Mugikortasunari dagokionez, berritasun nagusietako bat gaueko hiri-autobus zerbitzua izango da. Azkeneko hilabeteetan egindako lanaren emaitza da. Ohiko zerbitzuaz gain, irailaren 4an, 5ean, 6an, 8an eta 10ean gaueko zerbitzua eskainiko da, 00:00etatik 06:00etara, ordu erdiro, San Juan de Diosetik abiatuta, eta ohiko ibilbidea egingo du. Horrez gain, emakumeek eta 18 urtetik beherakoek eskaripeko geldialdia eskatu ahal izango dute autobusetik jaisteko.
Hiri-autobusaren zerbitzua Lurraldebusek eskainiko dituen zerbitzu bereziekin osatuko da. Hala, Irun eta Donostiako loturarekin batera, Hondarribiko auzo guztietako bizilagunek izango dute garraio publikoa erabiltzeko aukera.
“Otsailean jarri genuen martxan hiri-autobus zerbitzua, eta kontratuan bertan aurreikusita genuen ohiko zerbitzuaz gain zerbitzu bereziak ezartzeko ordu-poltsa. Ildo horretan, hilabete hauetan zerbitzuaren garapen teknikoa lantzen aritu gara udaleko teknikariarekin batera, egun eta ordutegi egokienak zehaztu eta herritarren beharretara ahalik eta ondoen egokitzeko. Aldundiarekin ere elkarlanean aritu gara, eta, horri esker, garraio publiko zerbitzu osoa eskainiko dugu”, azaldu du Lupe Queiruga zinegotziak.
Jaietan, indarkeria sexistaren aurkako salaketa, informazio eta artatze guneak ere indartu dira. Aske, Jaietan, indarkeria sexistaren aurkako informazio-, salaketa- eta artatze-zerbitzuak ere indartuko dira. “Aske, jaietan zein nonahi” lelopean, jaiak askatasunez eta beldurrik gabe bizitzeko deia egingo da. Gazte Egunarekin bat eginez, larunbatean telefono bidezko arreta zerbitzua eskainiko da 23:00etatik 08:00etara. Halaber, irailaren 3an, informazio gunea izango da San Pedro kalean, 20:00etatik 23:00etara.
Irailaren 4an, 5ean, 6an, 8an, 9an eta 10ean, informazio guneaz gain, arreta puntua ere izango da. Informazio gunea San Pedro kalean egongo da, eta, ondoren, arreta zerbitzua Itsas Etxean eskainiko da, 23:00etatik 08:00etara. Emagin elkarteko profesionalak gau osoan egongo dira bertan. Horrez gain, Puntu Morea irekita dagoen bitartean, telefono bidezko arreta zerbitzua ere erabilgarri egongo da: 688 71 87 97.
Halaber, “Hondarribian ondo pasa, baina ez pasa!” prebentzio-kanpaina jarriko da martxan Udal Prebentzio Komunitarioko Zerbitzutik, jaiak modu seguru, arduratsu eta osasungarrian bizitzeko tresnak eta informazioa eskaintzeko. Kanpainak alkoholaren eta bestelako substantzien kontsumoarekin lotutako arriskuak prebenitzea eta kalteak murriztea du helburu, besteak beste. Prebentzio-lana kalean, tabernetan, txosnetan eta sare sozialen bidez egingo da, informazioa eta sentsibilizazioa herritarrengana ahalik eta modu zabalenean iristeko. Horrez gain, txosnetan preserbatiboak banatuko dira, sexu-harremanekin lotutako arriskuak prebenitzeko eta jaietan sexu-osasunaren inguruko jarrera arduratsuak sustatzeko.
“Jaiak gozatzeko dira, baina baita elkar zaintzeko ere. ‘Ondo pasa, baina ez pasa!’ kanpainarekin gazteei eta herritarrei informazio eta tresna erabilgarriak eman nahi dizkiegu, jaiak modu seguru eta arduratsuan bizi ditzaten”, azaldu du Lupe Queiruga Gazteria zinegotziak.
Udal Gobernuak azaldu duenez, neurri horiek guztiak azken urteotan zerbitzu publikoak indartzeko egindako lanaren barruan kokatzen dira. “Udalera iritsi ginenetik argi izan dugu zerbitzu publikoak indartzea lehentasunezkoa dela. Azken urteotan urrats garrantzitsuak egin ditugu, eta jaietan ere herritarrek hobekuntza horiek zuzenean nabaritzea nahi dugu. Hiri-autobusaren gaueko zerbitzua horren adibide argia da. Hondarribian hiri-autobus zerbitzua martxan jarri izanak ahalbidetzen du jaietan gaueko zerbitzua ere eskaintzea. Indarkeria matxistaren aurkako arretan ere aurrerapausoak eman ditugu, Puntu Morean informazioa eskaintzeaz gain profesionalek gau osoan zehar arreta eskaintzen baitute orain. Era berean, mugikortasun urriko pertsonentzako guneak egonkortu ditugu, eta irisgarritasuna eta inklusioa udal-politiken erdigunean jarri ditugu. Urtez urte zerbitzuak indartzen jarraitzen dugu, eta beste hainbat arlotan ere hobekuntzak eta neurri berriak lantzen ari gara, herritar guztien beharrei erantzuteko”.
Hondarribiko Udalak, azkenik, herritar guztiak gonbidatu ditu Jai Nagusiez gozatzera, arduraz, errespetuz eta elkar zainduz. Era berean, jaiak posible egiteko lanean arituko diren elkarte, eragile, zerbitzu eta profesional guztien lana eskertu du.