Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Adierazpen instituzionala indarkeria matxista kasu berri bat dela eta

Hondarribiko Udalak gaitzespen gogorrena azaldu nahi du gure herrian berriki gertatutako indarkeria matxista kasu berri baten aurka, eta bere laguntza eta elkartasun osoa adierazi nahi die erasoa pairatu duen emakumeari eta bere ingurukoei.
Hondarribiko Udalak gertaeraren berri izan duenetik eta erasoari buruzko informazioa egiaztatu, erkatu eta zabaldu ondoren, Indarkeria matxistaren aurkakoi erantzun publikoa emateko Protokolo instituzionala aktibatu du informazioa baloratzeko eta beharrezko pausuak emateko. Informazioa baloratu eta gero, Hondarribiako Udalak hurrengo erabakiak hartu ditu: alde batetik, Udalaren jarrera irmoa adieraztea, argi eta garbi esateko ez ditugula inola ere onartzen emakumeen eskubideak urratzen dituzten eraso hauek; eta, bestetik, herritar guztiei eskatzea, gaitzespen argi bat agertu dezaten emakumeen aurkako indarkeriaren aurka, indarkeria ez baita pairatzen duten emakumeen arazoa, baizik guztiena.
Indarkeria matxistak arazo sakon bat dauka jatorrian: emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia. Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile. Emakumeak desberdintasun eta menpekotasun materialeko egoera batera, bizitza prekario batera behartzen ditu gizartearen antolamenduak. Ez ditu herritar osotzat hartzen, gizonezkoen maila berean, eta ez die aukerarik ematen oinarrizko eskubideen jabe izateko.
Hondarribian Udalak pertsona guztiok eskubide guzti-guztien jabe garela bermatzeko ardura osoa du. Beraz, ez du atsedenik hartuko ahalegin honetan, gure bizikidetza demokratikoaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honen irtenbidea bilatu beharra baitago guztion artean. Langintza horren barruan, ezinbestekoa da adierazpide egokiak eskaintzea Hondarribiko herritarrei, oro har, emakumeen aurkako eraso guztiak irmotasunez gaitzetsi ditzaten.
Hondarribia, 2025eko abuztuaren 21a