Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Abotsanitz-ek Alkatearen aurka egindako adierazpenei Txomin Sagarzazu Alkatearen erantzuna

Ez da ideia berria Abotsanitzek plazaratutakoa, alegia Txomin Sagarzazu ez dela Hondarribiak merezi duen alkatea. Horretan ari dira agintaldi osoan edozein gai dela ere, egia manipulatzen aritzen baitira. Atzoko oharreko azkeneko ideia ez da aurretik adierazitako guztiaren ondorioa, hasierako tesia baizik: ez dute atsegin Txomin Sagarzazu alkate izatea, ez dute atsegin EAJ-PNVek udal gobernua izatea. Abotsanitzen esanen oinarrian 2019ko hauteskunde-emaitzak onartu ez izana dago. Horixe da, agintaldi oso-osoan Abotsanitz esaten ari dena eta hauteskundeetara arte esango duena.
Horretarako ohikoa duten jokabidea erabili dute berriz ere: errealitatea haien interesen arabera bihurritu dute eta eztabaida sortua duen gai bati irtenbidea ematen lagundu beharrean, haien ikuspuntua ezarri nahi dute egia bakarra eta ukiezina izango balitz bezala eta besteen jokabidea lohitu nahi izaten dute.
Nola bihurritu dute oraingoan errealitatea? “Alkateak obra baimena eman zuela ezkutatu egin du” esan dute.
Har dezagun obra baimena ematearena, lehenbizi. Abotsanitzek herritarrei ez die kontatu lizentziak emateko prozedura arautua dagoela, alegia, herritar orok obra-lizentzia eskatzen duenean udalak zerbitzu teknikoen txosten batean oinarrituta erantzun behar diola. Eta eskatutakoak legea betetzen badu, dekretua sinatu behar duela alkateak. Hau da, obrak egiteko proiektuak legea betetzen badu, lizentzia izatea dagokiola. Erabakia ez da diskrezionala, ez da norberaren gustura egiten den zerbait. Abotsanitzek badaki hori, baina ez du hori kontatu, interesatzen ez zaiolako, edo okerrago dena, pentsatzen duelako lizentziak nahierara emango lituzkeela. Hori ez da ekitatez jokatzea, hori desgobernua da.
Har dezagun ezkutatzearena, gero: Abotsanitzek oso ondo dakienez, udal erregistrotik sartu ohi dira obra-baimenen eskariak, beste eskari guztiak bezala, departamentuetan txostenak landu eta alkate-dekretua prestatzen dute, alkateak sinatzeko. Sinatutakoan udal talde guztiek dute aukera dekretu-liburua kontsultatzeko. Gainera, ohikoa denez, zinegotziek eskubidea dute espedienteren bat zehatzago kontsultatzeko. Hortaz, ez dago ezkutatzerik. Orduan zergatik atera du orain Abotsanitzek uztaileko dekretuaren gaia? Bi erantzun ditugu: lana gaizki egin duelako eta bere garaian ezagutu ez duelako. Edo jakinaren gainean egonda, atzo arte deus esan ez eta alkatea eta udal gobernua desakreditatu nahi duelako berriz ere.
Eta azkenik, har dezagun zer den baimendu dena: dekretuaren bidez obrak egitea baimendu da. Obra egitea alegia, ez obrak irauten duen bitartean Osakidetzak antolatutako neurri guztiak. Horri plan funtzionala esan diote eta hori baimentzea ez dagokio udalari, Osakidetzari baizik. Eta eskatua dugu ezagutzea, baina guk oraindik ez dugu ezagutzen. Abotsanitzek bai eta ez digu besteoi kontatu?
Hortaz, Abotsanitzen betiko jokabidea dugu berriz ere, gezurretan ari da eta gizartean kezka sortu duen gaia aprobetxatu nahi du bere intereserako. Jokabide hau ez dugu inolaz ere onartuko.