Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea Zabalik da 2026ko Uda Jolas, Udabentura eta Izan Arrantzale Hondarribian - Uda programetan izena emateko epea

Udalak antolatutako udako programen helburua bikoitza da: batetik, haur eta gazteei aisialdi hezitzaile, erakargarri eta euskarazkoa eskaintzea; eta bestetik, familiei udako oporrak antolatzeko baliabide erabilgarriak ematea. Ildo horretan, Lupe Queiruga Gazteria zinegotziak azpimarratu duenez, “udaleku hauek aisialdiaz harago doaz: balioak lantzeko, harremanak sendotzeko eta euskaraz bizitzeko espazioak dira. Hiru programa horien bidez euskarazko aisialdi hezitzailea, parte-hartzea eta elkarbizitza sustatu nahi ditugu, adin tarte bakoitzera egokitutako jarduerekin”.
Plaza gehiago eta inklusioaren aldeko apustua
Azken urteetan, Udalak ahalegin berezia egin du programa hauetan parte hartu nahi duten haur guztiei aukera emateko. Queirugak azaldu duenez, “badakigu aurreko urteetan Hondarribiko zenbait haur programetatik kanpo geratu zirela, eskabide kopurua eskainitako plaza kopurua baino handiagoa izan zelako”. Zinegotziak azpimarratu du urtez urte plaza kopurua handitzen joan dela, legeak ahalbidetzen zuen neurrian: “Ondorioz, kontratua ezin izan dugu luzatu laugarren urtera arte. Horregatik, esleipen berri bat egin dugu, eta aukera hori aprobetxatuta hainbat hobekuntza txertatu ditugu. Iaz baino 64 plaza gehiago eskainiko dira UDA JOLAS eta UDABENTURA programetan. 2023an 320 plaza eskaini ziren, 2024an 366, 2025ean 402 eta aurten, 2026an, 466. Hau da, hiru urtean 146 plaza gehiago sortu dira”.
Bestalde, inklusioaren aldeko apustua indartu da. Izan ere, programen oinarrietan gutxieneko plaza kopurua bermatu da heziketa premia bereziak (HPB) dituzten haur eta gazteentzat. Helburua da haur guztiek, baldintza egokietan, programetan parte hartzeko aukera izatea.
Hiru programa, adinaren arabera egokituak
UDA JOLAS programak 5 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako jarduerak eskainiko ditu uztailaren 1etik 30era (22 egun), astelehenetik ostiralera goizez. Jolasak, tailerrak eta dinamika parte-hartzaileak izango dira ardatz.
UDABENTURA programak 12 eta 14 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta bi txandatan banatuko da: uztailaren 6tik 16ra eta uztailaren 20tik 30era. Abentura jarduerak, irteerak eta talde-esperientziak uztartuko dira. Saioak astelehen, asteazken eta ostiraletan goiz eta arratsaldez izango dira, eta astearte eta ostegunetan, goizez.
Bi programen helburua da Hondarribiko ingurune naturalean eta kulturalean euskarazko aisialdi gune erakargarri bat eskaintzea, haur eta nerabeek autonomia, harremanak eta bizikidetza garatzeko aukera izan dezaten.
Aurtengo berrikuntza nagusia IZAN ARRANTZALE HONDARRIBIAN - UDA udaleku berezia da, 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua. Abuztuaren 3tik 7ra egingo da, goizez (10:00–13:00), Done Pedro Arrantzale Kofradian.
Esperientzia honek arrantzaren mundua barrutik ezagutzeko aukera emango du: amuak prestatzea, arrantza teknikak, produktuen tratamendua, sukaldaritza eta kontserbak, besteak beste. Txanda bakarra izango da, eta 6 eta 12 plaza artean eskainiko dira. Eskariak eskaintza gainditzen badu, zozketa egingo da.
Izen-emateak
Udako programetan parte hartzeko aurreinskripzio epea martxoaren 23tik 29ra egongo da zabalik (biak barne).
Izen-ematea online egin ahal izango da (www.app.hondarribia.eus), edo aurrez aurre Gazteen Zerbitzuan (Javier Ugarte kalea 6, behea), astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:00etara.
Eskaeren emaitza apirilaren 20an jakinaraziko dira, eta behin betiko izen-emateak apirilaren 29ra arte formalizatu beharko dira.