Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea 75 urtetik gorako bakarrik bizi diren 563 hondarribiarren beharrak aztertuko ditu Udalak

Udalak Hondarribiko 75 urtetik gorako pertsonei buruzko azterlan oso bat egingo du, IKEI Zuzendaritza eta Analisi Sozioekonomikoko Aholkularitzaren eskutik, eta arreta berezia jarriko du haien beharren diagnostikoan. Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak eta Laura Gallo eta María López IKEIko ordezkariek eman dute horren berri, Udaletxean egindako prentsaurrekoan.
Larrarte zinegotziak nabarmendu duenez, “oso beharrezkoa da Hondarribiko udalerrian bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako 563 adinekoen egoera sozio-pertsonala lehen eskutik egiaztatu ahal izateko eta kolektibo hori gizarte-zerbitzuetara hurbiltzeko eta informatzeko. Hondarribian bizi diren adinekoen egoera ezagutu nahi dugu, udaleko gizarte-zerbitzuei buruz duten ezagutza aztertu, eta aipatutako gizarte-zerbitzuei buruzko informazioa zabaldu.
Gogora ekarri nahi dut, halaber, pandemian zehar 65 urtetik gorako pertsonekin pertsonalki harremanetan jarri ginela, eta lan-mahai bat jarri dugula martxan, Nagusilan, Afagi eta Kasino Zaharra elkarteek parte hartzen dutelarik”.
IKEIko María Lópezek zehaztu duenez, “aste honetan hasiko gara Hondarribian bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonei deitzen. Hain zuzen ere, 563 dira. Proiektuaren metodologiaren barruan sartzen dira telefono bidezko inkestak egitea, eta hautemandako premiei buruzko hausnarketa osoa egitea, hala nola osasun-, gizarte- eta ekonomia-premiei buruzkoa, eta arrail digitala bereziki azpimarratzea.
Espero dugu otsailean eta martxoan landa-lana egitea, eta aztertu eta landu ondoren, dokumentazio guztia Udalari udaberrian entregatzea” amaitu du Lopezek.