Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Hondarribia

Habiaratutako portletak
Web edukia bistaratu

Gaurkotasuna

Gaurkotasunaren xehetasuna

Eduki publikatzailea
Atzealdea

25.160.167 euroko aurrekontua izango du Hondarribiko Udalak 2023 urterako

EAJk alde bozkatu du, eta ABOTSANITZ, PSE-EEk eta EH BILDUk aurka egin dute

2022·12·01

Hondarribiko Udalak 25.160.167 euroko aurrekontua izango du 2023. urtean. Hala erabaki du gaur hiru ordu pasatxo iraun duen Osoko Bilkurak. EAJ alde agertu da, eta ABOTSANITZ, PSE-EE eta EH BILDU aurka.

Txomin Sagarzazu Alkateak eskerrak eman dizkie “aurrekontuen proposamen hau lantzen aritu diren guztiei, udal langile eta zinegotziei, eta bereziki gaiaren ardura politikoa duen Juan Mari Altunari. Beste udal taldeei ere eskerrak eman nahi dizkiet zuzenketa partzialen bidez egindako ekarpenengatik. Bakoitzak bere ikuspuntutik aurkeztutako proposamenak herritarrei begira eginak direla badakigu. Batzuk gure proposamenean txertatu ditugu eta beste hainbat kreditu-aldaketa egiten denerako interesgarriak izango direla ez dut zalantzarik. Bestetik, esker berezia eman nahi dizuet izan dugun gaixotasun-egoeran eman diguzuen erantzun bikainarengatik, Gotzone Larrarte baja egoeran baitago”.

“Ziurgabetasuna izan zen 2021eko hitz nagusia, 2022an osasun-krisia gainditzen ari ginela, Ukraniako inbasioak, energia eta ekonomia-krisiek eta aldaketa klimatikoak berriro ekarri dute gurera. Horren aurrean berriz egokitu beharrean gara denak eta gure herritarrei ekimena, bultzada eta ilusioa eskaini nahi dizkiegu.

Indarberritzeko erronka

“Horixe da EAJren udal gobernuak 2021ean eta 2022an egin behar izan duena: sortutako egoera berriei aurrea hartu, eten gabe erantzun eta hobetzeko gogoeta egin. Eta aurrera jotzeko indarberritu: pertsonak eta familiak indarberritu, Hiriko ekonomia indarberritu, Herritarrentzako zerbitzuen hobetzea indarberritu eta Hiriaren garapen iraunkorra indarberritu.

Horixe izango da gure erronka 2023rako ere: egoeraren beharrei antzeman, aurrea hartu eta erantzutea eta bereziki gure herritarren ongizaterako ekimena, bultzada eta ilusioa eskaintzea. Eta aipatutako lehentasunak jorratzeko tresna ezin hobea da aurrekontua, 25,1 milioi euroko kopurua, Hondarribian sekulan aurkeztu den proposamen handiena ekarri dugu gaurko udalbatzara.

16 proiektu nagusi ere berezi ditugu gure jarduna zertan gauzatuko den zehazteko, batzuk dagoeneko abian direnak beste batzuk abian jarriko direnak. Nola egingo dugun ere esan dugu arestian: EAJren udal gobernuak jarrera aktiboarekin jokatuko du eta egoera erantzukizunez kudeatuko du, zuzentasunez, gardentasunez, hurbiltasunez, lankidetzaz, partaidetzaz eta ahalik eta eraginkortasun handienaz. Ez da erronka makala baina etorkizunari aurrez aurre begiratuko diogulako uste osoan gaude” amaitu du Sagarzazu Alkateak.

ABOTSANITZek aurka egin du. “Aurrekontu hauek ez dituzte herritarren nahiak asebetetzen. Aurreikuspenen gauzatze maila baxua izaten da, %60ra ez da heltzen, ulertzeko oso zailak dira, ez dira edukiz osatzen. Gainera, ez da partehartze prozesurik egon, eta iruditzen zaigu itxurakeria dela saldu nahi diguzuena. Partida sozialak eta euskarakoak jaitsi dira, eta kirola eta turismokoak igo egin dira, besteak beste. Herriaren interesen alde egin beharrean alderdiaren interesen alde egiten da”.

PSE-EEk aurka bozkatu du. “Urteroko jarraipena da, ez du berritasunik. Arlo sozialean murrizketak daude, etxebizitzen alokairurako partidarik ez da, eta iruditzen zaigu sentsibilizazio falta daukala aurrekontu honek. Ezinezkoa zaigu alde bozkatzea.

EH BILDUk ezetza eman du. “Azken aurrekontuak dira legealdi honetan, eta aurreko lepotik burua. Ez da partehartzerik egon, aurrekontua ez da nahikoa, atzerakoia da eta eremu sozialean murrizketak daude. Hondarribiko herriak ez du halako aurrekonturik merezi”.

Onartutako emendakinak

7 emendakin onartu dira, 268.678 euroko kopuruarekin. ABOTSANITZ alderdiari onartu zaio Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa idazteko 15.000 euro eta berdintasunari loturiko jarduerak egiteko beste 25.000 euro.

PSE-EE alderdiari aldiz, 50.000 euroko emendakin bat onartu zaio Arrantzale Auzoan bigilantziako bideokamarak jartzeko.

EH BILDUri 30.000 euroko emendakin bat onartu zaio, euskarazko hedabideetan publizitatea egiteko.

Azkenik, EAJri onartu zaizkio 9.000 euro Kasino Zaharra Adinekoen Etxeko Elkarteari dirulaguntza izendun bat emateko, beste 10.600 euro ‘Moby Dick’ liburua euskarara itzultzeko, eta 129.078 euro Gobarnuz Kanpoko Erakundeetarako dirulaguntzetarako.

Beste puntu batean, 2023ko Plantilla Organikoa eta Lanpostuen Zerrendaren aldaketa onartu da. EAJk alde bozkatu du eta ABOTSANITZ, PSE-EE eta EH BILDUk abstentzioa eman dute.