Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea 2025ari begira, tasak eta zergak % 3 '5 igotzea onartu zuen udalbatzak
- ABOTSANITZek eta EH BILDUk aldeko botoa eman zuten, EAJ eta PSE-EE aurka agertu zirelarik
- Igoerak gaitasun handiagoa eman nahi dio Udalari datozen hilabeteetan proiektu handiak aurrera eramateko
Atzoko Osoko Bilkura Bereziak, besteak beste, hurrengo urteari begira udal tasa eta zergen batez besteko % 3’5eko igoera orokorra onartu zuen.
Proposamena ABOTSANITZ eta EH BILDUren aldeko botoekin onartu zen, eta EAJ eta PSE-EEk aurkako bozka eman zuten.
Igor Enparan alkateak azalpen luze eta zehatzak eman zituen Gobernu Taldearen proposamenaren inguruan. "Gogorarazi nahi dut lana joan den apirilaren 18an hasi zela batzorde batean. Ondoren, ekainaren 30era arteko epea eman zitzaien gainerako alderdiei proposamenak egin zitzaten. Orain sakoneko aldaketak eta hobekuntzak aurkezten ditugu, seguruenik hamarkadetan Udal honetan egin diren aldaketa handienak, herritarren, udal teknikarien eta hemen ordezkatuta dauden alderdi politikoen proposamenak biltzen dituena.
Ordenantza fiskalak guztiontzat ulergarriagoak eta argiagoak izatea nahi dugu, hizkera inklusiboagoa erabiliz. eta jasoko diren baloreek antzekotasun handiagoa izango dute. Udal ordezkariok, teknikariek eta hondarribiko herritarrok ere gureak sentitu behar ditugula uste dugu. Aldaketa handia dakarte, baina abiapuntua dira, prezio publikoak lantzen jarraituko baitugu, horiek izango baitira egin beharreko hurrengo lana.
"Hondarribiko Udalean jasota ditugun bost zergetatik hiruk jasan dute aldaketa sakon bat eta hiru tasetatik bik jasan dute aldaketa. Aldaketa guzti hauen proposamenarekin batera diruzaintzako txostena, idazkaritzako txostena eta kontu-hartzailetzako txostena ere helarazi zaie zinegotzi guztiei.
Hainbat urtetan zehar Udalak udal tasak eta zergak izoztuta mantendu ditu. Baina testuinguru ekonomikoan eman den prezio indizeen igoera nabarmena izan da azken urteetan. Beraz, lanean gauden zerbitzu berri batzuk eskaintzeko, beste zerbitzu batzuk jasan behar dituzten igoerak finantzatzeko eta egin beharreko inbertsioei aurre egiteko baliabideak beharrezkoak ditugula kontsideratzen dugu.
Horregatik ezinbestekoa zaigu tasa eta zergen igoera orokor bat egitea %3’5ekoa, horrela aurre egin ahal izateko gastuetan izango dugun igoera izugarriari. Oso proiektu garrantzitsua abiatuko ditugu, hala nola Arrantzale auzoa berritzea, Pasaia kalean, Muliatera Gizarte Zerbitzuak lekualdatzea, hiri-autobusa, bakardadearen aurkako programa, bide publikoen garbiketan aurreikusten da % 35eko igoera egongo dela, lorezaintzan beste % 20ko igoera bat, animalien bilketan %200, Liburutegiaren zerbitzuab % 25. Horregatik guztiagatik, % 3’5eko igoera orokorra planteatzen dugu, gastuei aurre egiteko helburu argiarekin.
Planteamendu honen inguruko nondik norakoak eman genituen Urriaren 10ean burututako Ogasuna batzordean eta Urriaren 15ean bidali zen dokumentazio guztia urriaren 17an egin beharreko batzordean eztabaidatu ahal izateko. Azken batzorde honetan diktaminatu zen proposamena gaurko udalbatzara ekartzea eta egin beharreko jarraibideak egitea urtea amaitu aurretik araudi hau indarrean egoteko nahia dugu” gehitu zuen Alkateak.
Zenbait xehetasun
Ondasun higiezinen gaineko zergari dagokionez, Hiri ondasunetan zergaren karga-tasa % 1,75eko igoera planteatzen da. Hobarien sistema bateratu egiten da Etxez Etxeko laguntzaren indizera, eta etxebizitza hutsen errekargua % 75era igotzea proposatzen da. Etxebizitza turistikoek errekargu hori izango dute beti, ez da salbuespenik egingo.
Trakzio mekanikozko ibilgailuen zergari dagokionez, tarifen taula guztiz aldatzea proposatzen da. Honela zaldi fiskal gutxien duten ibilgailuei zerga murriztu egingo zaie eta gehien dutenei gehitu egingo zaie. 6 tramo ezberdin jasotzen dira, non lehenengo biak zergaren murrizketa izango duten, hirugarrenak berdin ordaindu beharko du eta azken 3 tramoetan daudenek igoera gradual bat izango dute. Honela iruditzen zaigu errentaren araberako graduazioa egiten dela zerga honen ikuspegitik.
Plusbaliaren zergari dagokionez, plusbaliaren hobaria %75era igotzea proposatzen da eriotzagatik lehen etxebizitza jasotzen duten gertueneko ahaideentzat; horrekin batera, ezabatu egin da hobariaren aplikazioaren paragrafoa, formazko aurkezteko epeei dagokiona.
Jabari publikoko erabilpen pribatibo edo aprobetxamendu berezien tasari dagokionez, % 3,5eko igoera bat planteatzen da orokorrean. (Finka barruetara ibilgailuak sartzeko tasa, Bide publikoaren okupazioa, leiho erakuslehio edo kanpoko salmentagatik tasa, hesi andamio eta horrelakoengatik okupazioa, kiosko feri-postuak eta horrelakoengatiko tasa). TAOkoak aldiz, egungo egoerara eguneratu dira, eta sektore urdinean 1,40 € / orduko ordainduko da, sektore gorrian (errotazio handiko eremua) 2,70 € / orduko, eta parkinga 1,70 € / orduko. Herriko biztanleen txartelak izoztu egingo dira, ez dira igoko. Azkenik, Alkateari ahalbidetzen zitzaion txartelak emateko eskumen berezia ezabatu egingo da.
Azkenik, Udal zerbitzuengatik ordaindu beharreko tasari dagokionez, %3,5eko igoera bat planteatzen da orokorrean (Aktibitate lizentziak, hirigintza espedienteak, udal hilerria, ibilgailuen erretiratzea, etab.), salbuespen batzuk ere badaudela kontutan izanik. Aldiz hilerriaren kasuan, aldaketa nabarmena jasotzen da. Bereziki hilobien lagapen kasuetan 24.000 edo 18.000 € ordaindu behar baziren, aurrerantzean 12.000 €ra murriztu da kopurua. Udalaren jabego diren eraikin eta aretoen erabilpenari dagokionean, Udaletxea, Zuloaga Etxea, Kultur Etxea eta Itsas Etxearen erabilera pribatiboari dagozkion tasak ezarri dira.
EH BILDUk nabarmendu zuenez, "lan handia egin dugu hilabeteotan. Bide berri bati ekin diogu, inklusiboa, eta oinarriak jarri ditugu tasak herritarrentzat bidezkoagoak eta progresiboagoak izan daitezen".
PSE-EEk zuzenketa bat aurkeztu zuen "Gobernu taldearen proposamenaren hainbat puntu hobetzeko edo aldatzeko. Hobetu beharreko puntuak daudela ikusten dugu, batez ere ikuspegi sozial batetik". EAJ ados agertu zen sozialisten zuzenketarekin. EH BILDUk eta ABOTSANITZEK begi onez ikusi zuten proposatutako aldaketaren bat, baina beste batzuekin ados ez zeudela adierazi zuten. Hala, proposamen guztitik bi onartu ziren, Ondasun Higiezinen Zergaren kuota osoaren 50eko hobaria jasotzea alde batetik, eta errekarguaren aplikazioa urte batetik bira luzatzea titularra hil den etxebizitzen kasuan.
EAJren eta PSE-EEren kontrako botoa
EAJk aurkako bozka eman zuen. “Batzordeak urriaren 17a baino bi egun lehenago aurkeztutako azken dokumentua aztertzeko denbora falta zela adierazi zuen EAJk. Puntu batzuetan ados egon gaitezke eta laguntzeko prest. Baina ezin dugu igoera hau ulertu, ezta onartu ere, batez ere ikusten ari garelako
aurtengo aurrekontua gauzatzean zaila dela % 100era iristea. Hau da: Udalak ez du biltzen duen guztia gastatuko du. Gainera, KPIaren igoera baino ehuneko igoera handiagoa proposatzen da. 2012tik lehen aldiz igoko dira tasak eta zergak Hondarribian”.
PSE-EEk kontra bozkatu zuen, "urriaren 15ean eta batzordea baino bi egun lehenago proposamenak aztertzeko denbora materialik ez izateagatik. Gainera, Gobernu Taldearen arbitrariotasuna eta gardentasun falta dagoela iruditzen zaigu".
Gai-zerrendako beste puntu batzuk
Gainera, aurrera atera zen "Hondarribia sormen hiria" izeneko sorkuntza artistikoa sustatzeko beka lehiaketaren oinarri arautzaileak onartzeko proposamena. ABOTSANITZ, EAJ eta EH BILDU alde agertu ziren, eta PSE-EE aurka. Jarraian, eta denen aldeko bozkarekin, gabarra bat dohaintzan jasotzeko eta HAPOren katalogoan sartzeko proposamena onartu zen.
Bertaratutakoen aldeko botoarekin, ikastetxe eta udal-eraikinak garbitu eta desinfektatzeko zerbitzua emateko kontratua luzatzea onartu zen.
Bederatzigarren puntuan Bidasoa Eskualdeko Ospitalean egingo diren obrei % 95eko hobaria ematea onartu zen ahobatez.