Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Hondarribia

Habiaratutako portletak
Web edukia bistaratu

Gaurkotasuna

Gaurkotasunaren xehetasuna

Eduki publikatzailea
Atzealdea

2022. urterako 24.363.525 euroko aurrekontua izango du Udalak gaur Udalbatzak onartu ondoren

Datorren 2022 urterako Hondarribiko Udalak 24.363.525 euroko aurrekontua izango du. Hala erabaki du ia hiru ordu t'erdiz luzatu den Osoko Bilkurak, EAJren aldeko botuekin (9), eta ABOTSANITZen (4), PSE-EEren (2) eta EH BILDUren (2) aurkakoekin.

2021·12·02

Datorren 2022 urterako Hondarribiko Udalak 24.363.525 euroko aurrekontua izango du. Hala erabaki du ia hiru ordu t'erdiz luzatu den Osoko Bilkurak, EAJren aldeko botuekin (9), eta ABOTSANITZen (4), PSE-EEren (2) eta EH BILDUren (2) aurkakoekin.

Erabakia hartu aurretik, ABOTSANITZek aurkeztutako osoko emendakina ez da onartu, eta bai aldiz 277.200 euro inguruko 11 zuzenketa, 4 alderdi honek aurkeztutakoak, 3 PSE-EErenak, 2 EH BILDUrenak eta azken biak EAJ-k aurkeztutakoak.

“Eskerrak eman nahi dizkiet aurrekontu proposamena landu duten guztiei, bereziki Juan Mari Altuna zinegotziari, pandemia eta ziurgabetasun egoera honetan landu den aurrekontua baita. Hori da bizi dugun egoera Hondarribian ere, pandemiak sortzen duen ziurgabetasuna. Aurten gure erronka horri aurre egitea izan da eta datorren urteari begira, Hondarribia indarberritzea da gure asmoa. Pertsonak eta familiak indarberritzea, Hiriko ekonomia indarberritzea, herritarrentzako zerbitzuak indarberritzea eta hiriaren garapena indarberritzea” esan du Txomin Sagarzazu Alkateak.

“EAJren lau lehentasunei begira, persona eta familientzat 3’5 milioi bideratuko ditugu, herritarren zerbitzuak hobetzeko 4’7 milioi, ekonomia sustatzeko 1’2 eta hiriaren garapen jasangarrirako 7’8 milioi euro”.

“Dirulaguntza izendunetan 560.000 euro bideratuko dira gizarte eragile, nazioarteko kooperaziorako, gazte ekimenetarako, euskararen erabilera herrian sustatzeko edota kulturgintza, auzogintza eta kirola lantzeko adibidez…  EAJren udal gobernuak jarrera aktiboarekin jokatuko du eta egoera erantzukizunez kudeatuko du, zuzentazunez, gardentasunez, hurbiltasunez, lankidetzaz, partaidetzaz eta ahalik eta eraginkortasun handienaz” zehaztu du Sagarzazu Alkateak.

ABOTSANITZ-ek aurkako bozka eman du “aurrekontu honek ez diolako erantzuten herriaren beharrei bere osotasunean. Ez dio errealitateari erantzuten baliabideen aldetik, gardentasunaren ikuspegitik egin beharreko kontrol edo jarraipenari zailtasunak eragiten die eta herritarren partehartzeari izkin egin zaiolako”.

PSE-EEk ezetza eman dio aurrekontuari, “ez diolako hiri honek dituen beharrei erantzuten, edukin aldetik hutsa da eta ez dute balio COVID 19aren pandemiak sortutako krisiari indarrez aurre egiteko. Aurtengo aurrekontutik zati handi bat ez da exekutatu eta hurrengora eramaten da. EAJren kudeaketa gaitasuna dudan jartzen dugu”.

EH BILDU ere aurka agertu da. “Presaz iritsi zaigu Udalbatza. Negoziatzeko zailtasunak ditugu, eta aurrekontu hau kontserbadorea eta kontinuista da, ausardia falta zaio. Partehartze prozesuetan zerbait mugitzen ari da eta hori da positibo izan dezakeen bakarrenetakoa aurrekontuak”.

11 zuzenketa onartu dira

Alderdi guztien artean aurkeztutako ia 159 zuzenketen artean, 11 onartu dira. ABOTSANITZen bizikleta aparkaleku estalperako 25.000 euro, bizikletentzako aparkaleku gehiago egiteko 6.000, nagusientzako banku eta aparatuak erosteko 3.000 eta puntu ilunen proiektuak gauzatzeko tailerrak egiteko 15.000 euro.

PSE-EEri onartutakoak Mugondorako alternatiba ikerketetarako 50.000 euro, Erreginaren Baluartean eskuhartze bat egiteko 9.000 euro eta eguzki plaken instalakuntzen inguruko proiektu baterako 18.150 euro.

EH BILDUri onartu zaizkionak euskarako dirulaguntzetarako 30.000 euro eta pobrezia energetikoari aurre egiteko 25.000 euro izan dira.

EAJri onartu zaizkionak Arrantzale Auzoa eta Santiago kaleko proiektua idazteko 90.000 euro eta San Telmo inguruan arku tiroketako proiekturako 6.050 euro.

Beste zenbait puntu

Aurrekontuez gain, aurrera atera dira 2022ko Plantilla Organikoa eta Lanpostuen Zerrenda onartzeari buruzko proposamena, edota Hondarribiko kale batzuk asfaltatzeko eta urbanizazio-lan osagarriak egiteko obrak esleitzeko onarpen proposamena ere, 4 eta 5. puntuetan.

Azken bi puntuetan, Udaleko eraikinak garbitzeko zerbitzua esleitzeko proposamena eta Sainduaren xehetasun-azterlana behin betikoz onartzeko proposamena onartu ditu Udalbatzak.