Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Hondarribia

Habiaratutako portletak
Web edukia bistaratu

Gaurkotasuna

Gaurkotasunaren xehetasuna

Eduki publikatzailea
Atzealdea

200 artistek osatutako ikuskizun berezia larunbatean Jostaldi Pilotalekuan

Ikuskizun berezia izango dugu larunbatean Jostaldi Pilotalekuan. Arratsaldeko 19:30etik aurrera, Rene Zugarramurdik sortutako ‘Bidaia’ emanaldia eskainiko da

2023·03·07

Ikuskizun berezia izango dugu larunbatean Jostaldi Pilotalekuan. Arratsaldeko 19:30etik aurrera, Rene Zugarramurdik sortutako ‘Bidaia’ emanaldia eskainiko da. Aurkezpen ekitaldian egon dira besteak beste, Juan Luis Silanes Kultura zinegotzia, Rene Zugarramurdi berau, baita zenbait partehartzaile ere, Hondarribiko Musika eta Dantza Eskola eta Eskifaia Abesbatzaren izenean.

Juan Luis Silanes zinegotziak hartu du hitza. “Aspaldian buruan darabilgun ikuskizuna larunbata honetan ikus ahal izango dugu. Pandemia aurretik elkarlanean ari ginen, bertan behera geratu zen dena, eta urtarrilean aurkezteko asmoa genuenean euriteek Jostaldi pilotalekuan arazoak sortu zituzten eta konponketen ostean, larunbatean denok dugu hitzordua. Eskerrak eman nahi dizkiet ikuskizun hau Hondarribian egiteko hainbesteko lan egin duten guztiei. Jakitun gara zer nolako lana egin behar den, eta zorionak eman nahi dizkiet denei.

Aipatu nahi dut ere, urtarrilerako sarrerak gordeak zituztenek sarrera ziurtatuta daukatela, eta azken gonbidapenak bihar banatuko direla ARMA PLAZAn, 10:00etatik aurrera”.

«Bidaia» proiektua

René Zugarramurdik abesbatza eta orkestrentzat pentsatutako ikuskizuna sortu du. Lana 5 zatitan banatuta dago, eta horietan euskal lurraldearekin lotutako aldi historiko garrantzitsuenak erakusten dira, historiaurretik gaur egunera arteko gertaerak barne hartuz. Lana osatzen duten testuak latinez, gaztelaniaz, frantsesez eta euskaraz idatzita daude.

Guztira Euskal Herriko 200 musikari eta abeslarik parte hartzen dute. Talde artistikoa Hendaiako orkestrak, ehun kantari baino gehiago dituzten 4 abesbatzak, haur koru batek (Baionan La Salle Saint-Bernardeko eskolako 30 ume izan ziren), gitarra jotzaile batek eta bakarlari gisa aritzen den mezzo-soprano batek osatzen dute. Bidaia Euskal Herri osoko 200 artista baino gehiagok osatzen dute, gure lurraldeko memoriak berraurkitu nahian.

Ipar Euskal Herriko, Euskadiko eta Nafarroako talde amateurrek parte hartzen dute proiektuan. Zehazki, Lesakako Giltzarri, Irungo IGA eta Hondarribiko Eskifaia abesbatzek bat egingo dute Kanboko Arraga eta Angeluko Argileak abesbatzekin. Bestalde, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko musikariek joko dute Hendaiako taldea osatzeko. Gainera, Hendaia, Hondarribia eta Baionako haurrek osatutako abesbatza sortu da, ekitaldi honetarako bakarrik.

Doako ikuskizun honek ordu eta erdi inguruko iraupena du. Era berean, soinuen eta argien efektuak ditu, osatzen duten musika-piezen bidez sortutako giroak eta koloreak nabarmentzeko. Kontzertuetan, artxiboko argazkiak proiektatzen dira agertokiaren gainean jarritako pantaila erraldoi batean, eta horrek ikusleei bidaian sartzeko aukera ematen die.

Bidaia kontakizun historiko bat baino zerbait gehiago da. Musika, kantuak, efektu bisualak eta argazkigintza nahasten dituen bidaia bat da, denboran eta espazioan. Ikuskizunak musikaren bidez egiten du bidaia: historiaurretik gure lurraldearen etorkizunera. Zehazki, haurren abesbatzaren azken esku-hartzeak etorkizuna eta belaunaldien arteko transmisioa sinbolizatzen ditu.