Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea XVIII. Bikingo Eguna, larunbat honetan Hondarribian

HS2 Surf elkarteak antolatuta eta Hondarribiko Udalaren laguntzarekin, ekitaldiak adin guztietako herritarrei zuzendutako egitarau zabala eskainiko du egun osoan zehar.
Jardunaldia goizean hasiko da Gipuzkoako Stand Up Paddle (SUP) Txapelketarekin. Iñaki «Triki» Navascuesen hitzetan, “itsasadarraren, hondartzaren eta itsaso zabalaren artean egiten den ibilbideak izaera berezia ematen dio lehiaketari, eta maila desberdinetara egokitutako kategoriak antolatzeko aukera eskaintzen du”.
Proba amateur eta elitekoez gain, ohiko Txiki SUP proba ere izango da, 14 urtera arteko haurrei zuzendua, baita SUP egokituko kategoria ere. “Txiki SUP Kai Zaharrean egiten den zirkuitua da; buiak eta monitoreak izango dituzte lagun une oro. Kirol hau gazteenei hurbiltzeko modu bikaina da, ingurune seguru eta parte-hartzaile batean”, azaldu du Navascuesek.
Dragon Boat eta haurrentzako jarduerak
17:00etatik 20:00etara, Dragon Boat modalitatea izango da protagonista. Hondarribian gero eta indar handiagoa hartzen ari den kirol honek Zaragoza, Getxo, Donostia eta Hondarribitik etorritako ehun parte-hartzaile baino gehiago bilduko ditu.
Aurten, jaialdiak lau ontzi izango ditu, aurreko edizioan baino bi gehiago. “Dragon Boatean politena sortzen den giroa da. Adin eta profil askotako pertsonek hartzen dute parte kirol honetan, eta horietako askok ez dute aurretik itsasoarekin harreman esturik izan. Hemen, garrantzitsuena denok batera arraun egitea da”, adierazi du Navascuesek.
Era berean, taldearen izaera soziala nabarmendu du: “Gure taldea kirol honek ordezkatzen dituen balioen adibide argia da. Gehienak emakumeak dira, eta haietako askok bularreko minbizia gainditu ondorengo errekuperazio-prozesuak bizi izan dituzte. Dragon Boata ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko tresna bikaina da”.
Arratsalde osoan zehar, gainera, publiko guztiari zuzendutako hainbat jarduera izango dira: surf skatea, kartak, aurpegi-pintaketa, globoflexia, etab.
Lupe Queiruga Kirol zinegotziak azpimarratu du Hondarribiko Udalak kirol-jarduera sustatzeaz gain, parte-hartzea, berdintasuna, inklusioa eta bizi-ohitura osasungarriak bultzatzen dituzten ekimenekiko konpromiso irmoa duela.
Ildo beretik, Udalak kirola sustatzeko eta udalerriko kohesio soziala indartzeko ekimenak babesten jarraituko duela adierazi du. Konpromiso horren erakusgarri, Bikingo Egunaren antolakuntzan lagundu duela nabarmendu du Queirugak, baita klubak planteatutako hainbat beharri erantzun ere; besteak beste, Dragon Boateko ontziak garraiatzeko atoi bat erostea.
Bestalde, Hondarribiko Udalak eta HS2 elkarteak lagapen-hitzarmena sinatu dute garaje baten erabilerarako, kirol-materiala gordetzeko espazio egokia izan dezan.