Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea 12 milioi euroko proposamena eramango da osteguneko Plenoan onartua izan dadin

Ostegun arratsaldez burutuko den Ohiko Osoko Bilkurara 12.002.934’86 euroko kopurua eramango du EAJren Udal Gobernu Taldeak. Hala eman du aditzera gaur prentsaurrekoan Txomin Sagarzazu Alkateak.
“2020ko aurrekontuaren likidazioak 5 milioiko altxortegi-gerakina utzi duenez, 2021eko lehen kreditu aldaketari ekin diogu” esan du Sagarzazu Alkateak. EAJren Udal Gobernuak zirriborroa banatu zien beste udal taldeei eta negoziazio-prozesua ireki du azkeneko asteotan. Horren lehen emaitza da joan den osteguneko Ogasun Batzordean diktaminatutako 12 milioi euroko proposamena da datorren osteguneko Udalbatzara eramango dena”.
“Aurrekontuak onartzeko adierazitako irizpide berberak jarraitu ditugu orain ere. Pandemiaren ondorioz dugun egoera bereziari modu berezian erantzun nahi diogu: gogoratu aurtengo aurrekontua %10 igo dela iazkoarekin parekatuta, eta orain beste 12 milioi erantsi nahi dizkiogula. Gure erronka hondarribiarrei behar bezala erantzutea da eta Hondarribiko bizitzan eta garapenean ahalik eta eragin handiena lortzea da. ‘Herritarrak Ardatz’ da gure aldarria eta erronka, aurrekontuen lanketa adierazi genuen modura” gehitu du Txomin Sagarzazuk.
Oposizioko alderdiekin lanketa
“EAJren proposamena 11 milioikoa zen, eta horri ABOTSANITZekin adostutako 820.000 euro gehitu behar zaizkio eta PSE-EErekin adostutako beste 187.500. EHBildu taldeak orain arte ez du partida gehigarririk aurkeztu. EAJren Udal Gobernuaren jarrera udal taldeen arteko lankidetza sustatzea da. Horren froga da gaur aurkezten den proposamenak jaso duen babesa eta badugu itxaropena Udalbatzan babes hori handituko dela. Batzordean PSEk alde bozkatu zuen eta ABOTSANITZ zein EH BILDUk abstentzioa”.
“Eskerrak eman nahi dizkiet beste udal taldeetako ordezkariei jokabide horretan bat egiteko gai izan garelako eta aurrera begira ere guk hala jarraitzeko borondatea dugula adierazi nahi dut”.
“Egitasmoak gauzatzea da orain erronka: ez da erraza izango baina horretarako udal zerbitzuak indartzeko hainbat pauso eman ditugu, hainbat pertsona kontratatu ditugu, barneko prozesuak hobetzeko lanean ari gara eta espero dugu 2021ean zehar hori sumatzea” dio Alkateak.
12 milioi 4 ardatz estrategikotan
Aurrekontuak lau atal estrategikotan banatu direnez, kreditu aldaketa ere hala egin da. Gastu sozialerako 2’12 milioi bideratuko dira, ekonomiaren sustapenerako 594.000 euro, Udalerria atalerako 8’5 milioi eta Udala ardatz estrategikorako 748.000€.
Gastu sozialean, aipatzekoak dira hainbat kirol talderi emango zaizkien 695.000 euroko laguntzak, gaueko eta eguneko harrera zerbitzuetarako 200.000€, Liburutegian egokitzapen lanak egiteko 193.000, edota batez ere Satarka eta Bordari zentroetan 130.000 euroko inbertsioak adibidez.
Hondarribiko ekonomia sustatzeko atalean, 190.000€ turismo eta merkataritza jardueretarako, beste 150.000 euro enpresei bideratutako dirulaguntzetarako edo 111.000 euro Hondarribia Abian enplegu planerako adibidez.
Udalerria ardatz estrategikoan, 6’7 milioi euro hainbat kale berriritartzeko plan nagusia martxan jartzeko, eta kaleko 7 komun jartzeko beste 538.000 daude adibidez.
Udala ardatzean aldiz, 748.000 euro onartu nahi dira, gehienbat Udaltzaingoak kontserbazioa, mantenua eta inbertsioak egiteko.