Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea 'Txomin Artola Et Incarnatus Est' liburu eta diska aurkezpena zuzenean ostiralean Itsas Etxea Auditoriumean

Kontzertu berezia izango dugu ostiralez Hondarribian. ‘Txomin Artola Et Incarnatus Est’ liburu eta diska baten aurkezpenerako balioko duen ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da Itsas Etxea Auditoriumean. Sarrerak ohiko bideetatik jaso behar dira.
Horren berri emateko ekitaldia auditorian bertan egin da gaur goizean, eta han izan dira Juan Luis Silanes Kultura zinegotzia, Txomin Artola bera, eta Migel Zeberio, koordinazio lanetan ibili dena ekimenak argia ikus dezan.
“Euskaldunon soinu-bandaren zati ezinbesteko dira Txomin Artolaren kantuak” esan du Juan Luis Silanez zinegotziak. “Orain, Migel Zeberio akuilatuta, liburu-disko eder honekin datorkigu Txomin. Ekitaldi ederra izango da ostiralekoa eta pena bat da gaur egun abian dauzkagun osasun neurriekin aforoa txikia izatea, baina ez daukagu beste aukerarik”.
“Kantuak hautatzea ez da lan erraza izan. Sartu diren hamalauak, ordea, nahitaez sartzekoak ziren, eta diskoa Artolaren ibilbide oparoaren isla egokia da” gehitu du Migel Zeberiok. “Moldaketak goren mailako musikarien esku utzi nahi izan dugu, eta Et Incarnatus orkestra arduratu da dena gauzatzeaz, puntako musikari gonbidatuak lagun”.
Euskal kantagintzan garrantzi haundia
“Euskal kantagintzan garrantzi haundia izandakoa da Txomin Artola, eta nik uste zorretan geundela halako omenaldi moduko hau egiteko. Eskertu egin nahi dut Udalak izan duen jarrera hasiera batetik, asko inplikatu da eta hori oso garrantzitsua da” dio Zeberiok.
Txomin Artola pozik agertu da. “Lehen aldiz Migel etorri zitzaidanean pentsatu nuen zer izango ote zen aterako zena. Baina lan handia egin da, jende asko inplikatu da, oso profesionala, eta oso pozik egoteko moduko emaitza bat lortu dela uste dut. Ni behintzat oso pozik nago, eta oso eskertuta denei. Bereziki aipatu nahi dut Udalaren portaera, baita Foru Aldundi eta Eusko Jaurlaritzarena ere”.
Ostiralean aurkeztuko den liburu eta diska, euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez idatzia, ordutik aurrera salgai jarriko da herriko liburudendetan eta ARMA PLAZAn, baita Elkar Argitaletxeko sarean ere.