Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea 'Txanogorritxuren erakusleihoak' ekimena antolatu du Udalak hiriko 11 saltokitan

Hondarribiko Udalak, hiriko merkatariekin batera, “Txanogorritxuren Erakusleihoak” izeneko ekimena jarri du martxan, Hondarribiko Udal Liburutegiak bultzatua eta Hondarribia Abian ekimenaren baitan.
Aurkezpena gaur goizean egin da Joxean Harategia saltokiaren aurrean, eta han izan da Maria Serrano Sustapen Ekonomikorako eta Merkataritzako zinegotzia, Nekane Barandiaran Udal Liburutegiaren izenean, eta Mario Echeverria erakusleihoen dekorazioen koordinatzailea. Beraiekin batera, ekimenean parte hartu duten zenbait dendari ere izan dira.
“Helburua tokiko merkataritza dinamizatzea da, kulturaren eta merkataritzaren arteko sinergiak sortuz. Erakusleihoek jende-fluxu handia erakarriko dute, eta horrek parte hartzen duten saltokien ikusgarritasuna areagotuko du, horien kalitatea eta erakargarritasuna zabaltzeaz gain” esan du Maria Serrano zinegotziak.
“Jarduera honetan Txanogorritxuren ipuin klasikoa taularatuko da Hondarribiko 11 saltokitan, teknologia eta elementu berritzaileak erabiliz, hala nola interakzioa eta mugimendua erakusleihoan, aro digital berri honekin bat etorriz. Lan handia egin da eta eskerrak eman nahi dizkiet parte hartu duten guztiei, oso polita eta maila altukoa baita” gehitu du Serranok.
Erakusleihoak hainbat argitaletxetako Txanogorritxuren irudiekin apaindu dira eta QR kodeak dituzte, bisitariek ipuina euskaraz zein gaztelaniaz entzun ahal izan dezaten telefono mugikorren bidez. Saltoki bakoitzak zati txiki bat du, amaieran, istorioaren hurrengo zatia non entzun daitekeen adierazten duena.
Grabazioetarako, Udal Liburutegiko adin guztietako erabiltzaileen ahotsa erabili da. Era berean, erakusleihoak elementu apaingarrien mugimendua eta argiztapena aktibatzen dituen botoi bat du, eta sakatu besterik ez da egin behar mugimendua sortzeko.
Ipuin osoa entzun nahi dutenentzat, ondoko ibilbidea egin beharko da: Joxean Harategitik hasi, Conservas Hondarribia, Okil Denda Store, Xera Lencería, Xera Estetika, Done Pedro, Guauxua, Canela, Ongi Etorri, Lamiarri eta Bale Urdina establezimenduan amaitzen da.