Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea 'Papillon zine kluba' ekimenarekin hasiko du berriz bere kultur ibilbidea Polborinak
‘Hondarribia Kultura’-ren eta sormen ekimenaren barnean, Udaletik hainbat jarduera jarri dira abian, eta horren lekuko dira adibidez azken asteotan mantxan jarritako ‘Hondarribia sormen hiria’ beka deialdia edo Madalen lokalaren irekiera eta erakusketa. Oraingoan Polborinaren irekieraren berri eman nahi da, eta han izan dira Ortzi Alonso Kultura zinegotzia, Goio Uriarte eta Maddi Carton Kultura eta Turismoko teknikariak, eta Lander Berges, zineforum berriaren arduradunetako bat.
“Urteetan itxita egon da Polborina, eta Udaletik orain berreskuratu egin da. Inbertsio bat egin da, eguneratu egin da eta ikusentzunerako prest dagoela lehen urratsa eman nahi da. Oraindik ez daukagu definituta zein izango den bere erabilera, denborak erakutsiko dugu ze ibilbide izango duen, baina herriko elkarteek eta kultur eragileek erabiltzeko gune bat izango da” esan du Ortzi Alonso zinegotziak.
“Ikusentzunerako prestatua dagoela ikusita, zinegintzarekin loturiko dinamika batekin hastea ikusi genuen. Herriko eragileekin eta kasu honetan zinefiloiekin kontaktuan jarri ginen, kasu honetan Lander Berges, Mikel Sagarzazu eta beste batzuk, proposamen bat helarazi ziezaguten Polborinean garatzeko. Hortaz gain, maiatzean zehar hitzaldi bat egingo da, ‘Zinegoak’ ere hemen egingo da, eta apurka kultur agendan gune berria sartzeko lanetan ari gara. Leku txikia eta jasoa da, 30 lagunentzako aforoa dauka”.
Papillon zine kluba
Lander Bergesek eman du informazio zehatzagoa. “Herriko zenbait zinefilo elkartu gara, Papillon Zine Kluba sortzeko. Helburua ez da soilik zinea programatzea eta ikustea. Perspektiba berri bat eman nahi diogu, eta Liburutegian sortu diren irakurketa taldeak bezala, zinefiloekin antzeko zerbait egin nahi dugu, hemen elkartu eta eritzi desberdinak mahai gainean jarri, debateak sortu eta batak bestearen iritzia entzun, landu, kontrastatu eta denok irabazten ateratzea lortu nahi genuke”.
“Filmeak komunitatean ikustea nahi dugu, ez bakoitza bere etxean klik bat eginda egotea. Espazio kritiko bat izatea nahi dugu. Hala, lehen zikloan gure bizitzan zeresana izan duten zenbait filme hautatu ditugu. Lehen saio hauetarako hautatu diren filmak hauek dira: ‘Amelie’, ‘La chica del puente’, ‘Güeros’ eta ‘Mystery train’ izango dira.
Egunak hautatzeko prozesua
Ortzi Alonsok gehitu duenez, “ez daukagu argi asteko zein egunetan egin daitezken saioak, astelehen, ostiral edo igandeak izan daitezke. Horregatik, www.hondarribia.eus orrian, Hondarribia Kultura atalean, galdetegi bat zintzilikatuko da, batez ere ekimenean parte hartzeko interesa izan dezaketenek aukera dezaten egun aproposena, beraiek izango dira eta protagonistak.
Galdetegia: https://www.hondarribia.eus/eu/hondarribiakultura/papillon-zine-kluba