Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Mostrar/ocultar men� principal de navegaci�n [eu]

Menu Gazteria (old)

Aplikazio habiaratuak

Menu Prensa

Aplikazio habiaratuak

Gaurkotasuna

Atzealdea ‘Mendiak-1976’ Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean Mendi Tourreko pelikulen artean apirilak 8 eta 9an

2022-04-05
Mendi Tourrak ibilbide oparoa du bertan, aurten 7. edizioa ospatuko du, eta saioetara bertaratzen direnek mendiko zinemarik onenarekin gozatuko dute.

. Lau pelikula programatu dira, 2021eko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaian sarituak
. Sarrerak salgai Arma Plazan eta on-line

Mendi Film nazioarteko jaialdiko pelikula onenen zirkuitu ibiltaria Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumera itzuliko da apirilaren 8 eta 9an, ostirala eta lrunbata. Mendi Tourrak ibilbide oparoa du bertan, aurten 7. edizioa ospatuko du, eta saioetara bertaratzen direnek mendiko zinemarik onenarekin gozatuko dute.

“Kultur emanaldi berri batekin gatoz oraingoan” esan du Juan Luis Silanes Kultura zinegotziak. ”Udaletik Mendi Tour babestu egiten dugu. Ikaragarrizko kalitatea duten emanaldiak dira, eta hiritarrak eta gure artera etortzen direnak deitu nahi nituzke ikuskizunaz gozatzera”.

Mendiko, abenturazko, muturreko kiroletako eta naturako pelikula zoragarriek osatuko dute Hondarribiko programazioa. Guztiak dira obra gomendagarriak mendizaleentzat bezala baita zinezaleentzat nahiz publiko orokorrarentzat.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 14.edizioan sarituak izandako 4 film eskainiko dira, tartean ‘Mendiak-1976’. Joan zen abenduan Mendi Filmeko Hasiera Ekitaldian estreinatu zenez geroztik, azken boladako pelikularik arrakastatsuena bihurtu da: Bilbon Publikoaren Saria eta Mendiko Film Onenaren saria irabazi zituen, Iruñeko Golem Baiona zinemetan 7 astez egon zen karteldegian, 4100 ikusle bilduz, eta Mendi Tour zirkuituko emanaldietan ikusleen harrera bikaina jasotzen ari da.

Luis Arrieta, Dani Burgui eta Jesus Iriartek eginiko pelikula da, 1976ko Shakhaur-Hindu Kush espedizio nafarra oinarri duena. Pelikula zoragarri bat, balore asko transmititzen dituena, eta egungo baliabide teknikoekin jantzita, nazioartean ere  arrakasta izateko osagai guztiak dituena.

Horrez batera, Mikel Sarasola kayaker eta zinegile donostiarraren ‘Jötunn’, Chamonix-Zermatt eski zeharkaldia non-stop burutzeko bi emakume atleta puntakoren erronka ‘The Traverse’ filman, eta Sender Films ekoiztetxe estatubatuarraren ‘Black Ice’ dibertigarri eta eredugarria programatu dira.

Hondarribiko Udala da ekitaldiaren babeslea. Laguntzaileak: Zineuskadi eta Instituto Polaco de Cultura Madrilen.

Sarrerak, 3€ saioko, Hondarribiko Arma Plazako leihatilan nahiz Kutxabank ticketing sarean erosi daitezke.

MENDI TOUR HONDARRIBIA 2022 EGITARAUA

Saioak 19:00ean hasiko dira, eta 21:00erako amaituko dira.

Jatorrizko bertsioetan eskaintzen dira pelikulak, Mendi Filmek sortutako azpitituluekin lagunduta.

Apirilak 8 ostirala

MENDIAK-1976

Mendiko Film Onena eta Ikusleen Saria Mendi Film 2021

Historia zirraragarria, 1976an Shakhaur (7.116m) inguruan espedizio nafar bat eta poloniar bat betirako anaitu zituena: gailur historikoa, istripu tragikoa, mugarik gabeko elkartasuna, erreskate gogoangarria, eskutitz harreman zentsuratua, berreskuratutako kontaktua, eta 2021 abenduan, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia Hasiera Ekitaldian, berriz elkartzea 45 urte eta gero.

Apirilak 9 larunbata

JÖTUNN

Mendi Film 2021 Sail Ofiziala

Islandia, suaren eta izotzaren lurraldea, munduan ur-jauzi gehien dituen lekuetako bat da; muturreko kayaka egiteko erreferentziazko lekuetako bat beraz. Puntako hiru kayakerrentzat gutizia bat: Mikel Sarasola, Aniol Serrasolses eta Aleix Salvat.

THE TRAVERSE

Epaimahaiaren Saria Mendi Film 2021

Valentine Fabre eta Hillary Gerardi, goi-mailako bi atleta, Chamonix eta Zermatt lotzen dituen Haute Route ibilbidea geldialdirik gabe eskiatzen duten lehen emakumeak izateko erronkan murgilduko dira. 

BLACK ICE

Eskalada Film Onena Mendi Film 2021

Larruazal beltzekoentzat ezohikoa den jokogune bat: elurra eta izotz hormak. Eta berezko dituzten ezaugarriak: anaitasuna eta rollo ona. Menphistar batzuk protagonista, alpinista izatea zer den ikasi nahi dutenak haien irakaslearengan uste on osoa jarriz: Conrad Anker.