Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea ‘Hondarribia Baltsan’, kirol inklusiboko jardunaldia maiatzaren 19an
Maiatzaren 19an oso kirol jardunaldi berezia burutuko da gure herrian. ‘Hondarribia Baltsan’, ATZEGI Elkartearekin eta Hondarribiko kirol elkarte askorekin batera antolatutako kirol inklusiboko jardunaldia, hain zuzen ere. Aurkezpen ekitaldia gaur egin da Udaletxeko Areto Nagusian, eta han izan dira Josu Peña Gizarte Kohesiorako zinegotzia eta ATZEGI Elkarteko Susana Velasco, baita Naiara Oronoz eta Mikel Fiz hondarribiar kirolariak ere.
“Gaurkoa oso egun berezia da” esan du Josu Peña zinegotziak. “Herriko kirol talde, herritar, eta hainbat eragile nahiz ATZEGI elkartea elkartu gara Hondarribia Baltsan ekimena aurkezteko.
Udal honek herrigintzan sinisten du eta hala sortu da ekimen hau. Herrritar talde batek, jardunaldi inklusibo bat antolatu nahi zuen, eta aukerak zehaztu eta gero, ATZEGI eta herriko kirol elkarteak elkartu gara. Ederra da herri ekimenetatik proposamenak atera eta udalarekin batera herria egitea.
Jardunaldi honetan, Atzegiko kirolariak Hondarribiko kirol elkarteetako kirolariekin batera arituko dira kirol jardun ezberdinetan. Atzegi, erreferentziazko elkarte bat da Gipuzkoan eta adimen desgaitasuna duten pertsonen alde egiten duen lana goraipatzekoa da. Atzegin aritzen diren kirolariak –tartean Naiara eta Mikel Hondarribiarra– gure herriko klubetan aritzeak Hondarribia aktibatzea ekartzen du. Lehen urte honetan, futbolean, arraunean, padel surfean, mendian edo palan arituko dira. Horrelako ekimen bat egitea gainera, elkarte bakoitzeko kirolarientzat hezkuntza esperientzia ere badela uste dugu.
Herriko elkarte ezberdinak helburu berarekin gaude hemen, eta horrek ekartzen duen elkarlana oso garrantzitsua da. Herri saretu bat nahi dugu, denok batera, denok baltsan” gehitu du zinegotziak.
ATZEGI Elkartearen izenean, Susana Velascok eskerrak eman dizkie “Hondarribiko Udalari eta herriko kirol elkarteei. Beraiek gabe ezin izango genuke guretzat oso garrantzitsua den ekimen hau antolatu. Guretzat beharrezkoa da zer den egiten dugun ikusaraztea, eta ildo horretatik, maiatzaren 19ko jardunaldiak zeresan berezia du guztiontzat”.