Aplikazio habiaratuak
Aplikazio habiaratuak
Gaurkotasuna
Atzealdea 'Fenomena' musika jaialdi solidarioa larunbatean hondartza inguruan
Hondarribiko Kirol Kaian larunbat honetan Fenomena Jaialdiaren edizio berri bat izango da, eta bertan musika programa zabala eta anitza izango da. Aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Ortzi Alonso Kultura Zinegotziak eta Oscar Marcos zein Javier Vitoria Fenomena Kultur Elkartearen ordezkariek. Ortzi Alonso zinegotziaren hitzetan larunbateko jaialdia “ekitaldi desberdina da. Musika jaialdia da, beste hainbat bezala, baina hasieratik berezia da. Azpimarratu nahiko nuke Fenomena Elkarteari esker herritik sortu den jaialdi bat dela.
Bestalde esango nuke aipatzeko modukoa dela duen izaera sozial eta solidarioa, beharrean dauden elkarteei laguntzeko prest baitaude. Egiten den boluntario lana ere azpimarratzeko modukoa da. Bukatzeko, esan nahi dut erreferentziazko hitzordu baten aurrean gaudela, udatik kanpo egiten den ekimena baita; bizirik dagoen bitartean aprobetxatu egin behar dugu, eta hala hiritarrei eta etortzen zaizkigunei bisitatzeko aukera luzatu nahi diet”
Javier Vitoriak esan duenez “aurrekontuan jauzi kuantitatiboa eman da, eta hori nagusiki Hondarribiko Udalari esker izan da, %70 ia bere gain doalako, beraz eskerrak eman nahi dizkiogu. Gero, enpresa txiki laguntzaile oso baliotsuak ditugu, eta gainerakoa egun horretako lanarekin eta aurretik egindakoarekin, hau da, kamiseten salmentarekin, txosnarekin eta abarrekin, ateratzen dugu. Txosna horretan bi euro balio duten edalontzi ez itzulgarriekin funtzionatuko dute”.
Aurreko urteetan bezala, FENOMENAK sorkuntza-prozesu betean dauden artistak bilatzen ditu. Edizio honetako 5 taldeek diskoa atera berri dute edo ateratzear dute, bizirik dauden taldeak dira eta beraien materiala zuzenean eskaintzeko prest daude. Fenomenak proposatzen duenarekin bat egiten duen publikoa da bilatzen duguna.
Arratsalde eta iluntzerako egitaraua
- 17:00 ANARI
- 18:30 BEIGE BANQUET
- 20:00 PERRO
- 22:00 PARQUESVR
- 23:30 GRANDE AMORE