Web edukia bistaratu

XVII. mendea eta 1638ko Setioa

Karlos V.aren ondoren, Filipe II.a bere semeak hartu zuen tronua. Herritarren artean esan ohi zenez, haren inperioan ez zen inoiz etzaten eguzkia. Mendean zituen itsas-eremuak hain zabalak zirenez, Erregeak kostaldeko herribilduen esperientziaz baliatu behar izan zuen, euskal kostaldeko herribilduenez bereziki. Izan ere, berauetako itsas-gizonak sona handikoak baitziren mundu osoan.

1574tik aurrera bereziki jaso zuen Hondarribiak errege-ontziteriari laguntzeko enkargua, ontzi eta itsas-gizonen errekrutatzearekin, eta 1588an errepikatu zen Armada Garaiezinaren hondamena gertatu zenean hain zuzen ere. Eskatutako ahalegina oso handia izan zenez, herribilduak gehiago egin ezin zuela aitortu zuen eta 1604an gudarako ontzien enbargotik eta itsas-gizonen errekrutatzetik salbuetsi zuten.

Ordurako Erresuma osoaren akidura-arrastoak antzematen hasi zen eta XVII. mendea hastearekin batera beheraldia are eta nabarmenagoa egin zen.

Karlos V.a eta Filipe II.aren figura handien ondoren euren balidoen menpeko ziren “austria txikiagoen” garaia iritsi zen.

Filipe IV.aren balido zen Olivaresko konde-dukeak gudu ezin txarragora eraman zuen Espainia, hogeita hamar urteko guda izena hartu zuenera. Erresuma kinka larrian zen, baina protestanteen aurrerakada gelditu eta kausa katolikoa babesteko egindako guztiak gutxiegi zela zirudien.

Olivaresko konde-dukeak

Setioa

 

1638ko setioa

Hogeita hamar urteko gudaren testuinguruan gertatu zen herribilduaren arma-gertakari ezagun eta gogoangarriena: 1638ko setioa. Proportzio mitikoak izan zituen gertakaria izan zen.

1638ko uztailaren 1ean, Hondarribiarrak erabat ustekabean harrapatuta, Condé printzearen esanetara zeuden 18.000 soldaduk Irun, Oiartzun, Lezo, Errenteria eta Pasaia hartu eta Hondarribia inguratu zuten.

Une horretan gazteluko soldadu eta herritarrak aintzat hartuta 700 gizaseme besterik ez ziren armadunak, 18.000ko gudarosteari aurre egiteko kopuru txikiegia, antza. Ondoko udalerrietako 77 armadun hurbildu zituen Probintziak, eta, egun batzuk beranduago, marea goian zela baliatuta, beste 320 iritsi ziren. Guztira, 1.100 ziren udalerria defendatzen, kopuruz askoz handiagoa eta artilleria sendoa zuen gudarosteari aurre egiten.

Setioa itxi aurretik emakume ausart talde batek ezkutuan mendian dagoen Guadalupeko santutegira iristea lortu zuen, Ama Birjinaren irudia hartu eta herribilduko Parrokiara ekarriz. Irudiaren aurrean herritarrek botoa egin zuten, guda irabaziz gero egun hori jai egingo zutela hitzemanez.

Uztailaren amaieran, setioak ia hilabete bete zuenean, eurek defendatzera joango zen gudaroste sendoa biltzen ari zela aditzera ematen zuen Gaztelako almirantearen gutuna irakurri zitzaien setiatuei. Herribildutik ahalik eta azkarren etortzeko erantzun zitzaion, bolbora, munizio eta elikagaietan eskas baitzeuden eta ez baitzekiten zenbat iraun ahal izango zuten. Filipe IV.a erregearen gutuna ere iritsi zitzaien, euren adoreaz harro zegoela adieraziz, eta, euren oroimena betikotu eta jasandako kalte guztiak konponduko zituela aginduz.

Asteak igaro baziren ere, laguntza ez zen oraindik iritsi. Abuztuaren 15ean, setioak 46 egun bete zituen. Ama Birjinaren Jasokunde eguna izanik, herritarrak elizan bildu ziren euren zaindariari egindako erreguak indartuz. Egoerak aldatzeko itxurarik ez zuenez, egun batzuk igarota irudia prozesioan atera zuten, herriaren hondamena ikusi eta euretaz erruki zedin.

Abuztuaren 31n frantsesek erasoari ekin zioten, esku-eskailerak erabiliz, eta defendatzaileek bike gori-goria jaurtiz eragoztea lortu zuten. Irailean, ordea, egoera jasanezina egin zen. Harresiak txikituta zeuden, etsaiek erretena hartu zuten, eta defendatzaileak geroz eta gutxiago izateaz gain, berun-eskasiagatik babesteko zailtasunak zituzten.

Frantsesek errenditzeko eskaintza egin zieten. Ontzat ematen zutenen ahotsa isilarazi zuen alkateak honela: “el primero que averigüe que anda hablando de entregarnos, yo mismo lo he de coser a puñaladas”, esan zien. Erantzun ofiziala herribilduko gobernadoreak berak eman zuen, erasotzen jarrai zezaten esanez, eta atzerritarren laguntzarik behar izan gabe Hondarribiak babeserako nahikoa bazuela aditzera emanez.

Hala, erasoei ekin zitzaien berriro. Harresietako pitzadurak estaltzeko behar beste lagun ez zegoenez, mutiko talde batek eskopeta eta mosketeak hartu eta gotorlekuko horma bat babesteari ekin zioten, bertan zeuden hilotzen edota harrien gainean jarrita.

Azkenean ere, irailaren 7an, setioaren 69. egunean, laguntza-gudarostea iritsi zen Gaztelako almirantearen agindupean. Frantsesek euren posizioak utzi eta ihesari ekin zioten. Euretako asko tirokatuta edo itota hil ziren.

Gaztelako almiranteak guduaren nondik-norakoak modu xehean deskribatu zizkion bere emazteari gutun bidez, ospetsu egin ziren hitzok erabilita:

"Amiga: como no sabes de guerra, te diré que el campo enemigo se dividió en cuatro partes: una huyó, otra matamos, otra prendimos, y la otra se ahogó. Quédate con Dios, que yo me voy a cenar a Fuenterrabía".

Hurrengo egunean erabat hondatuta zegoen herribildua bisitatu zuen almiranteak. Guztira 16.000 kanoi-bala erori ziren bertan. Kalterik gabeko etxerik ez zegoen, eta horietako asko erorita zeuden. Gaixo eta zaurituak bazter eta sotoetan etzanda zeuden. Tragediaren benetako larritasuna islatzen zuten euren aurpegi zargalduek.

1.100 armadunetatik 400 besterik ez zeuden ordurako. Setioaren amaieran munizioaren eskasiak larritasun-egoera areagotu zuen: herribilduan zegoen burdin eta berun guztia ahituta, etxeetako eztainua erabili behar izan zen eta zilarra ere jaurti zen armetatik.

Garaipenaren berri izan zutenean jai handiak ospatu ziren erresuma osoan. Antzerki-lanak, erromantzeak eta bertsoak idatzi ziren gertakaria kontatuz. Horietako batek, Calderón de la Barca berberak idatzitakoak, frantsesei emandako jipoia lantzen du ironiaz beterik. Hondarribiaren defentsa Sagunto eta Numantzia hirien defentsarekin alderatu zen, gainbeheran zen monarkiari oso ongi zetorkion mito berria sortzeko.

Erregeak ordainsari potoloak agindu zituen. Bere balido konde-dukeak ere "más mercedes que las que podían imaginar" hitzeman zituen. Baina lengoaia erretorikoa besterik ez zen, izan ere, koroa ekonomikoki lur-jota baitzegoen... Urtebete beranduago harresietako arrailek irekita jarraitzen zuten, eta hiriak erabat suntsituta. Erregeak egin zezakeen gauza bakarra tituluak ematea zen. Egindako defentsa heroikoagatik Hondarribiak "Muy noble, muy leal y muy valerosa ciudad de Fuenterrabía" titulua jaso zuen.

Guda igaro eta urte betera, askatu izanaren urteurrenean, hiribilduak egindako botoa gogorarazi zuen alkateak eta herritar guztiak prozesioan igo ziren Guadalupeko santutegira. 1639ko irailaren 8a zen, eta ordutik gaur egunera arte Alarde ospatu da, oso data zehatzetan salbu.

 

Bakea Frantziarekin

20 urte beranduago, 1659an, kontinente osoaren begietan jarri zen berriz ere Hondarribia. Mende eta erdiz etengabe gudan izan ondoren, bertan sinatu zuten Frantziak eta Espainiak Pirinioetako Bake historikoa. Izen hori eman zitzaion, bi erresumen mugatzat aipatu mendilerroa ezarri zelako. Gertaera handi horri esker gune diplomatiko moduan hiriak goiko muga jo zuen.

Negoziazioak Bidasoa ibilguaren erdian dagoen uhartetxo batean gertatu ziren, subiranotasun partekatua duen Faisaien Uharte edo Konferentziaren Uharte deiturikoan. Hondarribiko herritarrak bertara hurbildu ziren mota guztietako ontzietan, jauntxo handi horien sekulako jarraigoak (kasaka brodatuak, karrozak, eta ile-orde hautseztatuak) ikustera.

Puntu gatazkatsu guztietan akordioa erdiesteko 24 konferentzia egin behar izan ziren hiru hilabetez luzatu ziren bilera amaigabeetan, eta Bakea sinatu zenean Te Deum handia abestu zen Hondarribiko parroki-elizan.

Hurrengo urtean, 1660an, ezkontza baten bitartez itxi zen akordioa: Frantziako Luis XIV.a, Eguzki Errege deiturikoa, Espainiako Filipe VI.a erregearen lehenalabarekin, Austriako María Teresarekin, ezkondu zen. Ezkontza Hondarribian egin zen ekainaren 6an, zeremonia berezi batean.

Hiriko kale estuak bete zituzten gorteko pertsonaiek, zaldunek, zerbitzariek, damek... denak jantzi ikusgarriekin. Inguruko lurraldeetako eta Frantziako erresumako pertsonaia ospetsuak ere bertan izan ziren. Xehetasun bat besterik ez zen falta, baina garrantzi handikoa: ezkongaia. Izan ere, ezkontza "ahalordez" ospatu baitzen. Luis XIV.a erregea Donibane Lohizunen gelditu zen, bertan berretsiko baitzen, egun batzuk beranduago ospatutako zeremonian, aurrez hartutako konpromisoa. Den-dena gustu barrokoarekin bat etorriz, hau da, ahalik eta korapilatsu, sofistikatu eta konplexuen eginez.

Hurrengo egunean Filipe IV.ak elkarrizketa zuen bere arrebarekin, Frantziako erregina-amarekin, azken 25 urteetan ikusi ez zuenarekin. Hondarribian ontziratu zen gondola zoragarri batean, bere alaba ondoan zuela, eta Faisaien Uhartera jo zuen arrebarekin topo egitera.

Bitartean, Luis XIV.a bere emazte berria ezagutzeko irrikatan zegoen, 20 urteko gazteen suhartasunarekin. Nagikeria guztiak alde batera utzi eta Donibane Lohizunen zaldia hartuta 18 kilometro egin zituen uharteraino, bere emazte berria isilpean ikuskatzera, beste pertsona baten atzean jarrita. Emaztea jabetu zen erregea han zela, eta erabat aztoratu zen.

Elkarrizketa amaitu zenean, jarraigoak ibaian zehar itzulera egin zuen eta Frantziako erreak ibaian behera jarraitu zion bere zaldi kementsuaren gainean, ibai bazterretik lagunduz. Une batean gelditu egin zen bere emaztea arretaz behatzeko, eta pasatzerakoan agur maiestatetsua egin zion. Filipe VI.ak txapelarekin erantzun zion... baita Maríak ere.

Setioa

Alardea