Web edukia bistaratu

XV. eta XVI. mendeak

1453an, Ehun Urteko Gerra amaitu ondoren, Akitania Ingalaterrako erregeari kendu zion Frantziak, eta berreskuratu egin zuen. Ordutik aurrera, tentsioa nagusitu zen berriz ere mugan.

Gertakari hark garrantzi handiko kokapen bilakatu zuen Hondarribia eta, aurrerantzean, jazoera txikienak ere asaldatzen zuen hiribilduko biztanleria.

 

1476ko setioa

1474an, ondorengorik gabe hil zen Enrike IV.a, eta bere arrebak, Isabel Katolikoak, hartu zuen tronua. Ondorengotza Gerra egin behar izan zuen koroa bereganatu nahi zuen beste oinordeko batekin, hots, Portugalgo erregearekin ezkonduta zegoen Joana Beltranejarekin. Isabelen alde agertu ziren bizkaitar eta gipuzkoarrak, baina Beltranejaren alde zegoen Frantzia. Testuinguru honetan, hiribilduan izandako lehenengo setio garrantzitsua gertatu zen, 1476an. Frantsesak Gipuzkoan sartu ziren, eta erabat suntsitu eta erraustu zituzten inguruko herriak.

Baina Don Juan de Gamboak lan bikaina egin zuen hiribilduko defentsak prestatzen. Frantsesek, kalte gutxi egiten zutela ikusita, laster adoregabetu ziren eta Baionara erretiratu ziren bederatzi egunen buruan. Han, haserre handiz jaso zituzten.

 

Plazaren garrantzia

Arrakastarik gabeko setio haren ondoren, begien bistan zen gotorleku honen garrantzia, eta bai bere defentsan jarri beharreko arreta ere. Zera zioen Nafarroako erregearen oroitidazki batek: "izan ere, hiribildu hori galtzen badute, Gipuzkoa osoa galduko dute; eta Nafarroa eta Gaztelan sartzeko oztoporik ez dute izango frantsesek".

Dakigunez, beilaldiak eta zaintzak egiten ziren jada garai hartan. Hiribilduko biztanle guztiek zuten gotorlekuak zaintzeko eta beilak eta errondak egiteko betebeharra, ustekabean hartu ez zitzaten.

Setio hartatik hogei urtera, berriro egin zuten okerrera Frantziarekiko harremanek, eta berriro ziren eraso baten beldur. Beste behin, Hondarribian zituzten jarrita begiak erregeek. Isabel Katolikoaren eta alkate berriaren arteko gutuneria etengabea zen. Hasieratik, zera ziotson erreginak: "gure erreinuaren zaindaria eta konfiantzazko defentsa nagusia da Hondarribiko gotorlekua".

1496an, harresian eta gazteluan defentsa berriak eraikitzea agindu zion, eta ingeniari onenek zuzenduta egin ziren obrak.

Hondarribian gertatzen zen guztiaz arduratzen zen erregina: Burgos eta Andaluziatik hornidurak bidaltzea agindu zuen eta gazteluko soldaduek sortzen zituzten tirabirak konpontzeaz kezkatu zen. Zehazki, Montoya izeneko gizon batek gauzatutako erailketaren ondorioz, asaldura handia sortu zen zuela gutxi, eta oso urdurituta zeuden guztiak. Zera idatzi zion erreginak alkaideari:

"Gudagizonek bertakoengan gauzatzen dituzten tratu txarretan izan ohi du jatorria zure esanetan bertakoek gudagizonei dieten gorrotoak. Inork tratu txarrik jasan behar ez izatea bermatu behar duzu. Eman iezaiezu azkar beharrezko dutena asalda ez daitezen eta haien arteko liskarrak bare daitezen; horrela, bakean biziko dira. Eta, bidegabekeriarik egiten duenari, ezar iezaiozu zigorra. Izan ere, eragozpen handiak dakartza justizia ematean berandutzeak, baina, behar denean ematen bada, onbideratu eta lasaitu egiten da guztia".

Gipuzkoako bigarren gotorleku zen Donostian gertatzen zen bezalaxe, buruhauste etengabeak ematen zizkion Hondarribiari hiribildu barruan halako gudaroste handi bat izateak. Arrotzak ziren soldaduak, eta ez zieten bertako agintariei men egiteko beharrik. Hortaz, nahi zuten gisan jarduten zuten, eta auzotarrei lapurtu eta haiekin bidegabe jokatzen zuten. Herritarren bizimoduko alderdi guztiei eragiten zien haien presentziak, eta zenbatezinak dira udalbatzak Koroari horren zioz aurkeztu zizkion kexak.

 

Plano antiguo
Plano antiguo

 

Pribilegio-erregimena

Mende eta erdi iraun zuten Frantziaren aurkako guduek, XV. mendearen amaieratik XVII. mendearen erdialdera arte; hots, Espainiak Europan nagusi izateari utzi zion arte.

Denboraldi hartan, gudarako ahalegin handiak exijitu zitzaizkion Hondarribiari. Behin eta berriro suntsitzen zen hiribildua gerraren ondorioz, eta giza-sakrifizio handiak egiten ziren. Hala adierazi zioten erregeari oroitidazki batean:

"gure bekatuen edo mugan dugun kokapenaren ondorioz, gudaren arriskuen mende gaude. Haren erruz, txirotasun, miseria eta hondamen gorrian bizi gara: hiribilduan genituen pertsonarik baliotsuenak erail eta gure soro eta ontziak suntsitu dituzte. Ez da beste inon izan hiribildu honetan egin denaren neurriko ausiabartzarik. Hondarribia antzina ezagutu eta orain ikusten duenak bakarrik jakin dezake zenbaterainokoa izan den gainbehera".

Ordainetan, errege guztiek eman zizkioten Hondarribiari zerga-abantaila eta -salbuespenak. Denborarekin, pribilegiozko erregimen bat joan zen itxuratuz, eta ingurukoen bekaizkeria eragin zuen.

Hondarribiko ontziek lehentasuna zuten portu guztietan. Janari-eskasia zegoen garaietan ere, salgaiak bidali behar zizkioten hiribilduari Kantauri itsasoko, Galiziako, Andaluziako eta Kanariar uharteetako portuek, haien beharrizanen kaltetan. Protestak egiten zituzten portu haiek, baina, behin eta berriro, Hondarribiaren pribilegioak berresten zituen monarkiak. Garai hartan, estatuaren erantzukizun garrantzitsua zen Hondarribiko gotorlekua ondo hornituta egotea.

Isabel la Católica

Setioa