Web edukia bistaratu

Gobernu Onaren Kodea

Atarikoa

Hondarribiko Udal Gobernua osatzen dugun ordezkariok konpromisoa hartzen dugu jarraian aipatutako Gobernu Onaren irizpideen arabera aritzeko gure jarduera politiko instituzionalean.

Herritarrek gertuen dituzten erakunde publikoak Udalak direnez, hauen kudeaketa etika publiko komunean oinarritzea, ustelkeria kasuak erabat baztertzea eta praktika onak sustatzea da gure konpromisoa, besteak beste hori delako herritarren artean ere kultura zibiko sendoa bermatzeko modurik eraginkorrena.

Honako Kode honek bere baitan jasotzen ditu CLRACE Europako Batzordeak (The Congress of Local and Regional Authorities of the Council of Europe) 1999ko Ekainaren 17an onartutako aholku multzoa “European Code of Conduct for the Political Integrity of Local and Regional Elected Representatives”, eta gure errealitateari erantzuten dioten zenbait irizpide gehitzen dizkio. Aintzat hartzen du, halaber, 2014ko azaroaren 19an Udalbatzak egindako bilkuran onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Tokiko Politikaren Kalitate Instituzionalerako Konpromiso, Jokabide eta  Gobernu Onerako Kode Etikoaren edukia ere.

Eremu publikoan zein pribatuan arduratsuagoak izan asmoz, etika orokor bat garatzen da Kode honetan, erakunde publikoek eduki behar dituzten baloreak sustatuz eta egiten dugunaren ondorioak aztertuz. Jarraian zerrendatzen diren irizpide hauen helburua da Udal Gobernuko kideon jarduna zuzena izatea, arduratsua, jendartearen zerbitzura dagoena, gardena, eraginkorra eta funtzio publikoari modu erabatekoan zor zaiona.

 

Tokiko Gobernu Onaren Kodeko irizpideak

Udal ordezkari garenez gure funtzio publiko eta betebeharrak kode honetan jasotzen diren irizpide, printzipio etiko eta jarreren arabera beteko ditugu.

Udal ordezkari garen neurrian bultzatu egingo ditugu kudeaketa gardena eta eraginkorra, demokrazia partehartzailea, justizia soziala eta karguaz onurarik ez ateratzea.

 

Ondarea

Hondarribiarren udal ordezkari izateagatik ez dugu erakundea, ez gure, ez gure ezagun zein senitartekoen onurarako erabiliko.

Hondarribiko udal ordezkariok ez dugu inorengandik oparirik onartuko, izan pertsona zein erakundeena, kortesiazko keinu soil izatetik harago badoaz. Irizpide berak balio du Hondarribiko Udaleko Gobernuko konfidantzazko karguentzat.

Ondarearen zinpeko adierazpena egingo dugu balizko aberastea kontrolatzeko eta ekiditeko.

Udal soldata jasotzen dugun gobernukideok gure karguarekin bateraezinak diren edo izan litezkeen eta etekin ekonomikoak ematen dizkiguten edo eman diezazkiguketen ekimen pribatuak jasotzen dituen adierazpena sinatuko dugu.

Agintaldian zehar egiten ditugun ondasun edo jarduera aldaketak Ondasun eta Interesen Erregistroan izendatuko ditugu gertatu eta gehienera lau hilabeteko epean.

Udal hautetsi garenez gure irabaziak publiko egingo ditugu herritarrek ezagutu ahal izan ditzaten.

Irabaziak bere osotasunean argitaratuko ditugu, bai udal ordezkarienak bai konfiantzazko karguenak ere. Gure ordezkaritzagatik jaso ditzakegun bestelako ordainak ere publiko egingo ditugu.

Udal ordezkarien ordainsaria eta konfiantzazko karguena dedikazioaren araberakoa izango da, kontuan izanik Hondarribiaren tamaina, kudeatu beharreko aurrekontua, ardura, Udalaren egoera finantzieroa eta herrialdearen egoera sozioekonomikoa.

Gobernuko kideek erabateko gastu politika soila eta zuhurra bermatuko dugu.

 

Justizia soziala

Proposatzen den gizarte eraldaketa aurrera eramango duen garapen eredu integral batean oinarrituz, helburu honekin bateragarriak izango diren neurri politikoak martxan jarriko ditugu. Eta egindako lanaren barne kontrolerako bitartekoak jarriko ditugu, zeinak pertsonen oinarrizko beharrak asebetetzea helburu duten bitarteko eraginkorrak izango diren.

Gizarteratzearen alde lan egingo dugu, bai eta hiri orekaren alde Hondarribia osatzen duten auzoen arteko hurbilketa bultzatzeko.

Gizonezko eta emakumezkoen arteko desberdintasunak gainditzeak irtenbide partzialetatik eta neurri zehatzetatik aldentzea dakar, emakumeen eskubideen alde lan eginez eta genero parekidetasuna bultzatuz.

Hiri politikaren lehentasunezko helburuetan sartuko dugu aldaketa klimatikoaren aurka egitea, garapen jasangarri eta ingurumenarekiko orekatua eta hiriaren antolaketa arrazionala.

 

Bizikidetza eta normalkuntza politikoa

Bakean, segurtasunean eta nazioarteko zuzenbidean, giza eskubideen eta funtsezko askatasunetan oinarritutako bizikidetza bermatuko dugu gobernu modura, aniztasunetik, maila pertsonalean zein kolektiboan, garapen justu eta zuzen baten alde lan eginez.

Soilik bide eta bitarteko politiko, baketsu eta demokratikoekin jarduteko gure konpromisoa tinkoa da. Honek, eskura ditugun bitarteko legitimo guztien bidez aritzea dakar, edozein giza eskubideren aurka burutu daitekeen inolako eraso edo bortxazko ekintza eta jardueraren kontra, eta helburu politikoak lortzeko biolentzia baztertzea suposatzen du.

Elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa da lanerako metodoa. Hori posible izan dadin gure herriko gatazka politikoaren arrazoiak aztertuko dira, interpretazioen arteko desadostasunak, interes bateragarriak, oztopoak, eta faktore horiek guztiak kontuan izanik, akordioa erraztu dezaketen prozesuak jarriko dira martxan.

 

Aniztasun politiko eta mediatikoa

Talde Politikoek egoitza izango dute udalean. Gobernuak euren esku jarriko ditu materialak, aurrekontuak ahalbidetzen duen neurrian.

Hiriko informazio eta komunikazio bideetan askotariko ikuspuntuak agertzearen alde egingo da.

 

Eraginkortasuna

Gure jarduera politikoak eraginkorrak izan daitezen saiatuko gara, Hondarribia gaurkotzeko balio dutenak eta herritarren zerbitzura bideratzen direnak.

Elkarrizketa iraunkorra izango dugu gizarte eragileekin, auzo elkarteetako ordezkariekin, administrazioko langileekin eta sindikatuekin, udalak ematen dituen zerbitzuak modu eraginkorrenean emateko konpromisoa indartzeko.

 

Gardentasuna

Udal ordezkari garenez gure jardun politikoa erabat publikoa izango da, eta kudeaketa gardena.

Herritarren eta Gobernuaren arteko informazio eskubidea bermatuko dugu, herritarren eta Sail bakoitzaren artekoa ere bai, informazio teknologiak eskaintzen dituzten aukerak baliatuz eta hauen erabilpena sustatuz.

Iradokizunak eta kexak egiteko mekanismoak indartuko ditugu, gardentasuna, parte hartzea eta herritarrekin komunikazioa hobetzeko.

Udal Gobernuak oposizioko kideekin bilera sarriak egiten saiatuko da, gobernu ekimen eta proiektuen berri emateko, akordioak errazteko eta Toki-Administrazioa modu anitzagoan kudeatzen saiatzeko.

Arau orokor gisa ohiko Udalbatzak bi hilean behin egingo dira.

Lortzen diren akordioen baitan, Udalak ordezkaritza duen erakunde eta elkarteetako kide izango dira oposizioko zinegotziak.

Udal laguntzak jasotzeko prozedurak xehetasunez argitaratuko dira, jasotzailea eta zenbatekoak jarrita, eskatzaileen izaera juridikoa eta haien mendeko taldeen inguruko erabateko gardentasunaz.

 

Herri Partaidetza

Herritarrei ahotsa eta eragiteko ahalmena emango zaie, gizarte zibilaren protagonismoa indartuz, gobernagarritasuna hobetuz eta instituzioa demokratizatuz, beti ere politika publikoetan herritarren eragina handitzeko helburua izanik.

Demokrazia partehartzailea eta demokrazia ordezkatzailea ez dira kontrajarritako bi aukera, eta biak garatzeko konpromisoa hartzen dugu. Gizarte mugimendu sendoa eta ondo antolatutako gizarte partehartzailea ezinbestekoak dira tokiko benetako demokrazia garatzeko.

Hondarribia harremanduna eta elkarrizketa zalea bultzatuko dugu, herritarrak inplikatuaz eta herritarrei zein eragile ekonomiko, politiko, sozial eta kulturalei galdegiteko bideak ireki eta bitartekoak jarrita.

Parte hartzeko bitarteko konkretuak jarriko ditugu, proiektu zehatzen inguruan lan taldeak eratuko ditugu eta Aholku Kontseilu Sektorialak hobetzeko ahalegina egingo dugu.

 

Kodea berrikusi eta berrestea

Udal Gobernu Taldeak ikasturte politikoaren hasieran berrikusiko du kode hau Tokiko Gobernu Batzarraren saio batean eta honekiko konpromisoa berretsiko du.

Hondarribian, 2017ko urriaren 26an

 

 

Dokumentuak deskargatu