Web edukia bistaratu

Erdi Aroa Hondarribian

Hondarribiko hiribildua (edo, historikoki esan izan den moduan, Hondarribia) erabat aldatu zen Erdi Aroan. Nafarroako Antso Abarka erregeak (970-999) gotorleku bat eraiki zuen bertan, eta, beranduago, Antso VII.a Azkarrak sendotu zuen. Nabarmendu beharra dago Hondarribia Nafarroako parte izan zela Alfontso VIII.a Gaztelakoak 1199 eta 1200 urteen bitartean bereganatu zuen arte. 1203. urtean, Donostiako Forua eman zion.

Garai honetan, erresumaz aldatuz joan zen hiribildua, une bakoitzean komeni zenaren arabera. 1256an, Donostia eta Hondarribia eman zizkion Nafarroari Alfontso X.a Gaztelakoak, “itsasoko nahiz lurreko errenta guztiekin batera”. Halere, denbora gutxiren buruan, lehengoratu egin zen egoera, eta kendu egin zitzaion Nafarroari Bidasoaren bitartez itsasora irteteko aukera.

 

Hondarribia, hiri gaztelaua

Nafarra ala gaztelaua da Hondarribia? Egun, ez dago zalantzarik nafarrek sortua dela. 1200. urtean, Araba eta Gipuzkoa menderatzea erabaki zuen Alfontso VIII.a Gaztelakoak. Orduan, Nafarroako Erreinuari zegozkion lurraldeok. Halere, jaraunspen gisa bereganatu nahi zuen Akitania Alfontso VIII.ak, eta Frantziako kostaldeko lurralde hura Gaztelarekin konektatzea ekiditen zioten Arabak eta Gipuzkoak. Horrela, hiribildu gisa sortu zenetik urte gutxira, Gaztelaren parte bilakatu zen Hondarribia. Aurrerantzean, Nafarroak etengabe erreklamatu zuen Hondarribia erreinuko portu natural gisa eta, Gaztelak bereganatu bazuen ere, harreman ekonomiko eta komertzial bereziak mantendu ziren bien artean. Hainbatetan, Hondarribiko hiribilduak berak eskatu zuen Nafarroan berriz sartzea. XIX. mendeko urte gutxi batzuez bakarrik gertatu zen hori.

Gipuzkoako jaun berriak, Alfontso VIII.a Gaztelakoak, bereganatu berri zituen hiribilduen pribilegioak berretsi zituen berehala. 1203an berretsi zen Hondarribiko forua. Sortze-datatzat jo izan da urte hori, baina, dirudienez, zenbait urte lehenago sortu zuten nafarrek.

 

Arrantza eta merkataritza ziren hiribilduko jarduera ekonomiko nagusiak. Donostia eta Getaria bezalako itsasaldeko beste hiribildu batzuetan gertatzen zen bezalaxe, Baiona ingurutik zetozen merkatari eta itsasgizon gaskoiek osatzen zuten biztanleria-nukleorik ugariena eta eraginik handienekoa. Beren hizkuntza propioa zuten gaskoiek, eta ederki moldatzen ziren Europako merkatariekin. Aitzitik, gutxi erlazionatzen ziren bertako biztanleekin: mende bat baino gehiago behar izan zuten haiekin nahasten hasteko.

Fundaziotik gutxira, gremiotan antolatutako Erdi Aroko lanbide tradizionalak agertu ziren Hondarribian: gabarrariak, teilaginak, erriberako arotzak, sastakaigileak, kapaginak, zapatariak, ostalariak, errotariak, olagizonak, ikazkinak...

Itsasaldeko beste edozein herritako bizitzaren oso antzekoa izan behar zuen Hondarribiko bizimoduak. Ez zizkion arazo handirik ematen mugan izateak, Bidasoaren iparraldeko lurralde frantziarrak (Akitaniako dukerria) Ingalaterrako erregearen esku baitzeuden zuela hainbat mende.

Eskultura