Web edukia bistaratu

Bisitari ospetsuak

Hondarribira etorri diren pertsonaia ospetsu ugariak eta mugako hiribildu honek diplomazian izan duen protagonismoa izan dira bertako historiaren konstanteetako batzuk. Jazoera hauen guztien lorratzak ikus daitezke hirigune historikoko etxe askotan.

 

Juana Gaztelakoa - "Juana Eroa"

Orduko hartan, izualdi handirik gabe konpondu zen Gaztelak Frantziarekin zuen gatazka, eta monarkia biek adostutako su-etenaren ondorioz, hiribilduko historia markatu duten gertaeretako bat jazo zen: Felipe Ederra eta Juana Eroa etorri ziren bertara.

Toledora bidean, Frantzia osoa zeharkatu ondoren iritsi ziren senar-emazteak Hondarribira, eta, bertan, koroaren legezko oinordeko izendatu zituzten Gorteek.

Hemengo unitate militarrek uniformerik ez zeramaten garai hartan, eta oso deigarri egin zitzaizkien bertakoei artxidukeen segizioa osatzen zuten Borgoinako 150 arkulariak. Guztiak zihoazen berdin jantzita, zutoihal zuriekin eta San Andresen gurutze gorriarekin. Laurehun urte geroago, hiriko banderaren oinarrizko elementu bilakatu zen sinbolo hura.

 

Juana eta Felipe

Palacio Egiluz

Jinete de San Andres

 

Carlos V.a

Toki erabakigarria izan zen Hondarribia Errege-erregina Katolikoentzat, baina are garrantzi handiagoa hartu zuen haien biloba Carlos V.aren erregealdian. Gaur egun ikus daitezkeen gotorlekuetako asko erregealdi hartan eraikiak dira.

Errege hispanikoen boterea handituz zihoan heinean, geroz eta tirabira gehiago zituzten Frantziarekin. Gainera, Alemaniako enperadorea ere bazen Carlos V.a; Italian, Austrian eta Herbehereetan zituen jabetzei esker, alde guztietatik zuen inguraturik Frantzia.

30 urtez, kontinenteko bi gizon boteretsuenen arteko duelu izugarriaren lekuko izan zen Europa.

Frantziakoak irabazi zuen lehenengo liskarra. Ia-ia nerabea zen enperadorea, eta penintsulatik kanpo zegoen une hartan. Bete-betean harrapatu zuen Komuneroen Matxinadak; oso garai labaina izan zen hura bere erresumarentzat. Ez zuen denborarik galdu Frantzisko I.ak Nafarroako erregearekin ederki moldatzen hasteko. Zuela hamarkada bat, tronua kendu zion Fernando Katolikoak nafarrari eta, ordutik, erbesteraturik zegoen Frantzian.

Ia erresistentziarik aurkitu gabe, Iruñean sartu ziren gudaroste frantziar eta nafarrak, eta erresuma zaharra hartu zuten. Jarraian, eta besteek izandako erraztasun berarekin, gudaroste inperialek hartu zuten. Etsi gabe, franko-nafarrek mugan eraso zuten, eta Hondarribia setiatu eta hartu zuten. 1521eko urriaren 18a zen, eta, orduko hartan, debora askoz iraun beharko zuen konkistak. Hiru mila soldadu frantziar eta nafar sartu ziren plazan eta, Nafarroako erregearen izenean, bandera gorria jaso zuten gaztelu gainean.

Bi urte baino gehiagoz, haien kontrolpean izan zen Hondarribia. Penintsula osoa zegoen sumindurik irain haren ondorioz, Europa osoak baitzekien enperadoreak Hondarribia, bere erresumako lehen bastioia, galdu zuela.

Loa galtzen zuen Carlos V.ak nola berreskuratu pentsatzen. Dirutza bat xahutu zuen Alemaniako Landsknecht mertzenario ospetsuak alokatzeko, eta hiru hilez setiatu zuten hiribildua. Azken lau egunetan, ankerkeriaz bonbardatu zuten, eta erortzeko zorian utzi zituzten harresi eta etxeak.

Plaza berreskuratu bezain laster, 1524an, prestasunez ekin zion enperadoreak hiria gotortzeari. Europako beste toki batzuetan kezkarik gabe jardun nahi bazuen, ondo itxi behar zuen bere erresumako atea.

Hurrengo hamarkadetan, lanen segimendua egiteaz arduratu zen, eta bertara etorri zen 1539an zuzenean ikuskatzeko dena. Harresiak eta bastioiak eraikitzea garestia zen arren, are garestiagoa izango zitekeen plaza berriro galtzea eta gudaroste profesionalak gudara bidali behar izatea.

Enperadoreak irabazi zuen Frantziaren aurkako bigarren borroka, izugarrizko zorte-kolpe bati esker. Eta orduan ere, bere eginkizuna izan zuen Hondarribiak. Orduan, Pavian ari ziren borrokan, Italia iparraldean. Frantziarrak irabaztear zeudela zirudienean, ohiz kanpoko zerbait gertatu zen: borrokako harrabotsean, Frantziako erregea bera gatibatzea lortu zuten hiru gudarik.

Madrilera eraman zuten Frantzisko I.a, eta gaztelu batean atxiki zuten. Urtebete geroago, gehiegi luzatzen ari zen ohiz kanpoko egoera hura, eta, azkenean, 7 eta 8 urteko bere bi seme nagusien truk eman zuten. Hondarribian gauzatu zen trukea, 1526. urtean. Beraz, hiribilduko bisitarien zerrenda handiagotu zuen Frantziako erregeak. Begirune handiz artatu zuten bertako alkateak eta agintariek.

Hurrengo egunean, bi erresumak banatzen zituen Bidasoa ibaiaren erdian egin zen trukea. Bakoitzari zegokion ibaiertzetik abiatu ziren jarraigoak, eta erritmo berean egin zuten arraun, aldi berean iristeko bide-erdian itxaroten ari zen txalupa neutralera. Han, besarkada bana eman zien erregeak semeei, eta berriz banandu ziren, bakoitza bere ibaiertzerantz abiatuz.

Hondarribian, beren aitarekin izandako begirune berarekin artatu zituzten printzeak eta, ondoren, Segoviara eraman zituzten bahiturik. Lau urte beranduago, ia nerabeak zirenean, Hondarribira itzuli ziren beste truke bat egiteko: orduko hartan, urrez betetako zenbait kutxatzarren truk eman zituzten. Aurreko prozedura bera jarraitu zuten.

Guda-garaiez gain, larritasun-garaiak ere izaten ziren maiz hiribilduan, etsaiak noiz inbadituko zituen zain. Ondo kalkulatutako iruzur baten ondorioa izan zitekeen arrisku hura. Batzuetan, Bidasoaren bestaldetiko erasoekin egiten zuten mehatxu, Katalunia edo Europako beste edozein puntutan oldartzeko asmoa ezkutatzeko.

Carlos V

Francisco I

 

Velázquez

Zeremonia hauek guztiek aparteko gonbidatu bat erakarri zuten Hondarribira: Diego Velázquez margolari paregabea. Garai hartan, erregeak bisitatu behar zituen tokiak aurretiaz egokitzeko funtzioa zuen. Patxadatsua, arduratsua eta leiala zen, eta bai Felipe IV.aren konfiantzazko pertsona ere. Erregeren bisitarako gauza guztiak prestatzea eta beharrezko ziren maila eta luxua bermatzea zuen helburu. Hain jazoera garrantzitsu batean, ezin zer ezer gaizki atera.

Halere, zorigaitzeko ondorioak izan zituen bidaia hark margolariarentzat. Lan gogorrak eta 72 eguneko bidaia luzeak akiturik utzi zuten eta, Madrilera itzultzean, gaixotu eta egun gutxiren buruan hil zen. 61 urte zituen. Zazpi egun geroago, emaztea elkartu zitzaion hilobian.

Velazquez

Tratado de los Pirineos