Gaurkotasuna

Atzealdea

Zuloaga Etxea udal liburutegi berrituaren irekiera ofiziala egin da

Zerbitzua hobetu egingo da, astero 38 ordu eskaintzetik 57ra igaroko delarik

2017·10·20


Gaur ostirala, urriaren 20an, Zuloaga Etxea Udal Liburutegiaren eraikin berriaren irekiera ofiziala burutu da. Goizeko 10:00etatik, goiz eta arratsaldez bisita gidatuak egin dira, Hondarribiko Musika Eskolako musikarien laguntzarekin, eta datorren astelehenetik aurrera ireki egingo du ohiko zerbitzuak eskaintzeko. Irekiera ekitaldian Txomin Sagarzazu Alkatea, Kalixa Silanes Kultur zinegotzia eta zenbait udal zinegotziez gain, hainbat kultur eragile eta hiritar bildu dira.

Inaugurazio ofiziala goizeko 10:00etan hasi da. Ohorezko aurreskua dantzatu ostean, Txomin Sagarzazu Alkatearen ongietorria eman die bertaratu diren guztiei. “Ezinbestekoa den zerbitzu eta eraikin berrituaren irekiera ekitaldia dugu hau. Nahi baina luzeago joan zaigu, bidean topatutako hainbat arazo gainditu ditugula, eta gaur dugu poz handiz eta ilusioz berriz irekitzen dugun zerbitzu honen irekiera-ekitaldia”.

“Oinarrizko zerbitzu batez ari gara, eta eskaintza hobetu egin dugu. Bai kantitatez baita kalitatez ere. 500 metrotik 1.200 metro koadroetara igaroko gara, zerbitzua 38 ordutik 57tara igaroko gara, udan ere goiz eta arratsaldez irekiko dugu, eta langileak bi izatetik sei izatera pasako dira” esan du Sagarzazu Alkateak.

'Bordari Fondoa' bigarren solairuan

“Fernando Artola ‘Bordari’ zenaren jaiotetxea Kale Nagusiko 10ean dago. Orain, etxe hura Udal Liburutegiaren zati da, eta gainera goiko solairuan, Hondarribiari buruz argitaratu den materiale anitzaz gain, Bordariren familiak egindako dohaintza ikusteko eta gozatzeko aukera izango dugu ‘Bordari Fondoa’ izeneko gelan. Zor hori bagenuen Udalean, eta bete egin dugula uste dut. Orain, gonbidapena egin nahi diet hiritar denei etortzeko eta kulturaz gozatzeko” amaitu du Sagarzazuk.

Kote Guevara liburuzaina oso pozik agertu da. “Bide luzea izan da baina pena merezi izan du. Eraikin dotore eta elegantea, kutsu modernoa eman diogu eta erabiltzaileen erosotasuna bilatu nahi izan duena. Neretzat oso emozionantea da ikustea nola duela 30 urte Itsas Etxeko gela batean hasi ginela eta orain 2017an daukaguna etxe honetan ikustea eta erakustea”.

“Liburu kopuru aldetik garbiketa egin dugu eta nik uste zerbitzu egokiagoa eskainiko diogula hiritarrei. Astelehenetik ostiralera goizeko 9:00etatik 13:30era eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara. Larunbatetan 9:00etatik 13:00etara egingo dugu” gehitu du Guevarak.