Gaurkotasuna

Atzealdea

Zubietako Parke Teknologikoaren gaiak bere interes eta erritmoak dituela esan du Txomin Sagarzazu Alkateak

Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateak prentsaurrekoa eman berri du Zubietako Parke Teknologikoaren inguruan azken egunotan esan eta argitaratu denari buruz aritzeko eta Udalaren ikuspegia emateko.

2018·01·18


Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkateak prentsaurrekoa eman berri du Zubietako Parke Teknologikoaren inguruan azken egunotan esan eta argitaratu denari buruz aritzeko eta Udalaren ikuspegia emateko.

“Pasa den astean Irungo Alkateak egindako agerraldian, esan zuen Parke Teknologikoa epe labur eta ertainean egiteko Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak ez dutela ez planik ezta asmorik ere, bere kirol instalazioak eramateko ez dela datarik eta konpatibilizazio-planik ez dagoela eta ez dela izango. Ondorioz, udal bakoitzak egin beharko duela bere gogoeta, eta Irunek horren inguruan bere gogoeta abiatu duela”.

“Horrelakoak esan eta entzun ondoren, eta tokatzen zaigun lehialtasun instituzionala kontuan hartuta, guk argi dugu hau prozesu bat dela eta ez gaudela gu bakarrik, ez dago Irun bakarrik, ezta Hondarribia ere. Interesgarria da denak batera agerpena egitea baina honetan ez da hala izan” gehitu du Sagarzazuk.

“Parke Teknologikoa Zubietara ekartzea oso prozesu konplexua dela inork ezin du ukatu, lehen dokumentazio ofizialak 1995ekoak dira. Lanketak ez du erritmo egokia izan, baina egin diren aurrerapenei balioa eman behar zaie; erronka nagusia, interes eta erritmo horiek uztartu eta bateratzea da. Eragile bakar batek, indartsuena izanda ere, ezin du proiektu hau aurrera eraman”.

2015ean hitzarmena egin zuten Parke Teknologikoak eta Hondarribia zein Irungo Udalek, eta hori mugarri bat da. Bi hiriek jasota dugu Hirigintza Planetan garapena egiteko planteamendua. Gu Parke Teknologikoarekin harremanetan ari gara, baina esan digute bere lehentasunetan ez dagoela Zubieta, eta bai Miramonekoa osatu eta gero Hernaniko Galarretakoa. Horrek gauzak atzeratzen ditu. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere legealdi honetarako hainbat proiektu handi ditu, eta lehentasunen artean Pasaiako eraberritzea dago. Gure lana, bi erakunde hauen agendan insistitu edo eragitea da, baina errespetatu behar ditugu beste erakundeak dituzten egitasmo edo lehentasunak.

Interes eta erritmo desberdinak

Irungo Udalari dagokionez, “nik argi daukat Alkateak parkearekin adostasuna daukala, baina azken bi urte eta erdietan bere hitzak eta eskariak nagusiki kirol instalakuntzen inguruan joan dira. Bioi interesatzen zaigun gaia da baina erritmoak desberdinak dira esandako kirol instalakuntzak direla eta. Jakin badakigu Irun erdian trenbideak estalita hor espazio berri handi bat irabaziko dela, eta hor Irunek enpresa berritzaile eta ezagutza jorratzeko gunea egiteko ideia dauka, eta egia esan, ez dut oso ondo nola uztartzen den egitasmo hau Zubietako Parkearekin. Guretzat kirol instalazioak proiektu global baten barnean puntu interesgarri bat dira, baina ez dena. Iruditzen zait lau erakundeen artean argiago definitu behar genukeela Parke Teknologikoaren aldeko apustua”.

“Hondarribiarentzat oso garrantzitsua den proiektu bat da, industri-garapenerako gunea delako. Ni prest nago aurrera egiteko, jakinda erritmo eta interes desberdinak daudela. Pendiente daukagu beste bilera bat Arantxa Tapia Sailburuarekin eta Markel Olano Ahaldun Nagusiarekin. Guk hala jarri genuen gure hauteskunde-programan eta hala defendatzen dugu..

Bozeramaleen bilera egin dugu ere, eta ikuspegiak partekatu ditugu. Asko pozten nau zentzu horretan oposizioko talde batek gure hauteskunde-programa irakurri eta gogoratzeak. Udal ordezkariei eskatzen zaigu arazoen aurrean soluzioak ematea. Gustatuko litzaidake beti erantzun egokia ematea, baina arazoak konplexuak direnean, bizitza errealean gertatzen den bezala, konponbidea ez da berehala topatzen, baina gure hiritarrekiko konpromezua da lortzen ditugunean aipatzea, eta lortzen ez ditugunean, azalpenak ematea, gaur ari garen bezala”.