Gaurkotasuna

Atzealdea

Zubeldiak eta Iridoyk jasoko dute urrezko intsignia

Lurdes Zubeldia Garañok eta Mercedes Iridoy Olascoagak jasoko dute 2016ko Hiriko Urrezko Intsignia.

2016·08·21


XX. eta XXI. mendearen hasieran Hondarribiko emakumeek gizartearen onerako egindako lana ordezkatzen dutela uste du Hondarribiko Udalak.

Haien kasuan, antolakuntzaren, bizikidetzaren, adierazpenaren eta sorkuntzaren alorretan.

Lurdes Zubeldia (Hondarribia, 1923) Portu Auzoan hazi zen, bederatzi senideko familia batean. Gerra garaian, Ziburun erbesteratuta pasa behar izan zuen gaztaroa. Kontserba fabrika batean lan egiteaz gainera, gurasoak eta izeba zaindu zituen. Haiek hil zirenean, Parisera joan zen lanera. Hondarribira bueltan, Jose Ignacio Lopezekin ezkondu zen, eta lau seme-alaba eduki zituen. Bere bizipenak eta gogoetak idazlanen, olerkien eta abestien bidez adierazi izan ditu Zubeldiak.

Musikarako gustuan eta melodiak asmatzeko erraztasunean, eragina izan zuen musikari familia batean hazi izanak. Aitona, aita eta bi anaiak txistulariak izan baitziren. Bide batez, herritar askoren historiak, izaera eta hitz egiteko modua kontatzen jakin du Zubeldiak, bere testuetan. Hondarribiko Udalak 2006an argitaratutako “Nere sukaldetxoan” liburuan bildu zituen idatziak.

Mercedes Iridoy (Hondarribia, 1924) Hondarribiko Alkatea izan zen, 1973 eta 1977 urteen artean. Udaleko zinegotziek proposatu zuten Alkate posturako, Pedro Aguinagalde ordezkatzeko. Ez ohiko proposamena izan zen, garaian emakumezkoen papera zein zen kontuan hartuta, eta gainera, lehenago politikarekin sekula harremanik izan ez zuelako. Onartzea erabaki zuen, hala ere. Erronka handiei egin behar izan zien aurre, garai politiko nahasia zelako, eta Hondarribiko Udalaren egoera ekonomikoa larria zelako.

Oztopoak-oztopo, herriaren hazkundea sustatu zuen. Proiektu esanguratsuak aurrera eraman ahal izan zituen: Pedro Aguinagalde institutua, edo Itsas Etxea anbulatorioa, besteak beste. 1976ko jaietan bizi izan zituen unerik gogorrenak, Jesus Mari Zabalaren heriotzarekin. Zorigaiztoko gertakari haren ondoren, dimisioa aurkeztu zuen. Hondarribiko herriak omenaldia eskaini zion.