Gaurkotasuna
Atzealdea

Udalak berdintasun diagnostikoa burutu eta plana abian jarriko du

“Udalak gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lanketa egiteko konpromisoa du. Horrela, diagnostikoa egin eta Berdintasun Plana gauzatzeko hainbat kontu eta proiektu martxan jarri dira”.

2019·03·13


“Udalak gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lanketa egiteko konpromisoa du. Horrela, diagnostikoa egin eta Berdintasun Plana gauzatzeko hainbat kontu eta proiektu martxan jarri dira”. Hala esan berri dute Udaletxeko Areto Nagusian egin den prentsaurrekoan Txomin Sagarzazu Alkateak eta Arantxa Berrotaran Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.

“Gure ustez une hau egokia izan daiteke lanketa honetan saiatzeko” esan du Txomin Sagarzazu Alkateak. “Udalak konpromisoa badu eta datozen egun eta asteetan hasiko dira urratsak ematen”.

Arantxa Berrotaran zinegotziak berdintasun diagnostikoa eta plana nola gauzatuko den zehaztu du. “Diagnostikoaren bitartez Udalak garatzen dituen zerbitzu eta programak generoaren perspektibarekin ebaluatuko dira, barne egitura aztertuko da eta alor ezberdinetan herrian berdintasuna nola txertatzen den edo emakumeen beharrizanak zeintzuk diren ikertuko da. Planak datozen urteotan berdintasun gaiari lotua Udalak jorratu behar dituen lan ildoak zehaztuko ditu, ibilbide-orria da alegia”.

Emakundek garatutako ‘Emakumeen eta gizonen berdintasunerako VII. Plana’ abiapuntutzat hartuta esku hartze eremu zehatz batzuetan jarriko da begirada eta indarra:

* Udal erakundeen barne funtzionamendua hobetzea.
* Emakumeen ahalduntzea sustatzea.
* Ekonomia eta gizarte antolakuntza eraldatzea.
* Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak bermatzea.

Atal desberdinak izango ditu

“Udalez kanpoko erakunde bat kontratatu da prozesua garatzeko” gehitu du Berrotaranek. “Prozesu honek atal ezberdinak izango ditu. Eskura dauden datu eta txostenen azterketa egingo da, eta udal ordezkari eta teknikariekin elkarrizketak eta lan saioak egingo dira jarraian. Planaren garapenean izango diren une garrantzitsuetan kontrastea egiteko Berdintasun Taldea sortu da (udal ordezkari eta teknikariez, baita herriko zenbait eragileez osatuta). Apirilean Hondarribiko biztanleriari zabaldutako Gune Irekia deritzon lan saioa antolatuko da”.

“Prozesu partehartzailea izatea nahi da, eta abuztua baino lehen diagnostikoa eta plana amaituta egotea espero dugu. Plan honek aukera emango du bai Udalaren antolaketa eta lan moduetan begirada jartzeko eta baita herritarren egunerokotasunean islada izango duten berdintasunaren aldeko pausuak ematera ere” amaitu du Berrotaranek.