Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Hondarribia

Habiaratutako portletak
Web edukia bistaratu

Gaurkotasuna

Gaurkotasunaren xehetasuna

Eduki publikatzailea
Atzealdea

Txomin Sagarzazu Alkatearen abuztuaren 20ko Bandoa

Atzoko Eusko Jaurlaritzaren azken erabakien ostean, Txomin Sagarzazu Alkateak Bandoa eman du gaur bertan

2020·08·20


2020ko ekainaren 19an COVID-19tik eratorritako pandemia-egoerari buruzko azken bandoa argitaratu nuen. Bando hori Estatuko Gobernuak adierazitako alarma-egoeraren amaierarekin bat etorri zen, eta, horrekin batera, herritarrei erantzukizuna eskatu nien, gaixotasun baten amaiera iritsi zela pentsa ez genezan; izan ere, gaixotasun horrek ondorio kaltegarri asko ekarri baitzituen gure gizartean, bereziki osasunaren alderdi pertsonalean, eta heriotza ugari eta goiztiarrak eragin zituen.

Orduan ohartarazi nuen ez genuela ahaztu behar gure jarduera guztiak (familiakoak, sozialak, profesionalak, ludikoak eta abar), libreki eta osoki ezin genituela egin. Errealitateak erakusten digu, gaur egun, gaixotasunak gure artean jarraitzen duela, eta berriro agertu dela. Izan ere, neurri handi batean prebentzio pertsonalera bideratutako neurriak hartzea erlaxatu egin dira, eta, ondorioz, kutsatzeak areagotu egin dira, tartean badira ospitalera eraman behar izan direnak, are zainketa intentsiboetan ospitaleratuta daudenak, eta baita zoritxarreko ondorioa jasan dutenak ere.

Egoera horren aurrean, 2020ko abuztuaren 17an osasun-larrialdiko egoera deklaratu zen, eta atzo argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Osasuneko sailburuaren 2020ko abuztuaren 19ko Agindua, laugarrenez aldatzen delarik Osasun Sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduaren eranskina, COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko beharrezkoak diren prebentzio-neurriei buruzkoa dena, normaltasun berri baterako trantsiziorako Planaren 3. fasea gainditu ondoren, uztailaren 28ko eta abuztuaren 7ko aginduek aldatua.

Arau honen xedea prebentzio-neurri batzuk ezartzea da, eta neurri horiek betetzea nahitaezkoa da gehien-gehienetan. Neurri horien helburua da, alde batetik, herritarrek, oro har, neurri horiek zuzenean eta berehala hartzea, eta, bestetik, neurri horiek jarduera ekonomiko, profesional, kultural, ludiko eta abarren garapenean ezartzea.

Herritarrei oro har zuzendutakoen artean, ezinbestekotzat jotzen dut, Bando honen esparruan, honako hauek nabarmentzea:

- Lehenik eta behin, eta gure jokabideak gidatu beharko lituzkeen ideia nagusia izanik, honako hau xedatzen du erreferentziako aginduak: "Herritar guztiek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte COVID-19 gaixotasuna hedatzeko arriskurik ez sortzeko, bai eta arrisku horiekiko esposizioa bera saihesteko ere. Kautela- eta babes-betebehar hori edozein jardueraren titularrei ere eskatu ahal izango zaie. Era berean, COVID-19ren prebentziorako osasun-agintariek ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatu beharko dira".
- Hori esanda, maskarak leku eta egoera guztietan erabili behar direla ezartzen da, salbuespen oso mugatuekin, izaera pertsonaleko salbuespenekin, edo janariak eta edariak hartu behar direla, edo lanpostuan eserita egon behar dela, edo bainatu eta leku jakin batean egon behar dela hondartza eta igerilekuetan.

- Maskarek ez dute arnasa irteteko balbularik eduki behar, eta behar bezala erabili beharko dira. Ondorioz, maskarak sudurretik kokotseraino estali beharko du.

- Bide publikoan eta aire zabaleko edozein espaziotan, pertsonen arteko 2 metroko gutxieneko distantzia errespetatu ezin denean, ezin izango da erre, ezta tabakoa inhalatzeko beste gailurik erabili ere, hala nola zigarro elektronikoak, "vaper-ak", ur-pipak, katxinbak edo antzekoak.

- COVID-19 gaixotasunaren sintomaren bat duela uste duen edonork (sukarra, hotzikarak, eztula, aire faltaren sentsazioa, usaimena eta dastamena gutxitzea, eztarriko mina, giharretako mina, buruko mina, ahultasun orokorra, beherakoa edo gorakoak) etxean egon beharko du, eta osasun zerbitzuekin kontaktuan berehala jarri.

Jarduera ekonomikoei, profesionalei, kulturalei, ludikoei eta abarrei dagokienez, titularrei, arduradunei eta antolatzaileei eskatzen diet emandako aginduan xedatutako neurri guzti-guztiak, nahitaez bete beharrekoak, jarrai ditzatela, eta une oro beren langile, bezero eta erabiltzaileei betearazi diezazkietela. Hain zuzen, langile, bezero eta erabiltzaile horiei eskatzen diet jarduera horiek garatu, erabili edo gozatzeko orduan, titularrek, arduradunek, antolatzaileek eta arduradunek emandako jarraibideak betetzea.

Nire azken bandoa berriro aipatuz, gogoan dut bertan esaten nuela berriz ere, eta beharrezkoak ziren guztietan, herritar guztien erantzukizunari dei egingo niola, osasun-segurtasuneko neurriak praktikan jar zitzaten, neurri horien jarraipena eta betetzea behar-beharrezkoa baitzen gaixotasunaren berragerraldiak saihesteko. Beraz, aurreikuspen horrekin bat etorriz, pertsona guztien, bisitariak barne, erantzukizun indibidualerako deia errepikatzen dut, xedatu diren prebentzio-neurri sanitarioak bere gain hartzeko eta betetzeko.

Asko daukagu jokoan. Gure eguneroko bizitza nabarmen alda daitekeen aste eta hilabeteetara garamatza egutegiak, gaixotasunaren kontrola nola garatzen ari den kontuan hartuta. Guztiok, gutako bakoitzak, lagundu behar dugu gaixotasunaren garapena eskuetatik joan ez dadin.

Eta azkenik, azpimarratu nahi dut gure jardun indibidualaren eraginkortasun kolektiboa pertsona bakoitzaren barne-kontzientziazioan oinarritu behar dela. Gizarte gisa, oso tristea da pairatzen ari garen osasun-egoera larriaren aurrean, gure jarduera osasun-neurri batzuk ez betetzeagatik zigor ekonomiko bat jasotzearen mende egotea, neurri horien deserosotasuna askoz ere txikiagoa baita ematen duten onura sanitario, ekonomiko eta soziala baino.