Gaurkotasuna

Atzealdea

Txikimusikaren laugarren edizioa ospatuko da larunbatean Hondarribian

Kasino Zaharreko lorategietan, eguerdiko 12:30etik hasita haur eta familientzat ekitaldi berezia antolatu da

2017·05·15


Txikimusika bueltan da Hondarribian. Larunbata honetan izango da, eguerdiko 12:30etik hasita, Kasino Zaharreko lorategietan.  Antolatzaileak Hondarribiko Udala eta “Txikis del Bidasoa” taldea dira, eta jarduera familiei zuzendua da, baina irekita dago musika ona maite duten guztientzat. Aurkezpena Kasino Zaharrean burutu da, eta bertan Kalixa Silanes Kultur Zinegotzia, Ainara Rubio -Txikis del Bidasoa aldizkari digitaleko kidea- eta Carlos Sánchez –Ezmugak kultur proiektuetarako plataformako kidea- izan dira.

“Udaletik eskaintza zabala prestatzen saiatzen gara” dio Kalixa Silanesek, “ahalik eta diziplina kopuru handiena eskaintzeko, eta horien artean, larunbat honetan Kasino Zaharreko lorategietan Txikimusika izango dugu. Familia guztiak gonbidatu nahi nituzke ekitaldira, izan ere jarduera egingo den tokiak eta jardueren kalitateak merezi dute”. 

“Txikimusikako protagonista nagusiak musika eta umeak dira” esan du Carlos Sanchezek. “Ekimen honek aukera ematen du jende guztiak musika pop garaikidearekin gozatzeko, kontzertu baten bidez“. Haurren soinu banda aberastu nahi dugu, haur-musika bera gainditzen duten bestelako estiloak aurkeztuz. Txikimusikak haurrak helduen munduan barneratzen ditu gaur egungo musika adierazgarrien bidez, musika esperientzia estilo zehatz batera mugatu gabe. Zinez uste dugu beharrezkoa dela musika formazioa, eta heziketa sustatu egin behar dela txikitatik, modu ludiko eta parte-hartzailean”. 

Musika, tailerrak eta dibertsioa familientzat

Ekitaldia Lurra (Bidasoaldea) taldearekin hasiko da. Lurra taldea orain dela 5 bat urte jaio zen, Ane Garciak eta Iñigo Muguruzak sortuta. 2012an Lurraren blue note (Kanelazko ekoizpenak) disko laburra grabatu zuten, Ander Larrañaga perkusio-jolea eta Carlos Zubikoa baxujolearekin. Urte bat beranduago, Xabi Dols baterijolearekin, Akatsa sisteman (5GORA) CDa argitaratu zuten, hainbat kolaboratzailerekin: Xabi Solano, Petti, Maite Larburu, Oskar Benas, Sergio Patxuko eta Jon Elizalde. Gaur egun hirugarren CDa ( Hasierak ) ari dira grabatzen.

Haien atzetik Bartzelonatik etorritako ‘Las Annettes’ taldea ariko da, Iruñeako ‘Las Kasettes’ taldearekin batera etorriko dena.

Txikimusikak berriz ere eskualdeko talentuen aldeko apustua egiten du. Oraingo honetan, eskualdeko bi Dj gaztek (Mizu dj-ak eta IriDj-k) musika hautatua  eskainiko dute, musika elektronikoz, betea, piknik-a alaitzeko

Proposamen musikalen ondoren, ohi den bezala, tailerren txanda izango da. Umeek egiazko instrumentuekin esperimentatzeko aukera izango dute. Skola Musik (Irun) eta Lanbroa (Hondarribia) musika eskolek parte-hartzaile gazteei zenbait instrumentu jotzeko aukera emango diete, besteak beste bateria, gitarra elektrikoa, baxua edo txalaparta. Bestetik, Kuttuna haur eskolak txikienentzat (0-3 urte) musika estimulazio goiztiarra lantzeko tailerra proposatuko du..

Ekitaldia amaitzeko Skola Musik eta lanbroa eskoletako ikasleek emanaldi txiki bat eskainiko dute, ikasturtean zehar ikasitakoa erakusteko.