Gaurkotasuna

Atzealdea

Txikimusika, familiartean musikaz gozatzeko gonbita

Ekainaren 2an izango da ekitaldia, Kasino Zaharrean.

2018·05·23


Datorren ekainaren 2an egingo dute Txikimusika Jaialdiaren bosgarren edizioa. Musika ardatz hartuta, haur eta familientzako zer egin eta zer gozatua eskaintzen du jaiak, eta, aurtengoan ere, egitarau oparoa osatu du. Hala, puntako zuzeneko emanaldiek ez ezik, musika instrumentuak jotzeko edota kantu eta estimulaziorako tailerrek izango dute protagonismoa. Gaurko aurkezpenean adierazi bezala, Kasino Zaharrean izango dira ekitaldi guztiak, 12:30ean hasi, eta 17:00ak bitarte.

Txikis del Bidasoa eta Ezmugak elkarteak dira, Udalarekin batera, jaialdiaren sustatzaileak. “Ekimenaren xedea haurtzaroko soinubanda erakargarri eta anitzagoa izatea da”, adierazi du Carlos Sanchez Ezmugak elkarteko bozeramaileak. Aberastasun hori bilatu nahian hitzartu dituzte Eraul eta Frikun musika-taldeak egunari hasiera emateko. Batak pop kutsuko folk amerikarra du ezaugarri, besteak, berriz, Karibeko jitea duten doinu dantzagarriak.

Kontzertuen ostean, musika gertutik ezagutzeko parada izango da. Pia Alzaga Txikis del Bidasoako kideak eman du tailerren berri: “Skola Musikek txalaparta, gitarra, baxua eta kantua lantzeko saioak egingo ditu, eta, Lanbroak, gitarra eta baxua jotzekoak”. Tailerron ostean, bi eragileetako ikasleek kontzertua eskainiko dute, “zortzi eta bederatzi urteko haurrak musika jotzen eta kantatzen ikustea eredu eta motibazio delako”, esan du Alzagak.

Udalak jaialdiak aurreko ekitaldien arrakastaren bidetik segitzeko duen desira agertu du, bestalde, Kalixa Silanes kultura zinegotziak: “Bosgarren edizioa dugu, eta jadanik finkatuta dago ekainaren lehenengo larunbatean. Giro polita sortzen da, eta, badakigu, haurrek gozatzen badute, gurasoek ere disfrutatzen dutela”.