Gaurkotasuna

Atzealdea

Turismo-eredua lantzeko denen ekarpenak nahi ditu Udalak

Turismo Plan Estrategiko berria sortzeko lanean dihardu.

2018·05·25


Hondarribiko Udalak 2018-2022 Turismo Plan Estrategikoa osatzeko prozesua abiatu du. 2011ko Turismo Plan Zuzentzaileak emandako ondorioetatik abiatuta, etorkizuneko gidalerroak ezartzeko oinarriak jarri nahi ditu. Maria Serrano Turismo zinegotziak eman du egitasmoaren berri: “Hausnarketa prozesuak erakutsi du turismo-eredua aldatu beharra dagoela, eta Udaleko Turismo Sailak hartu behar duela gidaritza”.

“Eragile turistiko asko dago gurean”, abiatu du agerraldia Maria Serranok, “izan ere, Udalaz gain, Arma Plaza Fundazioa eta Bidasoa Bizirik ari dira alor horretan, eta harreman zuzena dugu Basquetour edota Aldundiarekin”. Zuzendaritza falta dagoela nabarmendu du turismo alorreko arduradunak: “Eredua ezarri beharra genuen, eta Udalak egin behar zuen hori”. Plan estrategiko berria da horren fruitua.

Dokumentua osatzeko herritarren ikuspuntua aintzat hartu nahi du Udalak. “Eragileekin egingo dugu lan, baina garrantzia berezia eman nahi diegu herritarrei. Euren iritzia beharrezko zaigu turismo-eredua lantzeko, Udalak ezin baitu bere aldetik joan”, azaldu du Serranok. Harreman hori gauzatzeko inkestak jarriko ditu Turismo Sailak herritarren eskura, online zein paperean. “Turista gehiegi ote dagoen, turismoa herriarentzako onuragarri den edota Hondarribiko ezaugarririk politena zein den galdetuko dugu”, erantsi du zinegotziak.

Eragileekin egin beharreko lanketa, bestalde, lau talde osatuta egingo dute: ondarea eta kultura; gastronomia; natura eta itsaso jarduerak; eta merkataritza. “Bakoitzeko eragileekin aurtengo plan estrategikoa osatuko dugu, eta kanpaina eta ekintzak martxan jarri”, argitu du Serranok. . “Herritar, eragile eta Udaleko gainontzeko taldeen ekarpenekin finkatuko dugu, beraz, herriko turismo politika”, zehaztu du.

Hondarribia marka

Turismo plan zuzentzailetik ateratako ondorioetako bat “Hondarribia marka indartzeko beharra” izan zen, Maria Serranok adierazi duenez. “Hondarribia izenak indarra du turistikoki, baina oraingo funtzionamenduaren baitan beste batzuen azpitik geratu da”, azaldu du. Hala, zenbaitetan armarria erabiltzen jarraituko badu ere, irudi berria hautatzekotan da Udala, aurrez beste herri batzuek egin bezala, Irun edo Pasaiak, kasu. “Sortuta dago irudia, baina batzordean onartzea falta zaigu”, esan du Serranok. Ekainerako aurkeztu ahal izatea dute helburu.