Gaurkotasuna

Atzealdea

Santiago kalearen berriritartzea aurrera doa eta ekainerako amaituko da

Aurrera doaz martxa onean azaroaren amaieran hasi ziren Santiago Kaleko 21 eta 83 zenbakien arteko berriritartze lanak. Gaur goizean prentsarekin obra bisita bat egin da, eta han izan dira Txomin Sagarzazu Alkatea, Juantxo Murua Endara Ingenieros Asociados obra zuzendaritzako enpresatik, baita Urbycolan enpresako Iokin Berridi obra burua ere.

2018·03·13


Aurrera doaz martxa onean azaroaren amaieran hasi ziren Santiago Kaleko 21 eta 83 zenbakien arteko berriritartze lanak. Gaur goizean prentsarekin obra bisita bat egin da, eta han izan dira Txomin Sagarzazu Alkatea, Juantxo Murua Endara Ingenieros Asociados obra zuzendaritzako enpresatik, baita Urbycolan enpresako Iokin Berridi obra burua ere.  995.599 euro gehi BEZ-eko aurrekontua duten lanak dira.

“Azaroan hasi genuen proiektua eta haseran markatutako epeak betetzen ari gara” esan du Txomin Sagarzazuk, Hondarribiko Alkateak. “Portua auzoan azken urteetan berriritartutako gainerako kaleen irizpide bera jarraitzen ari da eta helburua Santiago kalea berriritartzea da, eta hartarako zoladurak aldatzen ari gara, San Pedro kalekoen antzeko diseinua izateko moduan”.

“Jakina den bezala, obrek dirauten bitartean trafiko aldaketak egin dira eta tamaina honetako lanek eguneroko bizitzan sortzen dituzten arazoak handiak izaten direla jakitun gara. Horregatik, bizilagun, dendari eta hostalarien jarrera eskertu nahi dut, hala errezago baita aurrera egitea” dio Sagarzazuk.

Juantxo Murua, Endara Ingenieros Asociados enpresako proiektuaren idazleak obraren nondik-norakoak azaldu ditu. “Guk kalean ikusten dugun guztia berritzeaz gain, bide batez hobetu egiten ari dira azpiegiturak saneamenduaren arloan, baita ur hornidura, energia elektrikoa, eta telefoniaren arloak ere, eta herri argiteria osoa berritzen ari da kontsumo txikiko argiekin, hiri altzariez gainera”.

Azken fasea Aste Santua ondoren

“Proiektua kalearen azken aldetik hasi genuen, eskailera mekanikoen altueran dauden kaletxoetatik. Hura izan zen denetan gune zailena, oso espazio gutxi genuelako eta bizilagunen joan-etorriak mantendu egin behar zirelako. Pixkanaka San Pedro kalearekiko dituen oinezko elkargune guztiak berritzen joan gara,” esan du Muruak.

“Aste Santuan etenaldia egingo du proiektuak eta azken fasean, apiriletik ekainera, geratzen diren lanak egingo dira, kalearen haseran zentratuko direlarik. Etenaldian kalea ireki egingo da hormigoia botako delarik, baina obra gunea izaten jarraituko du ekainerarte” amaitu du Sagarzazuk.