Gaurkotasuna

Atzealdea

Santa Maria ateko armarria eta Ledaren eskultura birgaituko dituzte

Urte amaierarako ikusi ahal izango da ondare guzti hori, guztiz birgaituta.

2016·09·18


Irailaren 19an hasi dira Santa Maria ateko armarria eta Ledaren eskultura garbitzeko eta eraberritzeko lanean. Plan zabalago baten parte dira ekintzak. Izan ere, abuztuan Apezpikuaren eskultura birgaitu zuten, eta Hartza eta Kandana, San Kristobal eta Lehoia ere zaharberrituko dituzte beranduago. Urte amaierarako ikusi ahal izango da ondare guzti hori, guztiz birgaituta. Artemis Restauración enpresa ari da eskulturak birgaitzeko lanak burutzen, eta 40.368 euroko aurrekontua izango dute, guztira.

Azpimarratzekoa da ARMA PLAZA Fundazioak eskulturak ezagutzeko bisita gidatua antolatu zuela 2015eko urrian, “Ezagutu zure hiria” programaren baitan. Gainera, José Manuel Susperreguik gaiari buruzko hitzaldia eman zuen.

Santa Maria Ateko armarria 2002an eraberritu zuten monumentua. Airearen kontaminazioaren, euriaren eta bestelako agenteen eraginez, ordea, garbiketa behar du. Produktu biozidak eta tentsioaktibo neutroak eskuzko teknikekin uztartuko dituzte (eskuilak eta bisturiak). Ondoren, eguraldi txarraren eragina ekiditeko, produktu hidrofugoekin babestuko dute. Babes sareak dituen aldamioa jarri dute dagoeneko, oinezkoen eta ibilgailuen pasabidea oztopatu gabe. 6.560 euroko kostua izango dute lanek.

Leda likenen eta algen eraso biologikoak jasan ditu, urarekin kontaktuan dagoelako. Eskultura eraikitzeko, morteroa eta hartxintxarra erabili ziren, beraz, burdinezko hagak ditu barruan. Denborarekin herdoildu eta zabaldu egin dira, eta arrakalak sortu dituzte. Beltxargari mokoa falta zaio, eta Ledaren bularraldean pintura orbanak daude. Tentsioaktibo neutroak eta produktu hidrofugoak erabilita garbitzeaz gainera, arrakalak eta gainerako kalteak konponduko dituzte. Aldamio txiki bat jarriko dute, eskultura osoan eroso lan egin ahal izateko. 4.650 euroko kostua izango dute lanek.