Gaurkotasuna

Atzealdea

San Marko egunerako prebentzio lanak burutu ditu Udalak

Asteartean apirilak 25 da, San Marko eguna. Urtero bezala, Udalak prebentzio lanak burutu ditu herriko gazteekin lanean

2017·04·21


Asteartean San Marko Eguna, Opila Eguna ospatuko da gure artean. Denentzat egun berezia izanik, gazte eta nerabeentzat ingurune natural bat bilatzeko eta lagunekin eguna pasatzeko aitzakia da. Gazteen helburua ongi pasatzea da eta Udalaren ardura jarrera osasuntsuak bultzatzea eta balizko arriskuak aurreikustea, horien artean edari alkoholdunen kontsumo neurrigabea edo goiztiarrarena.

“Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuarekin osasun hezkuntza programan burutzen dira urtean zehar ikastetxeetan, eta apirila iristear dagoenean herriko gazteak hasten zaigu galdezka noiz agertuko garen eskolan. Izan ere, apirilean San Marko eguna da eta beraiek barneratua dute jada horren aitzakiarekin joango garela beraiekin drogen kontsumoari buruz hitz egitera” dio Arantxa Berrotaranek, Gazteria eta Prebentzio Komunitarioko zinegotziak.

Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak osasun hezkuntza programak garatzen ditu herriko ikastetxe guztietan urte osoan zehar, bizi modu osasuntsuak sustatzeko asmoarekin. Honetarako,gazteen garapen osoari heltzen zaio eta gaiak lantzen dira momentua eta adinaren arabera. Apirilean ordu beteko saioak egin dira gela guztietan arrisku murrizketa estrategiak erabiliz urtean egindako lana indartzeko.      

“Saioaren protagonista alkohola bada ere tabakoaren kontsumoaren arriskuak aztertzen ditugu gero eta lehenago” dio Berrotaranek. “Eta adinean gora egin ahala, kannabisari heltzen diogu. Hiru sustantzia hauek dira gehien arduratzen gaituztenak gazteei dagokienez, alde batetik gehien erabiltzen direnak direlako eta bestetik gazte askok eta zenbait helduek ere gehiegi normalizatzen dituztelako kontsumo hauek. Ez dugu ahaztu behar nerabeak garatzen ari diren bitartean hauen kontsumoen eraginak kaltegarriak direla beraien osasunerako eta gainera alkoholaren eraginpean sor daitezken jarrera arriskutsuak kudeatzeko askotan baliabide gutxi dutela oraindik. Horregatik garrantzitsua da beraiekin hitz egitea bai eskolan baita etxean ere. Informazioa eman behar zaie baina batez ere gogoeta eta ardura  sustatu behar da. Lagundu behar zaie helduak izaten, hau da, gauzak egin baino lehen baloratzen , ondorioak neurtzen eta arriskuak murrizten”.

“Udalak urtero material berezia argitaratzen du, San Marko eguna aitzakia hartuta, prebentzioko kanpainarekin jarraitzeko. Aurtengo imajina aterkia da. Opila egun askotan euria egin duelako eta hala, aterkia babesa ikur gisa erabili da aurten. Gazteek ondo pasa behar dute eta era berean beraien burua zaindu” amaitu du Berrotaranek.