Gaurkotasuna

Atzealdea

Asken txanpan sartu da Hondarribiko udarako Zesta Punta

Azken bi hitzorduak falta zaizkio Hondarribiko Udalak eta Hondarribiko Pilota Eskolak udarako antolatu duten zesta punta egitarauari.

2016·08·16


Udako ostiraletan, 20:00etan, gastronomia eta kirola uztartu dituen hitzorduak hartu ditu Jostaldi pilotalekuak. Maila handiko zesta puntarekin gozatzeaz gainera, Enbata, Abarka, Txantxangorri, Alameda, Batzoki, Atalaia, Laia eta Arroka Berri jatetxeek prestatutako marmitakoa dastatu ahal izan dute ikusleek.

Ostiralean, abuztuaren 19an, Jai Alai World Tourreko final laurdenak egongo dira jokoan Jostaldi pilotalekuan, 20:00etatik aurrera. Bi enpresa profesionalak, Jai Alive eta Gernika Jai Alai ariko dira elkarren aurka. Iñigo Salaberria Hondarribiko Pilota Eskolako presidenteak balorazio baikorra egin du orain artekoaz: “Ostiraleroko sarrerak oso politak izan dira, iazko finaletako betekada handiak eman ez diren arren”. Jokalari gazteei eman zaizkien aukerak azpimarratu ditu.

Batez ere, Hondarribiko Pilota Eskolako Mikel del Rio “Xarki”k izan duena. Joan den ostiralean egin zuen debuta maila gorenean. “Hondarribiko klubean poz handia eragin du gure jokalari baten aukeraketak”, adierazi du Salaberriak. Juan Luis Silanes zinegotziak Jostaldin bizi izan den ikuskizuna azpimarratu du: “Maila handiko partidak ikusi ditugu”.

Gainera, ekimenean parte hartu duten jatetxeen “inplikazioa” eskertu nahi izan du.