Gaurkotasuna
Gaurkotasunaren xehetasuna
Psilocybe Udabenturarekin bat
2020·07·23
Koronobirusak baldintzatutako Udabenturak bere kanta ere badu aurten. Psilocybe musikarien elkarteak eta udako udal programak aurten bat egin dute, gazteek herriko baliabide hori barrutik ezagutu ahal izateko. Elkarlan horren fruitu, programako ekintzez, musukoaz eta birusaz hitz egiten duen abestia izan da.
Udabentura programaren helburuetako bat herriko nerabeak Hondarribian haiei zuzendutako baliabideetara hurbiltzea da, horregatik, gaztelekua, prebentzio komunitarioa edo gazteen zerbitzuarekin elkarlana egiten du urtero bi txandetan zehar. Aurten, Psilocybe gehitu zaio baliabideen aukera honi.
“Psilocybetik gazteenengana hurbiltzeko gogoz geunden aspalditik”, diote bertako kideek, “herriko haur eta nerabe asko musikan murgilduta daude baina ez dakite koskortu ahala gurean parte hartzerik dutenik. Askok toki hau kanpotik ikusi bai baina zer den ere ez dakitela aitortu digute”
Elkarteko musikariek, musika oinarri bat eskaini diete Udabenturako partaideei. Taldeka banatutako partaideen erronka izan da abestia osatzen duten estrofen letra sortzea. Taldez talde, Psilocyberen egoitzatik pasa, euren abesti zatia aztertu, moldatu eta grabatu dute. Teknikariaren magiak, ahots guztiak bildu eta abestia osatu du.
“Asko harritu dira Psilocybeko jendearekin egin dugunarekin” diote begiraleek. “Hasiera batean abestia sortzeko irrika berezirik ez dute izan. Psilocybera iristerakoan ere euren motibazioa ez zen soberazkoa, baina bertan lanean jarri garenean, eszenatoki, mikrofono eta fokoen argiekin grabatzea ikaragarria izan da talde guztientzat. Oso gustura aritu dira eta oso kontent atera dira bertatik.
Hemen abestia entzun dezakezue
Errepika:
Udabentura berezia,
Gazteok earki gabiltza
Nahiz eta desberdina izan
Aurrera!