Gaurkotasuna

Atzealdea

Jai Nagusietako egitaraua aurkeztu du Hondarribiko Udalak

2016ko Hondarribiko Jai Nagusietako egitarauaren berri eman dute Txomin Sagarzazu Alkateak eta Juan Luis Silanes Kultura arloko ordezkariak.

2016·08·25


Irailaren 6tik 11ra, 93 jarduera izango dira Hondarribiko kaleetan. Horien artean, haurrei zuzendutako 21, eta gazteentzako 8. Ekintza gehien bilduko dituen eguna azkena izango da, irailak 11, 16 jarduerarekin. 262.000 euroko aurrekontua du aurtengo egitarauak.

Nabarmentzekoa da jaien aurreko asteburuan, eta hurrengoan ere, jarduerak egongo direla. Bentako kontzertu nagusiei dagokienez, Delorean ariko da irailaren 6an, Ken Zazpi 10ean eta Doctor Deseo 11n. Irailaren 8an, erromeria izango da, Kresala taldearen eskutik. “Talde onak lotu ditugu, udaran Donostian, Gasteizen edo Bilbon kontzertuak eskaini dituztenak”, adierazi du Juan Luis Silanesek.

Txomin Sagarzazu Alkateak herriko elkarteen ahalegina eskertu nahi izan du, egitaraurako 32 proposamen jaso baititu udalak: “Ez dugu deialdi berezirik egiten, ohitura da, jada, elkarlana”.

Irailaren lehenetik aurrera banatuko da programa etxez-etxe. Edonola ere, udalaren web gunean ikus daiteke jada (www.hondarribia.eus)

Indarkeria sexistaren aurkako neurriak

Hondarribiko Udalak agresio sexisten kontrako adierazpen instituzionala sinatuko du hurrengo egunetan. Gainera, jaiei begira, gaiaren inguruan informatzeko eta sentsibilizatzeko kartelak, esku-orriak eta pin-ak prestatu ditu Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak.

 

 

Dokumentuak deskargatu