Gaurkotasuna

Atzealdea

Plenoak Zubietako Parke Teknologikoaren eta pentsio sistema publikoaren alde egin du

Atzo hiru ordu pasatxoz luzatu zen otsaileko Ohiko Osoko Bilkurak, beste zenbaiten artean, bi mozio onartu zituen. Horietako bat, Zubietako Parke Teknologikoaren aldekoa, eta bestea, pentsioen sistema publikoen aldekoa.

2018·02·23


Atzo hiru ordu pasatxoz luzatu zen otsaileko Ohiko Osoko Bilkurak, beste zenbaiten artean, bi mozio onartu zituen. Horietako bat, Zubietako Parke Teknologikoaren aldekoa, eta bestea, pentsioen sistema publikoen aldekoa. Aurretik, bertaratutako guztiek minutu bateko isilunea gorde zuten duela gutxi zendu den Maria Ochotecoren omenez, Alderdi Popularreko zinegotzi den Jose Miguel Ochotecoren alaba.

Eguneko Aztergaiaren bigarren puntuan, 2017 ekitaldiko laugarren hiruhilabetekoaren ordainketa epearen informazioari buruzko Udal Kontuhartzailearen txostenaren berri eman zen zen. Jarraian, Muliaten udal titulartasuneko partzela baten jabetza araubideko etxebizitza libreak eraikitzeko lehiaketa publikoa besterentzeko plegua onartzeko proposamena onartu zen. EAJ-k alde bozkatu zuen eta gainontzeko alderdi guztiek aurka.

Laugarren puntuan, EAJ eta PSE-EE alderdiek aurkeztutako erdibideko zuzenketa jorratu zen, pentsio publikoen inguruan. Mozioak dituen hamar puntuen artean, “pentsioen erosteko ahalmena bermatzea eskatzen da, haiek KPIaren arabera eguneratzea berreskuratuz. Hortaz gain, Udalak adierazten du pentsioen sistema publikoa defendatzeko borondatea duela, ongizate-estatuaren lau zutebeetako bat delako”. EAJ, PSE-EE, ABOTSANITZ eta PP-k alde bozkatu zuen, eta EH BILDU-k abstentzioa eman zuen, “ez baita planteatzen inolako ekimen loteslerik Estatuko gobernuarekiko. Ez dago pentsio duina zenbatean dagoen zehazteko asmorik, eta guzti hau gabe gaur hemen aurrean jartzen zaiguna adabakia besterik ez dela uste dugu” argudiatuz.

Zubietako Parke Teknologikoaren alde

Alderdi guztiek ahobetez egin zuten EAJ-k aurkeztutako mozio-zuzenketa baten alde. Aurretik EH BILDUk aurkeztutako beste baten oso antzekoa zen. Bertan, “Udalbatzak berresten du Zubietako Parke Teknologikoa sustatzen jarraitzea, bailarako garapen teknologiko eta industriala bidera dadin; Konpatibilizazio Plana bideratze aldera beste erakundeekin lankidetzan jarraitzea erabaki du Udalbatzak”.

Horietaz gain, okupazio mota desberdinen inguruan ABOTSANITZ-ek mozioa aurkeztu zuen, bi kasu konkretutan zehaztuz. Alde batetik, Torralba Enea etxearekin bizi dena, eta bestetik, Goiko Errota eraikinekoa. EAJren aurkako botoak alde batera utzi zuen mozioa, eta denen aldeko bozkarekin beste bat onartu zen, non Torralba Etxearen egoera argitzeko txosten juridikoa eskatuko den, eta Goiko Errotan egin beharreko esku-hartzea berme eta segurtasun juridikoarekin egiteko prest dagoen. Hortaz gain udal ondasunen inbentarioa egiteko beharra adierazi zen.

Azkenik, alderdi guztiek ahobetez onartu zuten ABOTSANITZ-ek aurkeztutako beste mozio bat, non Udalak iraungituta dituen lau zerbitzuen kontratazio irregulartasunetik ateratzeko eginbideak lehen bait lehen egin daitezen eskatzen zaion Udalbatzari. Hain zuzen, Udal eraikinen garbiketa, aktibitate sozio-kulturaletarako espazioen egokitzea, Kasino Zaharreko kafetegiaren ustiaketa eta Etxez Etxeko Laguntza dira zerbitzu horiek.