Gaurkotasuna
Atzealdea

Paisaia da aurtengo eskoletako A21eko gaia

Hamaikagarren ikasturtea da Hondarribiko Udalak, herriko ikastetxeekin batera, Eskolako Agenda 21 programa martxan jarri zuenetik.

2019·01·31


Hamaikagarren ikasturtea da Hondarribiko Udalak, herriko ikastetxeekin batera, Eskolako Agenda 21 programa martxan jarri zuenetik. Urte hauetan gai ugari landu dira: hondakinak, ura, mugikortasun iraunkorra, kontsumo arduratsua, elikadura, klima aldaketa… Aurten, paisaiaren gaia hartuko dute oinarri bezala.

Hondarribiko ikastetxeetako 2.200 ikasle inguru dira lan hau burutzen hasiak direnak. Eta ikastetxeak, lau: Ama Guadalupekoa LHI, Egiluze ikastetxea, Talaia LHI eta Talaia BHI.

Programaren antolaketa

Juan Luis Silanes Hezkuntza eta Ingurumeneko zinegotziak dioenez, “ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan, ikasleak gaia ezagutu eta sentsibilizazio jarduerak burutu dituzte. Ondoren, bakoitza bere ikastetxeko diagnostikoa egiten ari da, hau da, eskola barruko “paisaia” nolakoa den aztertzen eta hobekuntza proposamenak egiten”.

Bigarren hiruhilekoan, herria aztertzeko txanda izango dute. Herriko txoko ezberdinetako behaketa lana eta etxean egindako galdetegien bidez, herriko paisai mota ezberdinetan sakondu eta azken urteetan eman diren aldaketak ezagutuko dituzte.

“Azken hiruhilekoan berriz, Aste Santuko oporren bueltan, ikasmaila desberdinetan egindako lana bateratuko dute eta ikastetxe ezberdinetako ikasle ordezkariak, Foro batean elkartuko dira gaia hobetzeko hartutako konpromisoak eta Udalari egin beharreko proposamenak adosteko. Orduan ezagutuko dira aurtengo lanaren emaitzak eta Udalak ikasleen proposamenei emango dien erantzuna” amaitu du Silanesek.