Gaurkotasuna

Atzealdea

Otsaileko plenoa Lore Erriondo zinegotziaren azkena izan da

EH BILDUko zinegotziak lan arrazoiengatik dimisioa aurkeztu zuen ia hiru ordu iraun zituen bilkuran

2017·02·24


Otsaileko ohiko Osoko Bilkura atzo egin zen Udaletxean. Ia hiru ordu iraun zuen bilkuran, EH Bilduko zinegotzi eta bozeramale zen Lore Erriondok dimisioa aurkeztu zen lan arrazoiak direla eta. Jon Mikel Garmendia zinegotzia izango da bere funtzioak hartuko dituena Udalean, baita Txingudiko Zerbitzuak edota Bidasoa Bizirik erakundeetan adibidez.

Erriondok eskerrak eman zizkien guztiei “erakutsitako jarrera eta lankidetzagatik. Gai askotan pentsakera desberdina dugun arren, akordio askotara heldu gara eta hori gauza ona da. Neretzat oso esperientzia aberasgarria izan da”. Alderdi guztietako bozeramaleek eskerrak eman zizkioten Erriondori egindako lanagatik, etorkizunerako zorterik onena opa ziotelarik.

Eguneko aztergaiaren hirugarren puntuan mugaketa aktak onartzeko proposamena ahobetez onartu zen eta jarraian, Iberdrolaren zortasuna handitzeari buruzko akatsak zuzentzeko proposamena onartu zen.

Mozioak

Seigarren puntuan Mirentxin Taldearen mozio bat jorratu zen. Espainia eta Frantziako kartzeletara presoak bisitatzeko familiak garraiatzeko gidari bolondres taldea izanik, azaroaren 19an bi hondarribiarrek Huelvatik bueltan izandako istripua hizpide izan zen. Taldeko kide batek hitza hartu eta azken 17 urteetan Mirentxin Taldearen lana, helburuak eta baliabideak azaldu zituen. Udalkideei eskerrak eman zizkien hitza emateagatik eta taldearen inguruko informazioa gizarteratzen uzteagatik. Mozioa aurrera atera zen EAJ, ABOTSANITZ, EH BILDU eta PSE-Eeren aldeko botuekin. PP-k aurka bozkatu zuen.

Jarraian PSE-Eek aurkeztutako bi mozio ahobetez atera ziren aurrera. Lehenean, Udalari eskatzen zaio Hondarribiko banketxeetako arduradunei haien bezeroei Guindos Dekretuaren berri eman diezaien, baliabiderik gabeko hipoteka-zordunen babesari buruzkoa. Bigarrenean, Gizarte Larrialdiko Laguntzen inguruan, Udalari esaten zaio elektrizitate enpresei eskatzea bezero bati hornidura moztu baino lehen horren berri emateko Udal gizarte zerbitzuei.

Azken mozioa, PP alderdiarena, ahobetez onartu zen. Lurgorriko eraikineko beheko solairuan dagoen transformadorea tokiz aldatzeko Udalak beharrezko kudeaketak egitea eskatzen zen.