Gaurkotasuna

Atzealdea

Opila Eguna dela eta prebentzio lanak egin ditu Udalak

Asteazkenean San Marko Eguna ospatzen da, Opila Eguna. Denentzat egun berezia izanik, gazte eta nerabeentzat ingurune natural bat bilatzeko eta lagunekin eguna pasatzeko aitzakia da.

2018·04·23


Asteazkenean San Marko Eguna ospatzen da, Opila Eguna. Denentzat egun berezia izanik, gazte eta nerabeentzat ingurune natural bat bilatzeko eta lagunekin eguna pasatzeko aitzakia da. Gazteen helburua ongi pasatzea da eta Udalaren ardura jarrera osasuntsuak bultzatzea eta balizko arriskuak aurreikustea, horien artean edari alkoholdunen kontsumo neurrigabea edo goiztiarrarena.

“Prebentzio Komunitarioko Udal Zerbitzuak osasun hezkuntza programak garatzen ditu herriko  ikastetxe guztietan urte osoan zehar, bizi modu osasuntsuak sustatzeko asmoarekin” dio Arantxa Berrotaranek, Gazteria zinegotziak. “Honetarako, beti ere, gazteen garapen osoari heltzen diogu eta gaiak lantzen dira momentua eta adinaren arabera. Droga gaiarekin gauza bera egiten da. Apirilean ordu beteko saioa egin dira gela guztietan arrisku murrizketa estrategiak erabiliz urtean egindako lana indartzeko”.

“Saioaren protagonista alkohola bada ere tabakoaren kontsumoaren arriskuak aztertzen ditugu gero eta  lehenago. Eta adinean gora egin ahala, kannabisari heltzen diogu. Hiru sustantzia hauek dira gehien arduratzen gaituztenak gazteei dagokienez, alde batetik gehien erabiltzen direnak direlako eta bestetik gazte askok eta zenbait helduek ere gehiegi normalizatzen dituztelako kontsumo hauek”.

Prebentzio lanak

“Ez dugu ahaztu behar nerabeak garatzen ari diren bitartean hauen kontsumoen eraginak kaltegarriak direla beraien osasunerako eta gainera alkoholaren eragipean sor daitezken jarrera arriskutsuak kudeatzeko askotan baliabide gutxi dutela oraindik. Horregatik garrantzitsua da beraiekin hitz egitea bai eskolan baita etxean ere. Informazioa eman behar zaie baina batez ere gogoeta eta ardura sustatu behar da. Lagundu behar zaie helduak izaten, hau da, gauzak egin baino lehen baloratzen ondorioak neurtzen eta arriskuak murrizten” gehitu du Berrotaranek.

Bukatzeko eta drogei dagokienez, Javier Elzok esaten duen esaldi hau: “zenbat eta beranduago eta zenbat eta gutxiago ordun eta hobeto”, ideia argia bezain sinplea.