Gaurkotasuna

Atzealdea

Musika eta euskara asteburuan

Txikimusikak eta Mintza eta Blagan Egunak girotuko dute larunbata.

2018·05·30


Asteburu emankorra dauka aurretik Hondarribiak. Txikimusikak eta Mintza eta Blagan Egunak larunbatari ukitu berezia emango diote, baina igandean ere izango da zer egina.

Larunbat goizean goizetik izango da mugimendua herrian. 11:00etan egingo diete ongi etorria Mintza eta Blagan Eguna dela eta Hondarribira heldutako mintzalagun guztiei. Egitarau oparoa du jaiak, izan ere, hamaiketakoa eginda, eta herria ezagutu edo azoka bisitatuta, kalejira animatua egingo dute 13:30ean Abiyuan txarangarekin. Bazkaria izango da jarraian (14:30ean), eta Errebal taldeak girotutako dantzaldia (17:00etan), Gorpunzkingzen kontzertua (19:30ean) eta Elektropatxaranga (21:30ean), arratsaldean.

Bestelako musiken aitzakian Kasino Zaharraren inguruan egun atsegina eman nahi dutenei egingo die gonbita, berriz, Txikimusikak. Eraul eta Frikun taldeak zuzenean ariko dira; bien bitartean, instrumentu ugari probatzeko aukera izango dute txikiek. 12:30ean hasita lau ordutarako denborapasa iragarri du antolakuntzak. Elürra DJ arduratuko da giroaz.

Ajeak pasata, brokante eta bilduma azoka izango da Kirol Kaian igande goizean, ohi bezala. Arratsaldean berriz ere familientzako aukera izango da zain, Itsas Etxea Auditoriumean “Oin handiren semea” euskarazko filma emango baitute 18:00etan. Sarreraren salneurria 3 eurokoa da.