Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]

Hondarribia

Habiaratutako portletak
Web edukia bistaratu

Gaurkotasuna

Gaurkotasunaren xehetasuna

Eduki publikatzailea
Atzealdea

Mundu osoko kortxo-kentzekoen erakusketa ARMA PLAZAN

ARMA PLAZA Fundazioak antolatuta, ARMA PLAZA Kultur eta Turismo Informazio Guneko bigarren solairuan bihartik abuztuak 30 arte erakusketa berezia izango dugu. Jose Mari Lopez Lecuona hondarribiarrak urteetan bildu dituen mundu zabaleko 3000 kortxo-kentzekoetatik 800 erakutsiko dira bertan. Aurkezpena gaur goizean egin da eraikinean bertan, eta han izan dira Txomin Sagarzazu Alkatea eta ARMA PLAZA Fundazioko patronatoko presidentea, Jose Mari Lopez bera, eta Ana Lluch, Hiruzta Upategiko marketing zuzendaria.

2018·07·17


ARMA PLAZA Fundazioak antolatuta, ARMA PLAZA Kultur eta Turismo Informazio Guneko bigarren solairuan bihartik abuztuak 30 arte erakusketa berezia izango dugu. Jose Mari Lopez Lecuona hondarribiarrak urteetan bildu dituen mundu zabaleko 3000 kortxo-kentzekoetatik 800 erakutsiko dira bertan. Aurkezpena gaur goizean egin da eraikinean bertan, eta han izan dira Txomin Sagarzazu Alkatea eta ARMA PLAZA Fundazioko patronatoko presidentea, Jose Mari Lopez bera, eta Ana Lluch, Hiruzta Upategiko marketing zuzendaria.

Txomin Sagarzazuk esan duenez, “ARMA PLAZA Fundazioak dituen ezaugarrien artean, bat bada bereziki gustatzen zaidana. Herrian gure ondarearekin zerikusia duten hainbat pertsonek, Fundazioaren bidez bizitza osoan landu dituzten zaletasun eta altxorrak gizarteratzeko aukera dutela. Agian bada jendea horretaz ohartzen ez dena. Fundazioko patronoen artean batzutan ez da agian proposatu diren aktibitateen kalitatea behar moduan ezagutu”.

“Jose Mari Lopezi eskerrak eman nahi dizkiot urteetan bildu duen altxor ikaragarri hauek herriak eta bisitariek gozatu ahal izateko egindako lanagatik. Erakusketa bikaina antolatu da eta gozatzeko modukoa da. Eskerrak eman ere Hiruzta Upategiari, publiko eta pribatuen arteko lankidetzarekin antolatu ahal izan delako erakusketa”.

Ana Lluch-ek “eskerrak eta zorionak eman dizkio ARMA PLAZA Fundazioari eta nola ez, Jose Mari Lopezi, gure eguneroko lanarekin lotuta dagoen ekimen honetan parte hartzeko aukera eman zaigulako. Aurrerago, bisita gidatu bat egiteko asmoa daukagu, lehenik erakusketan bertan eta jarraian upategira joango garelarik”.

Jose Mari Lopezek erakusketaren inguruko xehetasunak eman ditu. “Duela hamabost urte inguru hasi nintzen, nere emazte Isabelekin batera etxean bodega txiki bat montatu nahi genuelako, eta egoki iruditu zitzaigun kortxo-kentzeko batzuk edukitzea. Ordutik hasi zen dena, eta inguruko brokante azoka guztietara bisitak egin ditugu, batez ere Frantzian. Hortaz gain, internetetik eta enkanteetan erosi izan ditut”.

Mundu osoko altxorrak

“Etxean 3.000 inguru baditut eta erakusketarako 800 jarri ditugu. Denetarik ikusi ahal izango da, oso bereziak eta gehienak ingeniaria lan bikainak direlarik. Bat edo beste, 1805 urtekoak dira, eta jatorriari dagokionez, mundu osokoak daude, Filipinas, Indonesia, Errusia, Egipto, Hego Afrika, Estatu Batuak, Mexiko, Venezuela, Australia, eta Europako herrialde ia guztietakoak ikus daitezke”.

“Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiot ARMA PLAZA Fundazioari, eta bereziki Miren Ayerberi, lan ikaragarria egin baitute erakusketa hau martxan jartzeko. Oso pozik nago eta ikusi besterik ez dago nola geratu den” esan du Jose Mari Lopezek.

Irekiera gaur arratsaldean egingo da 19:00etan, eta erakusketa abuztuak 30 arte zabalik egongo da. ARMA PLAZAko kultur eta informazio gunea astelehenetik larunbatera 10:00etatik 19:00etara irekitzen da, eta igandeetan 10:00etatik 14:00tara.