Gaurkotasuna

Atzealdea

Mugikortasun mahaia sortzea erabaki du ahobetez Osoko Bilkurak

Ia lau ordu iraun zituen ekaineko plenoak, gaueko 23:15ak arte

2017·06·28


Atzo Udal Areto Nagusian egindako lau orduko ekaineko Ohiko Udal Bilkuran aho batez onartu zen ABOTSANITZ taldeak aurkeztutako mozioa, Udalaren barruan mugikortasunari buruzko mahai bat sortzeko.

Gai Zerrendako beste zenbait puntutan, onartu zen hiritar batek bere landa lurzatia mugarritzeari buruz aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoari buruzko proposamen bat, horrez gain Iberdrolak Irun-Jaizkibel linea elektrikoaren zortasun eremua 13,2 KVra handitzeko eskabide bat, eta 2015eko auditoriaren berri eman zen.

Mugikortasun Mahaiaren mozioa eguneko gai nagusietako bat izan zen. Ortzi Alonsok (ABOTSANITZ) mozioa irakurri ondoren, Juan Luis Silanes Ingurumen eta Agenda 21eko Zinegotziak xehetasunak eman zituen “Balazta taldeak gainerako talde politikoekin aldez aurretik egindako lanen  kronograma baten bidez. Guk ere beharrezkoa ikusten dugu Mugikortasunaren Mahai bat egitea, eta Ingurumen eta Agenda 21eko teknikaria izanik, prozesu guztiari ekingo diogu ahalik eta arin eta eraginkorrenak izateko”.  Alderdi guztiek esan zuten ados zeudela, “eta adierazi zuten mahai hori oso garrantzitsua zela, eta izaera orokorra izan behar lukeela, eta ez bakarrik bidegorria lantzekoa”.

Mozio gehiago

ABOTSANITZ taldearen beste mozio batek erreklamatu zuen Udal Legea betetzea, batez ere bere 33. artikuluari dagokionez; haren arabera 10.000 biztanletik gorako udaletan bermatu behar da gutxienez oposizioko zinegotzi batek arduraldi esklusiboa izan dezala. Alde bozkatu zuten ABOTSANITZ eta EH BILDU taldeek eta EAJ eta PSE-EE taldeak abstenitu egin ziren.

Bai ABOTSANITZ taldeak eta bai PSE-EE taldeak bi mozio aurkeztu zituzten Liburutegi zerbitzuaren gaur egungo egoerari buruz. Talde guztiak ados zeuden hobetu egin behar zela zerbitzua, irekiera ordutegian, erabiltzaileentzako ordenagailu kopuruan, eta zerbitzuko pertsonala handitzeari dagokionez.  Puntu horretan oposizioko alderdiek eskatu zuten gutxienez lau lanpostu sortzea oposizioz, eta Gobernu Taldea zerbitzu prestaziorako kontratu bat egitearen alde agertu zen, eraikin berria inauguratzen denean Liburutegi zerbitzurako lau langile kontratatzeko.  

Txomin Sagarzazu Alkateak zera adierazi zuen: “datorren astean bilera egingo dugu, zerbitzua ixteagatik kexa egin duen hiritar talde batekin”. Oposizioko alderdiek zera erreklamatu zuten: “hausnarketa egitea, izan ere ezinezkoa da urri hasiera arte liburutegirik, irakurketa gelarik eta prentsa irakurtzeko aukerarik ez izatea”.